22
ira

Google aplikazioei buruzko nire txokoa denon esku

Azkenaldian, behin baino gehiagotan suertatu zait Google aplikazioei buruzko ikastaroak ematea (Hik Hasi Udako Topaketak, Garatu…). Jakina den bezala, posta kontu bat baino ez da behar Googlen, Gmailen hain zuzen, postaz gain, beste hamaika aplikaziora sarbidea izateko une horretantxetik aurrera. Aplikazio horietako asko eta asko guztiz interesgarriak, praktikoak eta erabilerrazak dira, eta ezaugarri horiek egiten dituzte aproposak hezkuntza munduan IKTak txertatzen hasteko, batik bat, urrats hori emateko errezeloa erakusten duten irakasleen artean. Aurreko guztiari erantsi behar zaio Googlek Google Apps for education deituriko aplikazio pakete osoa eskaintzen duela, doan, irakaskuntzan erabili ahal izateko. Hari horretatik tira eginez, gero eta ikastetxe gehiago ari da sartzen Google Apps aplikazio bilduma euren ikastetxeetan.

Erabili, beraz, erabiltzen da/dugu. Ezin dugu ahaztu, baina, Google aipatzean, badaudela alderdi batzuk albo batera utzi ezin ditugunak. Alde batetik, gutako batzuk hainbatetan aldarrikatu dugun euskararen presentzia. Hainbat aplikazio euskaratuta badago ere, osotasunean ez.  Aplikazio zehatzak euskaraz erabili nahi baditugu, aplikazioen arteko nabigazio menua desagertu egiten da eta horrek batetik bestera ibiltzeko aukera zaildu egiten du. Hori horrela izanik, askok gaztelaniaz edo ingelesez erabiltzeko hautua egite dute. Bestalde, ezin dugu ahantzi hain kritikatua izan den Google ahalduna hartzen ari den monopolio itxura. Noraino lagundu behar dugu irakasleok bide horretan?

Guztiarekin ere,  Google Unibertsoa deituriko txoko bat sortu nuen Google Sites aplikazioa erabilita (guneak modu errazean egiteko aukera ematen duena), handik eta hemendik topatzen nituen erreferentzia eta baliabide interesgarriak biltzeko asmoz. Nire baratzeko baratxuri batzuk, hau da, nik sortutako hainbat baliabide (bideotutorial eta aurkezpen) ere bertan txertatu ditut. Txoko hau ikastaroetan erabili izan dut, eta beste norbaiti ere erabilgarria gerta dakiokeela irudituta, hementxe uzten dut denon eskura.

Bideotutorial bat, adibide gisa:

  • Google Unibertsoa
  • 08
    eka

    Mapa mentalen oinarrizko ikastaroa euskaraz eta gaztelaniaz

    Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentuak beste ikastaro bat ipini du sarean, denon eskura, Internet eta bere tresnen erabilera gipuzkoarron artean sustatzeko. Duela hilabete batzuk Twitter ikastaroa plazaratu zuten, eta hementxe ipini genuen: Oinarrizko Twitter ikastaroak, euskaraz eta gaztelaniaz. Orain mapa mentalena garatu dute.

    Mapa mentalen oinarrizko ikastaroa

    Ondorengo atalak ditu ikastaroak:



    Atal guztiek bideoa dute, azpitituluekin, eta azalpenen eskuliburu osoa pdf formatuan jaisteko aukera ere badago. Ikastaroa euskaraz eta gaztelaniaz egin daiteke:



    Ikastaroa TAK enpresak garatu du. Esan beharra dago, Twitter ikastaroarekin gertatu zen bezala, ikastaro honetako bideoak ere ezin direla edozein gunetan txertatu; hau da, ez dago embed egiteko aukerarik. Aurrekoan adierazi genien eta kodea pasatu ziguten arazorik gabe. Halaber, esan ziguten hurrengoan kontuan izango zutela aukera hori. Antza denez, ez dira gogoratu. Ez dago zalantzarik askoz ere interesgarriagoa litzatekeela bideoak nonahi txertatzeko aukera emango balute.

    Bide batez, harrituta jarraitzen dut ikastaro honetan ere Copyright-a ikustearekin; izan ere, jakina baita Gipuzkoako Foru Aldundia ahalegin berezia egiten ari dela euren materialak eta fondoak denon eskura uzteko, Creative Commons lizentziapean (GureGipuzkoa.net…). Ea hurrengoetarako.

    Amaitzeko, eskerrak eman baino ez honelako ikastaroak garatzeagatik, oso ondo etortzen baitzaizkigu batzuoi gure ikasleekin erabiltzeko eta beste batzuei alor honetan abian ipintzeko.

    Ikastaro honen berri, nola ez, Twitterren izan zuen, zehazki @maixu21 erabiltzailearengandik. Mila esker, Xabier, honen berri emateagatik!

    26
    abu

    Oinarrizko Twitter ikastaroak, euskaraz eta gaztelaniaz

    Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentuak oinarrizko Twitter ikastaro bat garatu du Interneten eta bere tresnen erabilera gipuzkoarron artean sustatzeko. Doakoa den hiru ordu inguruko ikastaroaren bidez, Twitter erabiltzen hasi eta eguneroko bizitzan txertatzeko behar dugun guztia ikasiko dugu, haiek diotenez.

    Ikastaroa euskaraz eta gaztelaniaz egin daiteke:


    Dinamika

    Ikastaroak 8 atal ditu eta ez da beharrezkoa berezko hurrenkerari jarraitzea; izan ere, sail bakoitza independentea baita. Dinamika ondorengoa da: atal bakoitzaren ezkerreko aldean bideo bat izango dugu ikusgai, dagokion azalpenarekin, eta, jarraian, eskuinean dagoen ariketa egin ahal izango dugu. Behin ariketa amaituta, ondo egin dugun egiaztatu ahal izango dugu. Horretarako, zure Twitterrera sartzeko baimena eman behar duzu (Twitterrekin erlazionatutako beste aplikazioekin egiten den bezala). Bertan azaltzen denez, Twitterren sartzeko zure datuak ez zaizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari emango, eta ikastaroaren eta zure Twitterreko kontuaren arteko lotura eten egingo da zuk Twitterreko saioa ixten duzunean.

    Atalak

    Esan bezala, 8 atal ditu ikastaroak (parentesi artean bideoaren iraupena azaltzen da, minututan).

    1. Zer da Twitter eta nola erregistra zaitezke (6:08)
    2. Nire Twitterra konfiguratzea (3.57)
    3. Twiteatzen hasi eta jarraitzaileak izateko (1:45)
    4. Pertsona interesgarriak aurkitzea haien jarraitzaile izateko (2:58)
    5. Kontaktuak zerrendetan antoaltzea (2:12)
    6. Modu pribatuan komunikatzea (1:53)
    7. Twitter enpresari begira (2:55)
    8. Twitter erabiltzeko beste modu batzuk (3:19)



    Saltseatzen egon naiz eta ikastaroa primeran dago, edozeinek egiteko modukoa da. Oso ondo etorriko zait gure ikasleekin erabiltzeko. Euskaljakintzako ikasle berriei, adibidez, ikasturte hasieran, Twitter azalduko diet (ikasturtean zehar erabiliko dugu komunikatzeko nahiz informazioa partekatzeko), baina denbora gehiegi horri eskaini gabe. Ikusten badut norbaitek zailtasuna duela abian ipintzeko edo, besterik gabe, etekin gehiago atera nahi badiote Twitterri (ni ez naiz hasiko gorabehera guztiak azaltzen; izan ere, ez baita hori nire helburua Euskal Hizkuntza eta Literaturako euskaljakintzako eskoletan), bada, ikastaroaren erreferentzia emango diet, euren kasa sakon dezaten.

    Oraingoz ez du ematen bideoak edozein webgunetan txertatzeko aukerarik. Oso ondo legoke hori egin ahal izatea, egia esan. Hori adierazteko, ikastaroa garatu duen TAK enpresarekin harremanetan ipini nintzen. Berehala erantzun zidaten esanez hurrengorako kontuan izango dutela aukera hori, eta kode bat bidali zidaten bideoak eskuz txertatzeko nire gunean. Edonork txertatu ahal izateko aukera garatzen duten bitartean, asko eskertzen da ahalegina. Bide batez, esan beharrean nago harritu nauela Copyright-a ikusteak; izan ere, azkenaldian, Gipuzkoako Foru Aldundia ahalegin berezia egiten ari baita euren materialak eta fondoak denon eskura uzteko, Creative Commons lizentziapean (GureGipuzkoa.net…). Honi buruz ere galdetu dut eta erantzunaren zain nago.

    Ikastaroari ekiteko klikatu goiko esteketan. Azalpenen gutxi gorabeherako ideia bat izateko, hementxe uzten dizuet hasierako bideoa:

    No se ha podido cargar el vídeo

    Twitter ikastaro honen berri, nola ez, Twitterren izan zuen, zehazki @imurua erabiltzailearengandik. Mila esker, Iñaki, honen berri emateagatik.

    17
    uzt

    EHUko Uda Ikastaroak: Euskara 2.0

    Uztailaren 12an eta 13an Miramar Jauregian izan ginen Euskal Herriko Unibertsitateak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lankidetzaz antolatutako Uda Ikastaroen barruan “Euskara 2.0”  ikastaroan.

    Bi egun horietan zehar aukera izan genuen euskarak sarean duen presentziaz hausnartzeko, oztopo zein abantailei buruz hitz egiteko eta baita eremu urriko beste hizkuntzen esperientziak ezagutzeko ere. Galestik etorritako Jeremy Evasek, bere lehen parte-hartzean, Web 2.0 services and multilingualism [pdf], euren hizkuntzaren egoera erakusteaz gain (hiztun kopurua, bilakaera, legea…),  web 2.0 zerbitzu ezberdinetan (Twitter, Facebook, blogak…) eleaniztasuna nola kudeatzen duten azaldu zigun. Ez hori bakarrik, 38 iradokizun edo aholku bota eta banan-banan haiei buruz aritu zen. Evasen bigarren hitzaldia itzulpen memoriei buruzkoa izan zen (ez dut topatu aurkezpena).

    Luis Ángel Fernández Hermana katalana azken urteetan sareak izan duen eboluzioaz aritu zen (Lenguas 2.0 ¿existen? Perspectivas en torno a las lenguas y a la elaboración del ciberespacio), eta bilakaera horretan zeintzuk izan diren nagusitzen joan diren hizkuntzak (80. hamarkadako komunitate birtualak, 90eko plataforma erraldoiak, Puntocom enpresak… ). Errepasoa hizkuntzak egun dituen erronkekin amaitu zuen, besteak beste, eduki propioak sortzea.

    Bertako presentziari dagokionez, Gorka Julio, Unai Fernández de Betoño eta hirurok bildu ginen Euskara 2.0ren inguruan. Gorkak euskara Interneteko sare sozialen testuinguruan kokatu zuen, Unaik euskarak sarean izan duen ibilbidea erakutsi zigun (Euskara sarean) eta nik euskaljakintzan euskara zabaltzeko egiten duguna eta gure lanerako filosofia eta metodologia azaldu nituen: edukiak sortu eta partekatu.

    Hemen uzten dut erabilitako aurkezpena. Batez ere irudien laguntza erabili nuen; beraz, ez dut uste oso baliagarria izango denik. Halere, hementxe geratzen da:

    Ikastaro osoa streaming eta Twitter bidez (#eu20) jarraitu ahal izan zen. Eli Pombo zuzendariak amaieran egindako sintesi ariketa eskuratzen dugun bitartean, hementxe dituzue partaideetako batek, Unai Cuevasek, ateratako ondorioak:

    Eguneraketa (20010-07-20):

    "azkue fundazioa" "creative commons" "euskal literatura" "gaurko hitza" "infografiak euskaraz" "software askea" aipuak amarauna aplikazioak artikuluak aurkezpenak azkue begikoak bideoak blogariak ebentoak EGA ekt elkarrizketak euskaljakintza euskara euskovision hezkuntza hitzapasa ideiak ikastaroak ikastola ikerketak IKTeroak infografiak inspiration ipad irakaskuntza itzulpenak jardunaldiak maitego mu nonick prezi sarrera sopa sustatu twitter txostenak wikipedia

    WP Cumulus Flash tag cloud by Roy Tanck and Luke Morton requires Flash Player 9 or better.