[bideotutoriala] Non eta nola topatu Creative Commons edukiak
Blog honetan behin baino gehiagotan hitz egin dugu Creative Commons lizentzien inguruan (Creative Commons umeentzat euskaraz azaldua, Creative commons edukiak bilatzeko guneen bilduma, Creative commons hezkuntzan (ikasle eta irakasleekin erabiltzeko aurkezpena). Bada, oraingoan Mondragon Unibertsitateko irakasleentzat sortutako bideotutoriala uzten dut, zuei ere lagungarri gertatuko zaizuelakoan.
Unibertsitatean, besteak beste, online taldean nabil eta fakultate ezberdinetako irakasleen formazioan dihardut. Zeregin horretan, euren online modalitateko ikastaroak sortzen edota hobetzen laguntzen diet, bai ikuspegi pedagogiko zein teknologikotik. Ez dago esan beharrik, online ikastaroak aberaste aldera, gure irakasleek gero eta gehiago erabiltzen dituztela Interneten topatutako irudiak, aurkezpenak edota bestelako baliabideak.
Hari beretik, formazio premiak aztertzerakoan, konturatuta geunden gehiengo batek ezer gutxi zekiela Creative Commons lizentzien inguruan. Hezkuntza alorrean, zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da ikasleei jakinaraztea -eta guk geuk ere jakitea- Interneten dauden argazki eta bestelako eduki guztiak ezin direla modu librean erabili. Halaber, jakin beharko genuke, besterik aipatu ezean, edukiek copyrighta dutela.
Komeni da, beraz, Creative Commons lizentziak zer diren ezagutzea eta lizentzia horiek dituzten edukiak non eta nola topa ditzakegun jakitea. Ondorengo bideotutorial honetan horixe azaltzen da labur-labur:
Gehigarriak:
- El respeto por los derechos de autor, tarea pendiente de la educación escolar, Eduteka
- Aspectos legales de las TIC en educación, Antonio Omatos
- Open Attribute, Firefox eta Chromerako gehigarria (bisitatzen ari garen guneak CC lizentzia duen jakiteko)