Durangoko Azokako Kabi@: egitaraua osatuta
Durangoko Azokaren egitarau orokorraren barruan, aurten ere Kabi@ren ateak zabaldu ditugu. Kabi@ teknologia eta eduki libreen gunea da. Dakizuen bezala, helburua kultura digitalaren eremuan euskaraz diharduten eta aktiboak diren pertsonak biltzea da: sortzaileak, enpresak, web garatzaileak eta hezkuntza arlokoak. Egunero horietako esparru bat izango da protagonista. Asmoa eredu berriak ezagutzera emateko hainbat ekimen antolatzea da: esperimentazioa, sormena, erakusketak, tailerrak, proiektuak, topaketak, partehartzea, eztabaidak… Interneteko euskal komunitate globala egituratzeko tresna ere bada.
Duela hilabete eta erdi edo, bertan parte hartzeko interesa zuen edonori aukera eman genion izena emateko. Konturatu orduko, hementxe dago #Azoka49 eta bada garaia Kabi@ txoko digitala nola geratu den azaltzeko. Azken orduko aldaketak gorabehera, hauxe izango litzateke programa:
Abenduak 5, ostirala: Ikasleen eguna / hezkuntza
Ikasle eta hezkuntza egunean, helburua ikasle eta irakasleei, modu praktiko batean, hezkuntza eta teknologian dauden azken joeren eta esperientzien berri ematea da: mugikorrek hezkuntzaren alorrean eskain ditzaketen aukerak, segurtasun aholkuak, programatzen hasteko lehen urratsak, esperientzia berriak…
11:00-14:00 : tailerrak
11:00-12:30 Kudeatu zure mugikorra segurtasunaz eta sortu zure lehen aplikazioa! Gorka Julio eta Maite Goñi.
12:30-14:00 Robotika gure esku! Orioko ikastolako ikasle talde batek emango dut tailerra, Iñaki Zarauz irakaslearen gidaritzapean.
16:00 – 18:00 Hitzaldiak edota aurkezpenak (30’ minutuko tarteak)
Arratsaldeko tarteak 30 minutukoak izango dira (20 minutuko hitzaldiak/aurkezpenak + 10 minutuko tartea galderak erantzuteko): hezkuntzako azken joerak (mobile learning, tableten inplementazioa, programazioa, sare sozialak hezkuntzan, hezkuntza irekia, 3D inprimagailuak…).
16:00 – 16:30 Txio irratia, Edu Zabala. Irungo Txingudi BHI ikastolan, irrati tailerrarekin batera, 2. DBHn martxan jarritako irratia TWITTER bidez, ikasle guztientzat. Bertan ikasleek kontatzen dituzte beraien esperientziak modu laburrean.
16:30 – 17:00 Teknologia librea eta zerbitzua, Jabi Luengo. Hirukide Ikastetxean teknologiako arloan aurrera eramandako esperientziak: Incubegg eta Kubo proiektuak, DBH 4. mailako ikasleek egindakoak. Incubegg Lehen Hezkuntzako irakasleek “enkargatutako” proiektua da, ikasteko inkubagailua. Kubo, Uzturre Zentru Gerontologikorako sortutako jokoa. Bietan Arduino eta baita 3D inprimagailuan sortutako piezak erabiltzen dira. Goteo crowdfunding plataforma ere erabili zen proiektuak sustatzeko.
17:00 – 17:30 Ikusizkoen Hezkuntza, Mikel Mendizabal Arruti (Lauaizeta Ikastola BHI). IKTak indartuz, Ikusizkoen Hezkuntza garatzeko aukera anitzak: Linux eta software libreak erabiliz, mugikorrak, web, blog, sare sozialak… Modu interaktibo eta integralean proiektuka lan eginez, hainbat arlo landu: internet eta informazioa, testu edizioa eta zuzentzaileak, argazkigintza, bideogintza, web eta mugikor aplikazioak, irudi, soinu eta bideo edizioa, 3D diseinua, animazioa 2D eta 3D, marrazki teknikoa, zeharkako loturak…
17:30 – 18:00 Euskara irakatsi eta ikasteko tresna erabilgarria, Lander Iruretagoiena. Euskara irakatsi eta ikasten laguntzeko webgune eta liburua. Tresna interaktiboa da: aditz bilatzaile aurreratua, azalpenak irudi, bideo eta animazioekin, gramatika…
18:00 – 19:00 Joerak hezkuntzan, Maite Goñi. Europako eskoletan datozen 5 urteetarako aurreikusten diren joerak, teknologiak eta erronkak izango dira hizpide. Oso Juan Palomo geratzen da hau (yo me lo guiso y yo me lo como); dena den, argitu nahi dut ez zela nire asmoa hitz egitea (nahikoa lan egun osoan hor bueltaka ibiltzearekin), baina eskatu egin didate eta ezin ezetz esan…
Abenduak 6, larunbata: Sortzaileen eguna
Edozein alor kultural eta artistikotik abiatuta, teknologia erabiltzen duen norbanako, talde edota ekimenentzako esparrua (dantzariak, idazleak, musikariak, artista plastikoak edota digitalak, bertsolariak, ipuin kontalariak…)
11:00 – 13:30 : espazio irekia hitzaldiak edota aurkezpenak (30’ minutuko tarteak)
11:30 – 12:00 Beat & chat. Ander Gogorza Iturbe (Ukabi). Gipuzkoa Apps lehiaketan aplikazio irabazlea, negozio eredurik onena kategorian. Beat and Chat, Ukabik garatutako softwareak, tabernetako musika kudeatzeaz gain, tabernari eta bezeroaren arteko komunikazio bideak irekitzen ditu. Tabernariari 12 milioi kanturen datu base batetik erreprodukzio listak sortu eta bezeroarekin komunikatzeko era berri bat eskaintzen dio, ekitaldi, gonbidapenak eta eskaintzak bidaltzeko aukera emanik. Bezeroak, aldiz, tabernariaren listetatik eta bere Smartphone bidez, tabernan zein kanta entzun nahi dituen aukeratu ditzake eta txataren bidez tabernaria edo tabernako beste bezeroekin komunikatzeko aukera dauka. Euskal herriko taberna desberdinetan martxan dago.
12:00 – 12:30 XABIROI, komikia bitez-bit, Dani Fano. XABIROI komiki aldizkariaren azken egitasmoaren berri emango da. Halaber, komikia eta mundu digitalaren arteko harremanaz hitz egingo da: Marrazteko teknika digitalak. Komiki digitalak.
12:30 – 13:00 “Lehoiak ametsetan” app-ren aurkezpena, Jose Anjel Iribar, Aritza Escandon eta Maria Uriarte. Euskaltzaleen Topagunea. Athletic Cluben historiaren eta baloreen inguruko haur eta gurasoentzako ipuinak. Kirmen Uribek idatzi ditu 7 ipuinok, Asisko Urmenetak egin ditu ilustrazioak eta Etxegiroanekoak arduratu dira ahotsez eta soinuez. Informazio gehiago: lehoiakametsetan.com
13:00 – 13:30 Hiri Asko Bere Baitan, Asier Olabarrieta, Unai Villena, Aitor Gómez. Sorkuntza, Bilbo eta Euskara ardatz bezala hartuta, literatura, musika eta argazkigintza nahasten dituen egitasmoa. Irudimenarekin unibertso bisual, literario eta soinudun propioa sortu, eta hiriaren ikuspegi berri bat ematea da helburua.. Horretarako, 2014ko apiriletik azarora arte iraungo duen zortzi hilabeteko sorkuntza prozesuan zehar, zortzi argazki-testu-musika-lan edo obra sortuko dituzte, Bilboko barruti bakoitzeko bana. Obrak formatu ezberdinetan emango dira ezagutzera. Birtualki, blog batean -hilabetero obra berri bana-, eta liburuxka digital batean (proiektu bukaeran obra guztiak). Fisikoki, ikus-entzunezko emanaldia. Argazki erakusketa batean (azaroan zehar). Paperezko liburuxka batean (proiektu bukaeran obra guztiak).
13:30 – 14:00 : . eus ekimenaren aurkezpena sortzaileei begira bereziki. Hizlaria: Josu Waliño (.eus egitasmoaren zuzendaria)
16:00 – 18:00 : Edozein disziplina artistiko eta teknologiari buruzko hitzaldiak edota aurkezpenak (30’ minutuko tarteak)
16:30 – 17:00 ttalaka.org, Arkaitz Sukuntza. Ttalaka Kultur elkarteak bi proiektu nagusi ditu sarean euskara eta euskal kultura sustatzeko asmoarekin. Tarte honetan, ttalaka.org aurkeztuko da. Era berean, euskal online komertzioa aztertzeko aukera izango dugu.
17:00 – 17:30 Hirikilabs ((hirikilabs.tabakalera.eu). Aitzol Astigarraga, Diana Franco eta Ibai Zabaleta. Hirikilabs Tabakalera eta DSS2016-ren arteko proiektua da. Teknologia sozial eta kolaboratiboak lantzen dira bertan, mundu digitala eta arlo soziala uztartuz. Hacker, maker eta “zuk zeuk egin” ikuspuntutik lan egiten dugu, hardware/software librearekin lotura duten hainbat jarduera proposatuz.
17:30 – 18:00 Blogari bat liburugile. “131AZA” liburuaren kasua, Markos Gimeno Vega. Zerorajasoa.com blogean astero-astero landutako AZAk, palindromo ariketak, paperezko liburuan bildu eta editatzeko abentura. Crowdfunding esperientzia arrakastatsutik, liburua Durangoko azokan aurkezterainoko ibilbidea.
18:00 – 19:00 : Ekitaldi nagusia: Ingurune Aldagaiak (environment variables)
Zuk Zeuk kolektiboak performantze berria aurkeztuko digu, INGURU ALDAGAIAK izenekoa. Aintzane Revuelta dantzaria eta Beñat Jimenez artista digitalaren esperimentu artistiko honetan dantza, musika, soinua eta arte bisuala era generatiboan landuko dira eta inguruneak zuzenean parte hartuko du errepikatu ezin den emanaldia sortuz.
Abenduak 7, igandea: Komunitate/Garapena eguna
Teknologiarekin harremana duten eta euskal komunitateari ekarpena egin dioten norbanako, talde eta ekimenentzako esparrua.
11:00 – 13:30: espazio irekian hitzaldiak edota aurkezpenak (30’ minutuko tarteak)
11:00 – 11:30: Xuxen , hamarkada berrirantz, Itziar Cortes. Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoak 20 urte bete dituela eta, orain arte xuxen.com bezala ezagutzen zen webgunea berritu eta xuxen.eus sortu da. Bertan, Xuxenekin lotuta sortu diren hainbat produkturen berri ematen da, aurrera begira produktu eta zerbitzu honekin lotuta dauden erronkak zein diren azaltzen dira eta garrantzitsuena, euskarazko testuak online zuzentzeko aukera ematen du. Xuxen, Euskal Herriko Unibertsitateko IXA taldearen eta Elhuyarren artean mantentzen den proiektu bat da. Hau aurrera eramateko, oinarrian daukan datu-basea mantentzen da tartean behin datu hauen bertsio berriak kaleratuz. Azken urtetako lan horren emaitza, Xuxen5 deitu diogun datu-multzoa da; hauxe da xuxen.eus webgunean testuak zuzentzeko erabiltzen den oinarria. Bide batez, Xuxenen oinarri diren datuak zuzenean webgunetik deskargatzeko aukera gehitu da, hainbat aplikaziotan zuzentzaile ortografikoak txertatzeko erabiltzen den Hunspell kode irekiko softwareak erabiltzen dituen hiztegien formatuan.
11:30 – 12:00: Euskara-okzitaniar hiztegiaren aurkezpena.
12:00 – 12:30: Dicod ‘ Oc aplikazioa
12:30 – 13:30: Mahai-ingurua
13:30 – 14:00 : . eus ekimenaren aurkezpena komunitateari eta garatzaileei begira bereziki. Hizlaria: Iratxe Esnaola (puntueus elkartearen sortzailea eta sustatzailea)
16:00 – 18:00 : TABU hitzaldiak: ‘euskara’ hitza tabu hitza da.
16:00 – 16:25 Etzi.pm-ren aurkezpena. Talaios.
16:25 – 16:50 Saretuzz, Oskar Gesteira Basañez. Herritarren partaidetza sustatzeko erreminta berritzailea eta integrala da. Herritarren eta udalen arteko zubia. Aurkezpenaren funtsa, zerbitzua zertan oinarritzen den eta beraren erabilera erakustea izango litzateke, aukera ezberdinak erakutsiz.
16:50 – 17:15 euskontu.com, Arkaitz Sukuntza. Informazio gehiago: euskontu.com
17:15 – 17:40 Tribual. Luistxo Fernandez, Codesyntax. Gipuzkoa Apps lehiaketan aplikazio irabazlea, APP originalenari kategorian. CodeSyntaxek bere lehen aplikazio mugikorra jarri du merkatuan: Tribual. Joko bat da, euskaraz, dohainik. Oso mekanika erraza du, eta bakarka jokatzen den arren, partida bakoitza bi laguni bidaltzen zaio, beraz badu lehia osagarri bat ere.
17:40 – 18:05 ‘Game Erauntsia’ hutsune bat betetzera, Iker Ibarguren. Game Erauntsia bideojokoei buruzko webgunearen proiektuaren aurkezpena: ideia nondik sortu zen, momentu honetan sortu den komunitatea zertan ari den, etorkizunean zertara joan nahi den…
18:05 – 19:00 : Ekitaldi nagusia: Herri Liburutegi Digitalak
BakalHau kolektiboak sustatutako proiektu honek herrietan liburu digitalak eskuratzeko aukera emango duten liburutegi digitalak hedatzea du helburu. Liburutegi digitala herriko toki esanguratsu batean kokatzen den wifi gailu bat edota Guifi.net sarearen bidez atzitu daitekeen zerbitzu bat izan daiteke. Ekimena, bertan nola parte hartu eta orain arteko ibilbidea azalduko da hitzaldi-eztabaida honetan. Zuzenean bertan herri liburutegi digitala probatzeko aukera ere egongo da.
Abenduak 8, astelehena: Enpresak
Teknologia eta ikerketarekin harremana duten euskal munduko enpresentzako esparrua (biltzeko, praktika onak azaltzeko…)
11:00 – 13:30 Enpresa topagunea (Enpresarean eta Olatukoop-en laguntzarekin)
- Ikerketa eta teknologi euskal enpresen esperientziak
- Biantik Koop. Elk. Txikia
Hitzaldia: IKT zuzenbideko datozen eta dauden erronkak: “Ahazteko Eskubidea” eta LPI Berria.
Hizlaria: Ion Turrillas
Webgunea: biantik.coop - Hirudart
Hitzaldia: Kultura 3Dn Errealitate Areagotuaren eskutik
Hizlaria: Amaia Elu
Webgunea: hirudart.net - Talaios Koop. Elk. Txikia
Hitzaldia: Nola gauzatu zure ekimen teknologikoa: kultura libretik, kooperatibismo askera.
Hizlaria: Beñat Irasuegi
Webgunea: talaios.net
- Biantik Koop. Elk. Txikia
- Mahaingurua (aukerak, zailtasunak, finantziazioa…)
13:30 – 14:00 .eus ekimenaren aurkezpena enpresari begira bereziki
- Hizlaria: Santi Ribera (PuntCAT Fundazioko Zuzendaria)