09
ots

‘Web 2.0 hezkuntzarako prest’ gunea abian da

Aurten, besteak beste, ‘Teknologia berriak hezkuntzan’ irakasgaia ematen dut Mondragon Unibertsitatean, Lehen Hezkuntzan Graduan (2. mailan), Iñigo Arriaran, Luis Brazo eta Beñat Doxandabaratzekin batera. Hasieratik laurok garbi genuen gure gaian ikasleek lortu beharrekoa:

  • Informazio eta komunikazio teknologiek, IKTek, gizartean eta hezkuntzan duten eragina ezagutu eta hartaz gogoeta egitea.
  • Zientziak, gizarteak eta garapen teknologikoak elkarren artean duten eragina ezagutzea.
  • IKTek eta haiek hezkuntza-praktikarako, garapen pertsonalerako eta gizartearen integrazioa eta kohesioa lortzeko duten ahalmena ezagutzea.
  • Ikasgelako interakziorako eta komunikaziorako prozesuak eta bitarteko teknologikoak ezagtuzea.
  • Irakaskuntza-ikaskuntzako prozesua ahalbidetu eta aberastu ez ezik, lehen hezkuntzan IKTak barne ere hartzen dituzten esperientzia berritzaileak ezagutu, diseinatu, aplikatu eta ebaluatzea.



Aurreko guztia oso garrantzitsua iruditu arren, beste helburu batzuk ere erdietsi nahi genituen, zeharka bazen ere:

  • Sortutako edukiak gizarteratzea.
  • Sarean euskarak duen presentziari bultzadatxo bat ematea.



Horiek buruan hasi ginen irakasgaia lantzen eta,  jarraian, burutu ditugun proiektuetako bat azalduko dut: Web 2.0 tresnak hezkuntzarako prest.  Labur esateko, ikasleek taldeka egin dute lan. Talde bakoitzak Web 2.0 tresna bat hautatu eta hari buruzko ondorengo puntuak landu ditu:

  • Sarrera: hautatutako tresna zein den, zer egiten duen, zergatik hautatu duten…
  • Erabilera pedagogikoa: pedagogikoki zein erabilera ikusten dioten, adibide konkretuak emanez.
  • Idatzizko tutorialak eta bideotutorialak (euskaraz): formatu ezberdinetan eman dituzte tutorialak, denak euskaraz (aldez aurretik zeudenak itzuliz edo berriak sortuz). Hainbat talde bideotutorialak sortzera ere animatu da.
  • Ondorioak



Irakasleok Google Sites bat partekatu dugu ikasleekin, eta talde bakoitzak orri bat eta hainbat azpiorri sortu ditu bertan. Hasieratik denok denon lana ikusteko aukera izan dugu eta baita denok denongandik ikasteko ere. Ez hori bakarrik, gelaka (4 gela ditugu) talde bakoitza irakaslearen rola hartu eta bere ikaskideen irakasle izan da, hautatutako tresna azalduz eta haren erabilera erakutsiz. Oso interesgarria izan da ikustea nola moldatu diren irakasle lanetan. Amaitzeko, denek denen lanak baloratu dituzte/ditugu. Irakasleok ikasleak zoriondu nahi ditugu bai izan duten jarreragatik eta baita egindako lana eta lortutako emaitzengatik ere.

Esan beharra dago esperientzia oso aberasgarria iruditu zaigula. Horregatik, bai esperientzia eta baita gure lanaren emaitza ere guztiokin partekatu nahi dugu. Ez hori bakarrik, zuen ekarpenak jasotzeko gonbidapena ere luzatu nahi dizuegu. Beraz, norbaitek tresna hauen inguruan ekarpenen bat egin nahi badu edo gure bildumari beste erremintaren bat gehitu, ipini gurekin harremanetan, iruzkin bat utziz dagokion tresnaren orrian edo orri nagusian bertan. Ederra izango litzateke beste unibertsitateren batean antzeko zerbait egiten ari bazarete, gure lanak batuz, bilduma osatzen joatea, ezta?

Egin klik irudiaren gainean, web 2.0 tresnen gunera joateko.

26
mar

Esker mila ‘Zenbait gazte ausart’ dokumentalean parte hartzeko aukera emateagatik!

Dakizuen bezala, Korrikaren aurtengo edizioan, Korrika 17n, AEK-k Euskaltzaindia omenduko du eta, besteak beste, dokumental bat oparitu dio Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak euskararen akademiari. “Zenbait gazte ausart” da dokumentalaren izena eta Karrera Amaierako Proiektu (KAP) gisa ekoiztu dute Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko ikus-entzunezko ikasle diren Ekaitz Herrera, Iker Ugalde eta Alexander Silvak lankide eta bulegokide ditudan Aitor Zuberogoitia eta Iban del Camporen gidaritzapean.

Bada, aurreko batean, hirukotea etorri zitzaidan esanez ea irakaslearen papera egingo nuen prestatzen ari ziren dokumentalean. Imajinatzen duzue nire aurpegia! Ikusita, baina, helburua zein zen eta nondik zetorren eskaera, ezin ezetz esan, eta hantxe aritu ginen ostiral batez, HUHEZIn, grabazio lanetan.

Ordubete pasatxo irauten duen dokumentalaren ekoizpenerako 30 lagun baino gehiago elkarrizketatu dituzte ikasleak (euskaltzain ugari eta euskal kulturako beste hainbeste ordezkari) Euskal herriko bazter guztietan, eta 25 ordu baino gehiagoko grabazioa egin dute, iazko urrian hasita. Lan gogorra izan da zalantzarik gabe, baina, aldi berean, emaitza ikusita, harro egoteko modukoa.

Atzo arratsaldean estreinatu zen Donostiako Kursaalean luzemetraia eta ekitaldian, dokumentala aurkezteaz gain, Euskaltzaindia eta bere kideak omendu zituen AEK-k (hementxe ekitaldiaren kronikak gara.net eta diariovasco.com -en eskutik).

Ez nuke amaitu nahi esan gabe ohore handia eta plazer ez txikiagoa izan dela egitasmo eder honetan neure harri koskor txiki-txikia ipintzea. Mila esker, Alex, Ekaitz eta Iker aukera hori emateagatik! Zorterik onena opa dizuet dokumentalarekin eta hemendik aurrera abiatuko dituzuen egitasmo berriekin. Esan, gainera, guztiz aproposa eta oso hunkigarria iruditu zitzaidala hautatu duzuen amaiera; izan ere, ezin hobeto islatzen baitu egitasmoaren bihotza: urte asko eta tirabira ugariren ostean, Euskaltzaindia eta AEK berriz ere batera. Ea atzo ekitaldian ikusi zen borondate on hori gure herri honetako beste esparru batzuetara hel dadin lortzeko gai garen…

Nire albuma:

Informazio gehigarria:

"azkue fundazioa" "creative commons" "euskal literatura" "gaurko hitza" "infografiak euskaraz" "software askea" aipuak amarauna aplikazioak artikuluak aurkezpenak azkue begikoak bideoak blogariak ebentoak EGA ekt elkarrizketak euskaljakintza euskara euskovision hezkuntza hitzapasa ideiak ikastaroak ikastola ikerketak IKTeroak infografiak inspiration ipad irakaskuntza itzulpenak jardunaldiak maitego mu nonick prezi sarrera sopa sustatu twitter txostenak wikipedia

WP Cumulus Flash tag cloud by Roy Tanck and Luke Morton requires Flash Player 9 or better.