’16 ideia Pinterest hezkuntzan erabiltzeko’ infografia euskaraz
Dagoeneko gutxi izango zarete Pinterest ezagutzen ez duzuenak. Azkenaldian izugarrizko arrakasta izaten ari den zerbitzu hau nolabait azaltzearren, esango dugu Pinterest edukiak artatzeko aukera ematen duen sare soziala dela. Ez naiz honetan luzatuko; izan ere, Luistxok hari buruzko azalpen argigarria eman baitzuen duela hilabete batzuk Sustatun.
Nik hainbat helburutarako erabiltzen dut: sarean topatzen ditudan hezkuntzari buruzko infografiak biltzeko, hezkuntzari buruzko bideo interesgarriak batzeko, euskaratu ditudan infografiak plazaratzeko…); dena den, erabilera horietaz haratago, izugarrizko aukerak ikusten dizkiot hezkuntzan baliatzeko: tresna erabilterraza da eta elkarlanean aritzea ahalbidetzen du. Nik duela gutxi ibili dut, adibidez, aurten ikasleak irakurtzen ari diren irakurgaien bilduma egiteko. Ikasleek irakurgai horiei buruzko artikuluak euskaljakintzan idazten dituztenez, han bertan uzten ditugu iruzkinak; beraz, ez dut harantzagoko erabilerarik egin. Halere, posible litzate Pinteresten bertan uztea komentarioak, etab.
Gauzak horrela, eta askotan tresna berri baterako bidea beste irakasle batzuek nola erabiltzen duten ikustea izaten denez, gaur goizean topatu dudan infografia hau (16 ways educators use Pinterest, @alfredovela bitartez) euskaratzea otu zait. Bertan, Pinterest irakaskuntzan erabiltzeko hainbat ideia aurkituko duzue. Zein helburu lortzeko lagungarria izan daitekeela uste duzue zuek? Eta jada erabiltzen ari bazarete, zertarako?
Egin klik irudiaren gainean, jatorrizko neurrian ikusteko:





