Kaixo mundua!
Ez zait nire burua aurkeztea gustatzen. Zehatzago esanda, ez dut batere gustuko nire burua aurkeztea, definitzea, sailkatzea eta, orokorrean, etiketak ez ditut atsegin. Traba galanta etiketak hain garrantzitsuak diren interneteko mundu honetarako, bai, badakit!
Hori horrela izanda ere, nonbaitetik hasi behar, eta bukaeratik hasiko naiz. Azkenaldi luze honetan, bizitzak, afizioek, lanak, lagunek… garai batean nekez irudikatu ahal izango nuen bide batetik eraman naute: sarea, lagun berriak, internet, teknologia berriak, web 2.0 mundua, ikastaroak, hitzaldiak, formazioa, irratia… Maiz pentsatu izan dut, nire txokoa izanda, gustura emango nuela noizbehinka horien berri baina, bestalde, zurrunbilo horrek berak ekarritako muga, astirik eza, izan da eragozpen nagusia pentsamendu, bizipen eta esperientzia berri horiek partekatzeko garaian. Hutsune hori betetzera dator, beraz, maitego.com txokoa. Hemendik aurrera, hementxe geratuko dira jasota nire ibilerak (zabal daitezkeenak, behinik behin). Ez nuke nahi gune formal bat izatea; aitzitik, lagunartekoa eta erabat irekia bihurtzen saiatuko naiz. Gonbidatuta zaudete denok zuen iritziak, ikuspuntuak, kritikak (positiboak nahiz negatiboak), proposamenak edo bururatzen zaizuen oro botatzera.
Ikus dezakezuen bezala, nire txoko berri hau, Google Translate horren antzera, minus alpha fasean dago. Baina, horrela abiatuko naiz (itxura honekin eta ezer gutxi gehiagorekin); egongo da, baina, denbora eta gogoa horiek hobetzen joateko. Jakin badakit bide luze bezain malkartsua dagoela nire zain, eta horixe irudikatu nahi izan dut aldameneko argazkiarekin.
Amaitzeko, Wikipediak dio unibertsoa existitzen den materia eta energia guztia eta hauek existitzen diren espazio eta denboraren batasuna dela. Nik ere nahi nituen, bada, nire materia eta energia guztia bilduko zituen espazioaren batasuna. Horregatik, maitego.com txoko honetaz gain, maitego.net agregatzailea ere abian ipini dut (goiko aldean, eskuinean, dagoen irudiari klik eginez ere, sar zaitezkete bertan). Hori nire unibertsoa izango da eta bertan bilduko ditut azken urteotan hortik zehar sakabanatuta izan ditudan planeta guztiak: euskaljakintza, gaurko hitza, hitzapasa, twitter, delicious, vimeo, friendfeed… Eta, noski, blog hau. Begi kolpe batean denak batera ikusteko bidea besterik ez da (jatorrizko guneetara joateko, zabaltzen den leiho bakoitzean, beheko aldean agertzen den izenburuan klik egin).
Besterik ez, oraingoz. Ongi etorriak izan zaitezte nire txokora eta, 2005eko uztailean euskaljakintzari hasiera eman nion egunean esan nuen bezala, “gero gerokoak baina, oraingoz, audentes fortuna iuvat!”
