5 proposamen euskara sarean zabaltzeko
Aurreko batean, Karrikiri elkartekoek gonbidapena luzatu zidaten, urriko Karrika aldizkariaren alean, Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintza Transmisioaren aditu tituluan hitz egin nuena idatzi batean jaso nezan. Bere garaian aipatu nuen hemen zerbait, baina artikuluak hitz gutxikoa izan behar zuenez, amaiera aldean euskara sarean sustatzeko egin nituen 10 proposamenetatik 5 jaso ditut. Hurrengo baterako uzten ditut bota nituen beste bostak.
5 proposamen euskara sarean zabaltzeko
Karrika (Iruñeko euskaldunon elkartearen buletina). 153. zenbakia, 2011ko urria.
Inori ez dio ihes egiten IKTek, Informazio eta Komunikazio Teknologiek, eta Internetek berak, aldaketa handiak ekarri dizkietela hizkuntzei. Neurri handi batean, egun, hizkuntza baten nagusitasuna sarean duen presentziaren baitan neurtzen da, dituen eduki eta ailega daitekeen erabiltzaile kopuruaren baitan. Garrantzitsua da, beraz, gai zehatz bati buruzko informazioa, jokoak, bideoak, ariketak… edukiak, azken finean, euskaraz eta eskura izatea. Horrela izanda, eduki horiek gure hizkuntzan ala beste batean kontsumitzea hautatuko dugu, baina hautu kontua izango da, eta ez beharra.
Gauzak horrela, begi-bistakoa da zenbaterainokoa den gai honi eman beharreko garrantzia. Alde batetik, Administrazioak, Euskaltzaindiak, euskara elkarteek, euskaltegiek eta hezkuntza alorrekoek, hau da, euskara bultzatu nahi duten erakundeek euren bidea jorratu beharko dute, ahalik eta eduki gehien erabiltzaileon eskura ipiniz. Bestetik, hori bezain garrantzitsua da beste guztion, gu guztion, ekarpena. Eta hari horretatik tira eginez dator nire proposamena: gutariko askok gure harri koskorra ipini nahi dugu hedapen horretan laguntzeko, baina, sarearen zoko-mokoak ezagutzen ez ditugunez, noraezean ibiltzen gara. Ez dakigu nondik hasi edo nora jo.
Sarea euskarazko edukiez hornitzea gure esku dago, euskararen presentzia hedatzea nahi dugunon esku. Gure esku dago, bai, eta, neurri handi batean, gure erantzukizuna ere bada, erabiltzaile huts izatetik sortzaile izatera ahalbidetzen duten tresnak edonoren eskura baitaude gaur egun. Ez dago aitzakiarik, beraz, borondatea izaki, ekarpenak egiteari ez ekiteko: nork bere esparruan, gustuko dituen gaietan, eta bere neurri txiki zein handian.
Jarraian datozen proposamenak, beraz, azken hauei zuzendutakoak dira:
1. Iruzkinak utzi
Hasierako urratsa izan daiteke besteen blogetan edota komunikabide ezberdinetan (Sustatu, Zuzeu, Argia, Berriako blogetan…, batzuk aipatzearren) iruzkinak uztea. Sarean eta euskaraz idazteko ohitura ez duen edonori kosta egingo zaio urrats hori ematea, baina nondik eta zertan hasi ez dakienarentzat aproposa izan daiteke.
2. Bidali zure artikuluak agerkari digitaletara.
Blogetan, etab. utzitako iritziek artikulu osoak idaztera eraman zaitzakete. Egun, ez da oztopo nork bere bloga ez izatea iritzia edo dena delako informazioa plazaratzeko. Sustatu agerkari digitalak, adibidez, badu ‘zeuk idatzi’ deituriko atala. Zure ekarpena bertara igor dezakezu. Zuzeun ere beste hainbeste egin dezakezu.
3. Blog bat sortu gustuko duzun gaiaren inguruan:
Beste aukera bat zuk zeuk blog bat sortzea da. Denok dugu zerbait esateko (eremu profesionalean, zaletasunen inguruan, iritzi pertsonalak…). Hori garbi dago; beraz, zergatik ez? Zure txokoa izanda, zure gaien inguruko edukiak euskaraz kalera ditzakezu, horien inguruko ekarpenak bideratu, elkarrizketa sustatu… Dohainekoak dira eta ez da aparteko ezagutza teknologikorik behar (testu editore arruntak izaten dira). Blog bat sortu nahi baduzu, dohaineko plataforma ezberdinen artean duzu aukera: blogariak.net, blogak.com, mundua.com, wordpress.com…
4. Euskarazko Wikipedia sustatu:
Wikipedia 200 hizkuntza baino gehiagotan idatzitako entziklopedia askea da. Euskaraz ere badago. Edozeinek edita dezake eta bere edukiak guztion esku daude. Eduki berriak sortu, daudenak hobetu edota beste hizkuntza batzuetan sortutako artikuluak itzuli denon eskura dauden aukerak dira. Egin klik Wikipedian idazteko eta laguntzeko informazio eta arauak irakurtzeko.
5. Sortu kontu bat Twitterren:
Twitter, Wikipediak dioen bezala, “gizarte-sare eta microblogging zerbitzua da, bere erabiltzaileei testu soileko mezuak bidaltzea ahalbidetzen diena, 140 karaktereko gehienezko luzerarekin”. Egun dauden zerbitzuenetatik interesgarrienetako bat da, eta informazioa eta edukiak alde batetik bestera mugitzeko oso baliagarria da. Euskal komunitatea aktiboa da oso Twitterren; halere, zenbat eta gehiago izan, orduan eta errazago zabalduko ditugu gure edukiak. Beraz, zure kontua zabaldu nahi baduzu, zoaz Twitter.com –era eta hasi barreiatzen euskarazko edukia.
Ekimen ugari egin daiteke euskara sarean hedatzeko, eta aipatutako hauek adibide xume batzuk baino ez dira. Horietatik edo dauden beste hamaika aukeretatik hautatzen duguna hautatzen dugula ere, kontuan izan behar dugu, benetako zabalkuntza lortze aldera, komeni dela sortutako oro lizentzia libreekin partekatzea eta sare sozial ezberdinetan hitza hartzen dugun oro gure lehena euskaraz izatea.

