20
urr

GH3: azaroaren 2an, DOKAn dugu hitzordua!

Egunek abiadura bizian egiten dute aurrera, eta ia-ia ohartu gabe iritsi zaigu Gaurko Hitzaren 3. urteurrena ospatzeko eguna. Iaz laguntza eskatu nizuen 2. urteurrena ospatzeko. Gogoratzen? Zuen gustuko hitza aukeratu, bideo bat atondu eta youtube-ra igo. Horixe izan zen iaz eskatutakoa. Arrakastatsua eta emankorra izan zen eskea, zalantzarik gabe; izan ere, denon artean 84 bideo/hitz grabatzea lortu baikenituen. Gaurko hitzaren kanalean dituzue denak ikusgai.

Aurten, eskatu beharrean, eman egin nahi nuke; beraz, lagun batzuekin batera, topaketa bat antolatu dugu. Bertan nahiko genuke gurekin egotea Gaurko Hitzaren lagunak eta, batez ere, iaz zuen denbora eskuzabaltasunez eskaini zeniguten guztiak.

Ez gara xehetasun handitan sartuko oraingoz,  baina kontuan hartu ondorengoak:

  • Ekitaldia: Gaurko Hitzaren 3. urteurrena ospatzeko topaketa.
  • Noiz: azaroaren 2an, iluntzeko 19:30ean,
  • Non: Donostian, DOKAn (bertako Kafe Antzokian).

3. urteurrena denez, ospakizunean izango ditugun hiru artistaren izenak aurreratuko dizkizuet gaurkoan: Anari, Iban del Campo eta Harkaitz Cano. Gehiago izango dira.

Datozen egunetan joango gara egitarau osoa zehazten, baina, oraingoz, hauxe da guztia. Jakinaren gainean zaudete; beraz, gorde eguna zuen agendetan! :-)

22
uzt

Karsten Gerloff, Free Software Foundation Europe elkarteko presidentea, Euskal Herrian

Aurreko astean, Free Software Foundation Europe elkarteko Karsten Gerloff presidentea eta Rainer Karsten idazkaria ezagutu genituen. Uztailaren 13an, Donostian, izan zen lehenengo hitzordua Kaskazuri jatetxean. Bertan, Mikel Olasagasti, Gorka Julio, Luistxo Fernandez eta laurok abagune ezin hobea izan genuen, ederki afaltzeaz gain, euren ahotik Europan zehar software librearen inguruan egiten ari dena ezagutzeko. Hemengo egoeraren errepasoa ere egin genuen, librezale.org eta Esle egiten ari direna komentatu eta aurrera begira egin daitekeenaz ere luze hitz egin genuen. Hezkuntzaren oinarrietatik hasi eta administrazioaren azken muturretara iristea ezinbestekoa dela garbi geratu zen. Interesgarria benetan hitz egindako guztia eta oso atseginak tratuan Karsten eta Rainer alemanak.

Gerloff eta biok Kaskazurin

Bi egun beranduago, Zamudioko Teknologi Elkartegian, Bizkaia Enpresa Digitalak antolatutako Software Libre en la administración europea hitzaldian izan nintzen. Asko gustatu zitzaidan nola aurkeztu zuen gaia FSFEko presidenteak, arrazoi garbiak eta adibide zehatzak emanez, eta, bide batez, asko poztu ninduen aretoa beterik ikusteak. Kontuan izanda administrazioaz eta software askeaz aritu zela, gauzak aldatzen ari diren seinale. Postaz  eskatuta, Gerloffek hitzaldian erabilitako aurkezpena bidali zidan. Esan zidan Brasiliara zihoala zuzenean eta ez bazion denborarik ematen Euskal Herrian izandako bisitari buruz idazteko aste honetan, nik argitaratzeko aurkezpena. Gaur ikusi dut bere bisitari buruzko kronika argiratatu duela (beheraxeago dago esteka). Gauzatxo bat argitu nahi dut, dena den. Bere kronikan aipatzen du, niri erreferentzia eginez, bere eskola software librera arrakastaz migratu duen irakasle baten esperientzia entzuteko aukera izan zuela. Gure ikastolan software askeari buruz egindako lan guztia, eta ez da gutxi izan, gure IKT dinamizatzaileari zor diogu. Nire jarduna besteen aurrean nire konbentzimendua garbi uztera eta, ahal izan dudan neurri txikian, arazoen aurrean laguntzera mugatu da. Bakoitzari berea.

Hementxe Gerloffek Zamudion erabilitako aurkezpena:

Bienvenidos al mainstream!

Esan beharra dago, Gerloffek gure artean emandako astean, agenda bete-betea izan zuela. Hementxe uzten dizkizuet Gerloffek izandako bilera, topaketa eta hitzaldien kronikak. Batetik, berak idatzitakoa; bestetik, egunotan fin-fin berarekin atzera eta aurrera ibili den Mikel Olasagastik Gaur8n argitaratua.

Informazio gehigarria:

"azkue fundazioa" "creative commons" "euskal literatura" "gaurko hitza" "infografiak euskaraz" "software askea" aipuak amarauna aplikazioak artikuluak aurkezpenak azkue begikoak bideoak blogariak ebentoak EGA ekt elkarrizketak euskaljakintza euskara euskovision hezkuntza hitzapasa ideiak ikastaroak ikastola ikerketak IKTeroak infografiak inspiration ipad irakaskuntza itzulpenak jardunaldiak maitego mu nonick prezi sarrera sopa sustatu twitter txostenak wikipedia

WP Cumulus Flash tag cloud by Roy Tanck and Luke Morton requires Flash Player 9 or better.