Viewbix, bideoei aplikazioak gehitzeko tresna interesgarria
Gaur goizean, Twitterren Viewbix aplikazioaren berri izan dut (@web20education erabiltzailearengandik). Ideia gustatu eta probatzeari ekin diot. Viewbix oso erabilerraza da eta bere zeregina oso garbia: Youtube, Vimeo edo Facebookeko bideoak aplikazio ezberdinekin aberasteko aukera ematen du.
Dohaineko bertsioan bideoaren informazioa, esteka gehigarriak, Twitterreko kontua, argazkiak, kokalekua eta beste aplikazioren bat gehitzeko aukera ematen du. Premium edo ordaindu beharreko bertsioan, aukerak asko zabaltzen dira eta ondorengoak gaineratu ahal izango ditugu: QR kodeak, RSS jarioak, Flickr eta Picasako argazki bildumak, iContac formularioak, youtubeko bideoak, Slideshareko aurkezpenak, Skype kontua, musika… Azaroaren 1era arte, denak probatu ahal izango ditugu musu truk.
Irakaskuntzan oso erabilgarria izan daiteke. Demagun bideo bat erabili nahi dugula gai zehatz bat lantzeko. Bada, bideo hori jarduera ezberdinekin, dagokion webquestarekin, irakasgai edo eskolako webgunearen RSS jarioarekin, argazki bilduma batekin… lot dezakegu. Horretaz gain, geolokaliza dezakegu, musika ipini, bideoa azaltzen duen Slideshare aurkezpena txertatu… Aukera mordo bat. Enpresa mundurako ere interesgarria ikusten dut: produktu zehatz bat eta enpresa bera ezagutzera emateko, esaterako.
Eskaintzen dituen aukerak hobeto ikusteko, hementxe uzten dizuet adibide bat. Bertan, gaurko hitzarako prestatu dudan bideoa ikus dezakezue eta, eskuinean, menu barra bat aukera ezberdinekin. Egin klik edozeinetan, ikusi eta bueltatu bideora nahi duzunean.

