17
mar

Googlek esango digu zer jakin behar dugun?

Gipuzkoako Hitzatik kolaboratzeko eskaera jaso nuen duela hilabete batzuk. Hiru hilabetez behin-edo Internet, Internet eta euskara edo antzeko gaiekin zerikusia duen artikulu bat bidaltzen diet. Hauxe izan zen atzokoa:

Googlek esango digu zer jakin behar dugun?

Azkenaldian, nahiz eta gauza guztiz berria ez izan, arreta berezia ipintzen ari natzaio Interneteko bilatzaileen emaitzen auziari. Batetik, iradokizunen kontua dugu. Google bilatzaile ezaguneko bilaketa kutxatxoan edozer idazten hasi orduko, hainbat iradokizun topatuko dugu. Esaterako, aurrekoan, ‘lagu…’ idazten hasi eta, n hizkira iritsi aurretik, nire bilaketa errazte aldera edo, bilatzaileak lagun izoztua, laguardia airport, laguna beach… iradoki zizkidan. Gauza bera egingo bazenute zuen ordenagailuetan, oso bestelako emaitzekin egingo zenukete topo seguruenik. Bestetik, egin ezazue honako hau: eskatu hainbat laguni termino zehatz bat bilatu eta emaitzen berri eman diezazueten. Akaso inoiz entzun gabe edo jabetu gabe zeundeten, baina batzuei zein besteoi luzatutako emaitzak ez dira berdinak izango; izan ere, bilaketak egitean, 57 faktoreri erreparatzen omen die Googlek, besteak beste, gure bilaketen historialari, gure kokaguneari, erabiltzen ari garen nabigatzaileari, ordenagailuari eta hizkuntzari. Duela hilabete batzuk, gainera, Googlek bere bilatzailaren ezarpenak aldatu eta Google + sare sozialaren emaitzak integratu zituen. Horrela, Googleko kontu batean sartuta gaudela egiten badugu bilaketa, gure zirkuluetan ditugun lagunen informazioa, argazkiak, etab. lehenetsiko ditu emaitzak proposatzean. Horretaz gain, duela oso gutxi gure nabigazio historiala gordetzeko modua ere aldatu du, zerbitzu guztiak bateratuz.

Google gure pentsamendua irakurtzen saiatzen ari da, eta banakakoon pentsamendua irakurri bitartean, munduaren burmuinak –munduak burmuinik balu- zer pentsatzen duen jakin nahian dabil, denon interesak eta portaerak klasifikatuz. Google, baina, ez da bakarra honetan. Facebook, The New York Times, The Wahington Post… denek ere antzeko filtroak erabiltzen dituzte. Internetek guk jakin nahi omen duguna erakusten digu, bere ustetan betiere; ez, ordea, edo ez derrigor, guk behar duguna. Gero eta zailagoa dirudi erabiltzaile arruntarentzat iragazki horretatik kanpoko ezer topatzea. Eli Pariserrek TED hitzaldi entzutetsu batean esan zuen bezala, erabiltzaileok geure burbuilan sartuta gaude, eta burbuila horretara informazio mugatua iritsiko zaigu, gure gustuen eta lehentasunen araberako informazioa. Horrek gero eta gehiago mugatuko ditu bai gure iturriak bai gure ikuspuntua. Okerrena da ez dugula guk izango azken hitza burbuila horretara helduko dena erabakitzeko orduan, beste batzuen esku egongo da egiteko hori ere. Honek guztiak, ez dago esan beharrik, kezka puntu bat sortzen dit.

Sentimendu kontrajarriak datozkit burura. Alde batetik, pertsonalizazio honek bere alde onak izan ditzake. Nire gustuak eta zaletasunak ezagutzen baditu, errazago topatuko dut nire gustuko jatetxea, edo erosi nahi ditudan prakak, euskara ariketak egiteko nahiago dudan webgunea, ikerketa baterako datuak… Azken finean, horren atzetik ibili gara, ezta? Bestalde, baina, zer gertatzen da seinale horiek gaizki interpretatzen baditu? Eta emaitzak gero eta mugatuagoak jasotzearen ondorioz, gure ikuspuntua –eta, harago joanda, gure pentsatzeko era- mugatzen ari bada?

Informazioaren iragazia ez da ezer berria, Internet aurretik ere komunikabideen irazkien menpe egon gara, baina gehienok jakinaren gainean egonda. Hori izan liteke alde nagusia: egun, muga horiez kontziente ez izatea. Filtro sistema hauek gardenagoak izatea eskatzeaz gain, konpetentzia digitala lantzeaz gehiago arduratu beharko genukeela iruditzen zait. Google ahaldunak erantzunak ematen dizkigu; guri dagokigu, ordea, gauza hauei guztiei buruzko galderak egitea.

[Gipuzkoako Hitzan, 2012ko martxoaren 16an, argitaratua]

Informazio gehigarria:

18
urr

5 proposamen euskara sarean zabaltzeko

Aurreko batean, Karrikiri elkartekoek gonbidapena luzatu zidaten, urriko Karrika aldizkariaren alean, Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintza Transmisioaren aditu tituluan hitz egin nuena idatzi batean jaso nezan. Bere garaian aipatu nuen hemen zerbait, baina artikuluak hitz gutxikoa izan behar zuenez, amaiera aldean  euskara sarean sustatzeko egin nituen 10 proposamenetatik 5 jaso ditut. Hurrengo baterako uzten ditut bota nituen beste bostak.

5 proposamen euskara sarean zabaltzeko

Karrika (Iruñeko euskaldunon elkartearen buletina). 153. zenbakia, 2011ko urria.

Inori ez dio ihes egiten IKTek, Informazio eta Komunikazio Teknologiek, eta Internetek berak, aldaketa handiak ekarri dizkietela hizkuntzei. Neurri handi batean, egun, hizkuntza baten nagusitasuna sarean duen presentziaren baitan neurtzen da, dituen eduki eta ailega daitekeen erabiltzaile kopuruaren baitan. Garrantzitsua da, beraz, gai zehatz bati buruzko informazioa, jokoak, bideoak, ariketak… edukiak, azken finean, euskaraz eta eskura izatea. Horrela izanda, eduki horiek gure hizkuntzan ala beste batean kontsumitzea hautatuko dugu, baina hautu kontua izango da, eta ez beharra.

Gauzak horrela, begi-bistakoa da zenbaterainokoa den gai honi eman beharreko garrantzia. Alde batetik, Administrazioak, Euskaltzaindiak, euskara elkarteek, euskaltegiek eta hezkuntza alorrekoek, hau da, euskara bultzatu nahi duten erakundeek euren bidea jorratu beharko dute, ahalik eta eduki gehien erabiltzaileon eskura ipiniz. Bestetik, hori bezain garrantzitsua da beste guztion, gu guztion, ekarpena. Eta hari horretatik tira eginez dator nire proposamena: gutariko askok gure harri koskorra ipini nahi dugu hedapen horretan laguntzeko, baina, sarearen zoko-mokoak ezagutzen ez ditugunez, noraezean ibiltzen gara. Ez dakigu nondik hasi edo nora jo.

Sarea euskarazko edukiez hornitzea gure esku dago, euskararen presentzia hedatzea nahi dugunon esku. Gure esku dago, bai, eta, neurri handi batean, gure erantzukizuna ere bada, erabiltzaile huts izatetik sortzaile izatera ahalbidetzen duten tresnak edonoren eskura baitaude gaur egun. Ez dago aitzakiarik, beraz, borondatea izaki, ekarpenak egiteari ez ekiteko: nork bere esparruan, gustuko dituen gaietan, eta bere neurri txiki zein handian.

Jarraian datozen proposamenak, beraz, azken hauei zuzendutakoak dira:

1. Iruzkinak utzi
Hasierako urratsa izan daiteke besteen blogetan edota komunikabide ezberdinetan (Sustatu, Zuzeu, Argia, Berriako blogetan…, batzuk aipatzearren) iruzkinak uztea. Sarean eta euskaraz idazteko ohitura ez duen edonori kosta egingo zaio urrats hori ematea, baina nondik eta zertan hasi ez dakienarentzat aproposa izan daiteke.

2. Bidali zure artikuluak agerkari digitaletara.
Blogetan, etab. utzitako iritziek artikulu osoak idaztera eraman zaitzakete. Egun, ez da oztopo  nork bere bloga ez izatea iritzia edo dena delako informazioa plazaratzeko. Sustatu agerkari digitalak, adibidez, badu ‘zeuk idatzi’ deituriko atala. Zure ekarpena bertara igor dezakezu. Zuzeun ere beste hainbeste egin dezakezu.

3.  Blog bat sortu gustuko duzun gaiaren inguruan:
Beste aukera bat zuk zeuk blog bat sortzea da. Denok dugu zerbait esateko (eremu profesionalean, zaletasunen inguruan, iritzi pertsonalak…). Hori garbi dago; beraz, zergatik ez? Zure txokoa izanda, zure gaien inguruko edukiak euskaraz kalera ditzakezu, horien inguruko ekarpenak bideratu, elkarrizketa sustatu… Dohainekoak dira eta ez da aparteko ezagutza teknologikorik behar (testu editore arruntak izaten dira). Blog bat sortu nahi baduzu, dohaineko plataforma ezberdinen artean duzu aukera: blogariak.net, blogak.com, mundua.com, wordpress.com

4. Euskarazko Wikipedia sustatu:
Wikipedia 200 hizkuntza baino gehiagotan idatzitako entziklopedia askea da. Euskaraz ere badago. Edozeinek edita dezake eta bere edukiak guztion esku daude. Eduki berriak sortu, daudenak hobetu edota beste hizkuntza batzuetan sortutako artikuluak itzuli denon eskura dauden aukerak dira. Egin klik Wikipedian idazteko eta laguntzeko informazio eta arauak irakurtzeko.

5. Sortu kontu bat Twitterren:
Twitter, Wikipediak dioen bezala, “gizarte-sare eta microblogging zerbitzua da, bere erabiltzaileei testu soileko mezuak bidaltzea ahalbidetzen diena, 140 karaktereko gehienezko luzerarekin”. Egun dauden zerbitzuenetatik interesgarrienetako bat da, eta informazioa eta edukiak alde batetik bestera mugitzeko oso baliagarria da. Euskal komunitatea aktiboa da oso Twitterren; halere, zenbat eta gehiago izan, orduan eta errazago zabalduko ditugu gure edukiak. Beraz, zure kontua zabaldu nahi baduzu, zoaz Twitter.com –era eta hasi barreiatzen euskarazko edukia.

Ekimen ugari egin daiteke euskara sarean hedatzeko, eta aipatutako hauek adibide xume batzuk baino ez dira. Horietatik edo dauden beste hamaika aukeretatik hautatzen duguna hautatzen dugula ere, kontuan izan behar dugu, benetako zabalkuntza lortze aldera, komeni dela sortutako oro lizentzia libreekin partekatzea eta sare sozial ezberdinetan hitza hartzen dugun oro gure lehena euskaraz izatea.

14
mar

XXI. mendeko irakaslea

Duela hilabete batzuk Argiakoek XXI. mendeko irakasleari buruzko gogoeta txiki bat egin nezan eskatu zidaten, urtekarian argitaratzeko.  Ahaztuta nengoen, egia esateko, baina gaur artikulua Argian argitaratu dute eta Gazteaukerakoek nire Facebookeko horman jarri didate lotura; beraz, hementxe uzten dizuet duela hilabete batzuk egindako hausnarketa. Gaia interesatuz gero lasai irakur dezakezue, gauzak ez baitira ezertxo ere aldatu idatzi nuenetik hona.

XXI. mendeko irakaslea

Irakaskuntza: Digitalizazioak dakartzan erronkei aurre egiteko gaitasuna ez du programa batek ekarriko, irakasleen jarrerak eta aldaketarako beharra sumatzeak baizik.

Eskola 2.0 egitasmoak irakaslearen figuran, rol edo zereginean ekarriko duen aldaketari buruzko hausnarketa egitea eskatu didate. Ez da erraza jakitea zenbaterainokoa izango den; izan ere, egitasmoak egitasmoak dira, eta benetako aldaketak ez dira ordenagailu batzuk gelan sartuta emango. Hori baino askoz ere gehiago beharko da. Has gaitezen, baina, hasieratik.

Azal dezagun lehenik Eskola 2.0 Programak zer izan nahi duen. Egitasmoak hezkuntzan Informazioaren eta Komunikazioaren teknologia berriak sartu nahi ditu, ohiko ikasgelak ikasgela digital bilakatuz, irakasleak IKT gaitasunetan trebatuz, ikasgeletako metodologia aldaketari lagunduz, eten digitala murriztuz, beste ikastetxeekin lankidetza bultzatuz… Heziketaren kalitatea hobetzea da azken helburua. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula! Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko ekainaren 5ean erabaki zuen Euskal Autonomia Erkidegoan programa hori sartzea, eta hori, Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, “2010. urteko ekitaldian ikusiko da Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasgelak guztiz digitalizatu, irakasleak software librea eta metodologia berriak erabiltzeko prestatu eta multimedia-edukiak egiten direnean”.

Programaren planifikazio, epe, helburu eta betetze mailan sartu gabe, esan beharra dago, egun, ez dagoela eskolak digitalizazioaren aroan sartu beste aukerarik; izan ere, eskolatik kanpo eremu guztietan XXI. mende digitalizatuan bizi garen bitartean, barruan, oro har, XIX. mendeko beharretara egokitutako eskola eredua erreproduzitu besterik ez dugu egiten. Aldaketara inguratu nahian edo, urrats txikiak ematen ari gara; halere, urrutitik ere ez dugu bizi garai hauek eskatzen duten birplanteamendu eta iraultza. Aldaketa lortuko badugu, hura hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion eskutik etorri beharko da. Irakasleok giltza gara aldaketa hori gauzatuko badugu. Baina nahi dugu? Prest gaude? Sinesten dugu horretan?

Garbi dago teknologia berriak eguneroko praktikan txertatzeak irakasleon rola aldatzea ekar dezakeela, eta ekarri beharko lukeela. Jada ez da nahikoa irakasleak informazioaren igorle hutsak izatearekin; izan ere, informazioa ikasliburu, betiko entziklopedia eta irakasleon jakintzatik harago eskura baitaiteke; hortxe daukagu, sarean, denon eskura. Baina, kontuz! XXI. mendeko irakasleak ez du teknologiaren menpe bizi behar, teknologia bere mesederako erabili behar du, bere helburu didaktikoak errazago lortzeko.

Aldaketa unearen trena galdu nahi ez badugu, irakasleok beste konpetentzia batzuk garatu beharko ditugu: ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan tutore eta gidari lanak egiteko gai izan, informazio uholdearen aurrean gure ikasleak ito ez daitezen eta autonomiaz eta kritikotasunez joka dezaten saiatu, gure baliabideak diseinatzeko urratsak eman (horretarako digitalki konpetenteak ere izan beharko dugu), beste irakasleekin elkarlanean aritzeko gaitasuna areagotu (horrela baino ez dugu lortuko gure ikasleak ere elkarlanean aritzea)… Horretaz gain, irakaslearen jardunak indar handiagoa ipini beharko luke ikasleak bere kasa ikas dezan –haren gidaritzapean, noski–, eta bizitzan zehar ikasteko grina ere piztu beharko lioke. Irakaslea informazio eta komunikazio teknologiak eskaintzen dituen aukera guztiei adi dagoen profesionala beharko luke, eta aukera horiek baliatu ikasleen ikasketa-prozesua egokiago, arrakastatsuago eta erakargarriago egiteko. Aldi berean, etengabe aldatzen ari den gizarte honetan, bere jarduna modu kritikoan etengabe berrikusteko gai izatearekin batera, ikasleari ikasten ikastea lagundu beharko lioke. Ondo legoke gure jarreraren ardatza eguneratuta egotea, aldaketen aurrean irekiak eta aldaketa horiek aurrera eramateko prest izatea (ez baitugu ahaztu behar oraingo ikasleak oraindik existitzen ez diren lanetarako prestatzen ari garela).

Hori guztia ez du programa batek ekarriko; izan ere, erabiltzaileak hautatzen baitu tresna nola eta zertarako erabili. Hori, neurri handi batean, gure jarrera eta aldaketaren beharra sumatzeak baino ez du ekarriko; halere, denok dakigu konpromisoa lortu ahal izateko, borondateaz gain, nahitaezko direla formazioa, laguntza, taxuzko eduki digitalak eta azpiegitura egokiak. Ohiko gurpil zoroan sartu nahi ezean, irakaslearen rola berrasmatu behar dugu. Oraintxe da horretarako une aproposa.

"azkue fundazioa" "creative commons" "euskal literatura" "gaurko hitza" "infografiak euskaraz" "software askea" aipuak amarauna aplikazioak artikuluak aurkezpenak azkue begikoak bideoak blogariak ebentoak EGA ekt elkarrizketak euskaljakintza euskara euskovision hezkuntza hitzapasa ideiak ikastaroak ikastola ikerketak IKTeroak infografiak inspiration ipad irakaskuntza itzulpenak jardunaldiak maitego mu nonick prezi sarrera sopa sustatu twitter txostenak wikipedia

WP Cumulus Flash tag cloud by Roy Tanck and Luke Morton requires Flash Player 9 or better.