13
api

Euskaljakintzak badu bere literatura txokoa

Aspaldian nenbilen euskal literaturaren inguruan azken urteetan euskaljakintzan egin ditugun lanak, handik zein hemendik sakabanatuta genituenak, bildu nahian. Opor hauetan, azken ekoizpenak zuzendu, txukundu, argitaratu eta aitzakia horrekin txokoa abian jartzeari ekin diot: euskaljakintza literatura.

Ondoren dator azalduta bertan topatuko duzuena. Atalez atal:

  • Mendez mende: aurkezpen labur batzuen bidez euskal literaturari gainbegiratze kronologikoa eman diogu, XVI. mendetik XX. mendera arte.
  • Egungo euskal literatura: egungo euskal hainbat autore hautatu eta haiei buruzko aurkezpenak eta galderak prestatu ditugu (ad.: Anjel Lertxundi eta Joseba Sarrionandia) . Zenbait kasutan egile horiei buruzko apunteak ere topatu ahal izango dituzu.
  • Irakurlearen txokoa: azken urteetan, XX. mendeko euskal idazleen liburuak irakurri eta gure blogean, euskaljakintzan, haiei buruzko artikuluak argitaratu ditugu. Atal honetan artikulu horiek idazteko jarraitzen ditugun urratsak ipini ditugu: artikuluak idazteko jarraibideak, gidak (oinarrizkoa eta aurreratua), ebaluazio eta autoebaluazio txantilioiak, gure hautaketak…
  • Entzun: euskal autoreen lanak irakurri eta grabatu ditugu, eta audioak nahiz irakurritako autore eta lanei buruzko informazioa denon eskura ipini.
  • Aipuak: gune honetan irakurtzen ari garen/irakurri ditugun liburuetatik erauzitako aipuak ipintzen goaz. Gune irekia da, edonork egin ditzake ekarpenak. Parte hartu nahi? Zure aipua bidali besterik ez duzu.
  • Gure kritikak: euskaljakintzan ‘Irakurlearen txokoa’ deituriko atalean argitaratutako azken artikuluak ekarri ditugu hona.
  • Lexikoa landu: irakurritako liburuetatik pasarte ezberdinak hautatu ditugu bertako lexikoa lantzeko; beraz, atal honetan lexikoa lantzeko/hobetzeko ariketak topatuko dituzu (ad. Twist, Harkaitz Cano).
  • Hitzapasak: landutako autoreei buruzko ‘Hitzapasak’ prestatu ditugu. Atal honen hasiera baino ez dago, pixkanaka joango gara osatzen (ad. Atxaga).
  • Denbora-lerroak: irakurritako autoreei buruzko denbora lerroak ere prestatu ditugu. Atal hau ere osatzeke dago. (ad. Xabier mendiguren Elizegi)
  • Elkarrizketak: hainbat euskal autoreri egin dizkiegun elkarrizketak (ad. Fernando Morillo).
  • Esteka interesgarriak: euskal literaturaren baliabide bilduma. Atal honek ere edonoren ekarpenak onartzen ditu. Editatu orria eta gehitu  ezagutzen duzun esteka interesgarri hori.

Horixe da, pixka bat azaletik azalduta, orain arte egin duguna. Lanean jarraitzen dugu; beraz, etengabe eguneratzen segituko dugu. Dena den, gaia interesatuz gero, onena bertara jotzea izango duzue. Horretarako, egin klik irudiaren gainean.

 

 

 

27
ots

Euskal literaturaren aipuak biltzen ari gara. Parte hartu nahi?

Duela denbora bat, Harkaitz Canoren Twist liburua irakurtzen hastearekin batera, Twitter bidez Iñaki Agirre, Patxi Larrion, Santi Leoné eta laurok liburuan topatzen genituen aipu interesgarriak edo gustuko genituen esaldiak plazaratzen hasi ginen, #twist etiketa erabiliz. Modu naturalean sortutako ekimena izan zen, eta, gaiari buelta batzuk emanda, ikasleekin gauza bera egin nezakeela otu zitzaidan.

Euskaljakintza egitasmoaren barruan, besteak beste, euskal literatura eta autoreak hobeto ezagutzeko lanketa ezberdinak  egiten ari gara Irakurlearen txokoan: Glogster eta Storify erabiliz, euskal autoreei buruzko aurkezpenak prestatu ditugu; liburuak irakurri eta haiekin ekimen ezberdinak egiten ari gara (irakurketa ozena, grabazioak, lexikoa lantzeko ariketak…); Pinteresten, hautatutako obren murala egin nahi dugu, eta horrela beste hainbat kontu. Horiek guztiak gune batean plazaratuko ditugu amaitu bezain laster.

Horietako ekimen bat arestian aipatutako ildotik dator: aipuen txokoa.  Twitter motz samar geratzen dela aipuak jasotzeko eta Tumblr bat sortu dugu. Bertan, irakurtzen ari garen liburu guztietatik hautatutako aipuak ipiniko ditugu; beraz, denon artean osatuko dugu. Parte hartu nahi? Oso erraza da egin beharrekoa:

Hementxe jarraibideak:

 

05
ira

Euskal aditza lantzeko gunea berrituta eta ariketa gehiagorekin

Duela urte batzuk euskal aditza berrikusi eta praktikatzeko gune bat sortu genuen. Bertan, handik eta hemendik topatutako aditz taulak, teoria eta, batez ere, guk sortutako ariketak plazaratzen joan gara. Aspaldi genuen Weeblyn egindako hasierako txoko hura berritzeko gogoa; beraz, udako etenaldia aprobetxatuz, eduki guztiak Google Site batera pasatu eta iazko ikasturtean sortutako ariketa berriak txertatu ditugu.

Antolaketa

  • Goiko menuan: taula guztiak (aditz trinkoenak barne).
  • Ezkerreko menuan: teoria eta praktika (guk sortutako ariketak: ikus adibidea). Ezetz asmatu dena?

Kokapena

Hemendik aurrera, aditzarekin zerikusia duen oro gure EUSKAL ADITZA gunean topatu ahal izango duzue. Hara joateko, bi aukera:

Ekarpenak

Euskal aditzarekin erlazionatutako baliabideren bat ezagutu edo akatsen bat topatzen baduzu, eskertuko genizuke jakinaraztea (hementxe bertan erantzun bat utziz edo gurekin zuzenean harremanetan jarriz). Horrela, denon artean jarraituko genuke hobetzen eta osatzen txoko hau. Gure aldetik, aurtengo ikasturtean ariketa gehiago atontzen jarraitzeko asmoa dugula esatea baino ez. Baliagarria izango zaizuelakoan, hortxe uzten dugu.

08
eka

Blogariak Amarauna irratsaioan, 11-06-05

Pixka bat berandu bada ere, hementxe uzten dizkizuet joan den igandeko Euskadi Irratiko Amarauna saioan hitz egindakoa eta bertan hizpide izan genituen gaien erreferentzia eta helbideak. Gorka Julio (@teketen), Ana Malagon ( @pravdatxiki ) eta hirurok izan ginen Edurne Ayusorekin batera, Donostiako EITBko estudioetan. Ondorengo gaiei eman genien errepaso azkarra:

  • Apadrina un pepino ekimena.
  • Maiatzaren 15eko ekimena (#acampadadonostia ) eta plazan.net: Donostiako asanbladaren asmoen, erabakien eta ekintzen jarraipena, besteak beste, egiteko webgunea.
  • Sarea eta hiztegi digitalak: Euskalterm berritua (Argian eta Sustatun).
  • Twitterreko bilatzailea berritua. Orain Twitterren bilaketa bat egitean, aldameneko barran “Display media” botoia topa dezakegu hainbat emaitzatan. Bertan klik eginez, bilaketaren terminoarekin erlazionatutako argazkiak eta bideoak topatu ahal izango ditugu.
  • This guy has my MacBook edo ordenagailu eramangarri bat lapurtu zuenari gertatutakoa istorio bitxia, eramangarri horri arrastoa jarraitu ziotelako.

Saioa entzun nahi baduzu:

17
uzt

EHUko Uda Ikastaroak: Euskara 2.0

Uztailaren 12an eta 13an Miramar Jauregian izan ginen Euskal Herriko Unibertsitateak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lankidetzaz antolatutako Uda Ikastaroen barruan “Euskara 2.0”  ikastaroan.

Bi egun horietan zehar aukera izan genuen euskarak sarean duen presentziaz hausnartzeko, oztopo zein abantailei buruz hitz egiteko eta baita eremu urriko beste hizkuntzen esperientziak ezagutzeko ere. Galestik etorritako Jeremy Evasek, bere lehen parte-hartzean, Web 2.0 services and multilingualism [pdf], euren hizkuntzaren egoera erakusteaz gain (hiztun kopurua, bilakaera, legea…),  web 2.0 zerbitzu ezberdinetan (Twitter, Facebook, blogak…) eleaniztasuna nola kudeatzen duten azaldu zigun. Ez hori bakarrik, 38 iradokizun edo aholku bota eta banan-banan haiei buruz aritu zen. Evasen bigarren hitzaldia itzulpen memoriei buruzkoa izan zen (ez dut topatu aurkezpena).

Luis Ángel Fernández Hermana katalana azken urteetan sareak izan duen eboluzioaz aritu zen (Lenguas 2.0 ¿existen? Perspectivas en torno a las lenguas y a la elaboración del ciberespacio), eta bilakaera horretan zeintzuk izan diren nagusitzen joan diren hizkuntzak (80. hamarkadako komunitate birtualak, 90eko plataforma erraldoiak, Puntocom enpresak… ). Errepasoa hizkuntzak egun dituen erronkekin amaitu zuen, besteak beste, eduki propioak sortzea.

Bertako presentziari dagokionez, Gorka Julio, Unai Fernández de Betoño eta hirurok bildu ginen Euskara 2.0ren inguruan. Gorkak euskara Interneteko sare sozialen testuinguruan kokatu zuen, Unaik euskarak sarean izan duen ibilbidea erakutsi zigun (Euskara sarean) eta nik euskaljakintzan euskara zabaltzeko egiten duguna eta gure lanerako filosofia eta metodologia azaldu nituen: edukiak sortu eta partekatu.

Hemen uzten dut erabilitako aurkezpena. Batez ere irudien laguntza erabili nuen; beraz, ez dut uste oso baliagarria izango denik. Halere, hementxe geratzen da:

Ikastaro osoa streaming eta Twitter bidez (#eu20) jarraitu ahal izan zen. Eli Pombo zuzendariak amaieran egindako sintesi ariketa eskuratzen dugun bitartean, hementxe dituzue partaideetako batek, Unai Cuevasek, ateratako ondorioak:

Eguneraketa (20010-07-20):

"azkue fundazioa" "creative commons" "euskal literatura" "gaurko hitza" "infografiak euskaraz" "software askea" aipuak amarauna aplikazioak artikuluak aurkezpenak azkue begikoak bideoak blogariak ebentoak EGA ekt elkarrizketak euskaljakintza euskara euskovision hezkuntza hitzapasa ideiak ikastaroak ikastola ikerketak IKTeroak infografiak inspiration ipad irakaskuntza itzulpenak jardunaldiak maitego mu nonick prezi sarrera sopa sustatu twitter txostenak wikipedia

WP Cumulus Flash tag cloud by Roy Tanck and Luke Morton requires Flash Player 9 or better.