18
urr

5 proposamen euskara sarean zabaltzeko

Aurreko batean, Karrikiri elkartekoek gonbidapena luzatu zidaten, urriko Karrika aldizkariaren alean, Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintza Transmisioaren aditu tituluan hitz egin nuena idatzi batean jaso nezan. Bere garaian aipatu nuen hemen zerbait, baina artikuluak hitz gutxikoa izan behar zuenez, amaiera aldean  euskara sarean sustatzeko egin nituen 10 proposamenetatik 5 jaso ditut. Hurrengo baterako uzten ditut bota nituen beste bostak.

5 proposamen euskara sarean zabaltzeko

Karrika (Iruñeko euskaldunon elkartearen buletina). 153. zenbakia, 2011ko urria.

Inori ez dio ihes egiten IKTek, Informazio eta Komunikazio Teknologiek, eta Internetek berak, aldaketa handiak ekarri dizkietela hizkuntzei. Neurri handi batean, egun, hizkuntza baten nagusitasuna sarean duen presentziaren baitan neurtzen da, dituen eduki eta ailega daitekeen erabiltzaile kopuruaren baitan. Garrantzitsua da, beraz, gai zehatz bati buruzko informazioa, jokoak, bideoak, ariketak… edukiak, azken finean, euskaraz eta eskura izatea. Horrela izanda, eduki horiek gure hizkuntzan ala beste batean kontsumitzea hautatuko dugu, baina hautu kontua izango da, eta ez beharra.

Gauzak horrela, begi-bistakoa da zenbaterainokoa den gai honi eman beharreko garrantzia. Alde batetik, Administrazioak, Euskaltzaindiak, euskara elkarteek, euskaltegiek eta hezkuntza alorrekoek, hau da, euskara bultzatu nahi duten erakundeek euren bidea jorratu beharko dute, ahalik eta eduki gehien erabiltzaileon eskura ipiniz. Bestetik, hori bezain garrantzitsua da beste guztion, gu guztion, ekarpena. Eta hari horretatik tira eginez dator nire proposamena: gutariko askok gure harri koskorra ipini nahi dugu hedapen horretan laguntzeko, baina, sarearen zoko-mokoak ezagutzen ez ditugunez, noraezean ibiltzen gara. Ez dakigu nondik hasi edo nora jo.

Sarea euskarazko edukiez hornitzea gure esku dago, euskararen presentzia hedatzea nahi dugunon esku. Gure esku dago, bai, eta, neurri handi batean, gure erantzukizuna ere bada, erabiltzaile huts izatetik sortzaile izatera ahalbidetzen duten tresnak edonoren eskura baitaude gaur egun. Ez dago aitzakiarik, beraz, borondatea izaki, ekarpenak egiteari ez ekiteko: nork bere esparruan, gustuko dituen gaietan, eta bere neurri txiki zein handian.

Jarraian datozen proposamenak, beraz, azken hauei zuzendutakoak dira:

1. Iruzkinak utzi
Hasierako urratsa izan daiteke besteen blogetan edota komunikabide ezberdinetan (Sustatu, Zuzeu, Argia, Berriako blogetan…, batzuk aipatzearren) iruzkinak uztea. Sarean eta euskaraz idazteko ohitura ez duen edonori kosta egingo zaio urrats hori ematea, baina nondik eta zertan hasi ez dakienarentzat aproposa izan daiteke.

2. Bidali zure artikuluak agerkari digitaletara.
Blogetan, etab. utzitako iritziek artikulu osoak idaztera eraman zaitzakete. Egun, ez da oztopo  nork bere bloga ez izatea iritzia edo dena delako informazioa plazaratzeko. Sustatu agerkari digitalak, adibidez, badu ‘zeuk idatzi’ deituriko atala. Zure ekarpena bertara igor dezakezu. Zuzeun ere beste hainbeste egin dezakezu.

3.  Blog bat sortu gustuko duzun gaiaren inguruan:
Beste aukera bat zuk zeuk blog bat sortzea da. Denok dugu zerbait esateko (eremu profesionalean, zaletasunen inguruan, iritzi pertsonalak…). Hori garbi dago; beraz, zergatik ez? Zure txokoa izanda, zure gaien inguruko edukiak euskaraz kalera ditzakezu, horien inguruko ekarpenak bideratu, elkarrizketa sustatu… Dohainekoak dira eta ez da aparteko ezagutza teknologikorik behar (testu editore arruntak izaten dira). Blog bat sortu nahi baduzu, dohaineko plataforma ezberdinen artean duzu aukera: blogariak.net, blogak.com, mundua.com, wordpress.com

4. Euskarazko Wikipedia sustatu:
Wikipedia 200 hizkuntza baino gehiagotan idatzitako entziklopedia askea da. Euskaraz ere badago. Edozeinek edita dezake eta bere edukiak guztion esku daude. Eduki berriak sortu, daudenak hobetu edota beste hizkuntza batzuetan sortutako artikuluak itzuli denon eskura dauden aukerak dira. Egin klik Wikipedian idazteko eta laguntzeko informazio eta arauak irakurtzeko.

5. Sortu kontu bat Twitterren:
Twitter, Wikipediak dioen bezala, “gizarte-sare eta microblogging zerbitzua da, bere erabiltzaileei testu soileko mezuak bidaltzea ahalbidetzen diena, 140 karaktereko gehienezko luzerarekin”. Egun dauden zerbitzuenetatik interesgarrienetako bat da, eta informazioa eta edukiak alde batetik bestera mugitzeko oso baliagarria da. Euskal komunitatea aktiboa da oso Twitterren; halere, zenbat eta gehiago izan, orduan eta errazago zabalduko ditugu gure edukiak. Beraz, zure kontua zabaldu nahi baduzu, zoaz Twitter.com –era eta hasi barreiatzen euskarazko edukia.

Ekimen ugari egin daiteke euskara sarean hedatzeko, eta aipatutako hauek adibide xume batzuk baino ez dira. Horietatik edo dauden beste hamaika aukeretatik hautatzen duguna hautatzen dugula ere, kontuan izan behar dugu, benetako zabalkuntza lortze aldera, komeni dela sortutako oro lizentzia libreekin partekatzea eta sare sozial ezberdinetan hitza hartzen dugun oro gure lehena euskaraz izatea.

26
ira

Android mugikorrentzako euskarazko teklatu adimenduna erabiltzeko prest

Nonickeko azken edizioan, Nonick 011, hizlarietako bat  Ben Medlock gazte britainiarra izan zen, TouchType enpresako CTO eta sortzaileetako bat. Medlock SwiftKey tresnaz aritu zitzaigun: mugikorrean idatzi ahala, hitza iragartzen duen aplikazioa. EITBko Lontzo Sainz eta biori interesgarria irudituta, Medlocki galdetu nion ea euskaraz garatzea oso zaila ikusten zuen (beste hizkuntza pila batean erabiltzeko aukera badago). Erantzun zidan euskarazko hitzak behar zituztela, corpusa.

Euskara Aholku Batzordeko IKT ataleko buru den Lurdes Auzmendirekin harremanetan jarrita, beraiek ere interesgarri ikusten zutela garapena eta TouchTypekoekin hitz egingo zutela esan zidan. Gauzak horrela, bai eitb.com-ek eta bai Jaurlaritzako Euskara Aholku Batzordeak ere testuak eta corpusa bidali zuten. Horietan oinarrituta egin du  TouchType enpresak garapena.

Udan zehar hainbat erabiltzailek aplikazioa probatu eta gero, gaur iragarri dute eitb.com-en aplikazioa jaisteko moduan dagoela ‘Android market’-en (oraingoz sistema operatibo hori duten mugikorrentzat baino ez dago erabilgarri).  Aipatutako artikuluan guztia azalduta dagoenez, ez naiz gehiago luzatuko.

Amaitzeko, hementxe uzten dizuet Joxe Rojasek egindako bideotutorial bikaina, aplikazioa probatzera animatzen bazarete, laguntza izan dezazuen:

22
ira

Google aplikazioei buruzko nire txokoa denon esku

Azkenaldian, behin baino gehiagotan suertatu zait Google aplikazioei buruzko ikastaroak ematea (Hik Hasi Udako Topaketak, Garatu…). Jakina den bezala, posta kontu bat baino ez da behar Googlen, Gmailen hain zuzen, postaz gain, beste hamaika aplikaziora sarbidea izateko une horretantxetik aurrera. Aplikazio horietako asko eta asko guztiz interesgarriak, praktikoak eta erabilerrazak dira, eta ezaugarri horiek egiten dituzte aproposak hezkuntza munduan IKTak txertatzen hasteko, batik bat, urrats hori emateko errezeloa erakusten duten irakasleen artean. Aurreko guztiari erantsi behar zaio Googlek Google Apps for education deituriko aplikazio pakete osoa eskaintzen duela, doan, irakaskuntzan erabili ahal izateko. Hari horretatik tira eginez, gero eta ikastetxe gehiago ari da sartzen Google Apps aplikazio bilduma euren ikastetxeetan.

Erabili, beraz, erabiltzen da/dugu. Ezin dugu ahaztu, baina, Google aipatzean, badaudela alderdi batzuk albo batera utzi ezin ditugunak. Alde batetik, gutako batzuk hainbatetan aldarrikatu dugun euskararen presentzia. Hainbat aplikazio euskaratuta badago ere, osotasunean ez.  Aplikazio zehatzak euskaraz erabili nahi baditugu, aplikazioen arteko nabigazio menua desagertu egiten da eta horrek batetik bestera ibiltzeko aukera zaildu egiten du. Hori horrela izanik, askok gaztelaniaz edo ingelesez erabiltzeko hautua egite dute. Bestalde, ezin dugu ahantzi hain kritikatua izan den Google ahalduna hartzen ari den monopolio itxura. Noraino lagundu behar dugu irakasleok bide horretan?

Guztiarekin ere,  Google Unibertsoa deituriko txoko bat sortu nuen Google Sites aplikazioa erabilita (guneak modu errazean egiteko aukera ematen duena), handik eta hemendik topatzen nituen erreferentzia eta baliabide interesgarriak biltzeko asmoz. Nire baratzeko baratxuri batzuk, hau da, nik sortutako hainbat baliabide (bideotutorial eta aurkezpen) ere bertan txertatu ditut. Txoko hau ikastaroetan erabili izan dut, eta beste norbaiti ere erabilgarria gerta dakiokeela irudituta, hementxe uzten dut denon eskura.

Bideotutorial bat, adibide gisa:

  • Google Unibertsoa
  • 22
    eka

    Teketen eta biok Euskal Kulturgintzaren Transmisio aditu tituluan

    Aurrekoan, Gorka Julio (@teketen) eta biok Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluko saio batera gonbidatu gintuzten. Oso gustura onartu genuen 3. edizio honetan parte hartzeko gonbidapena -are gehiago gure lagun Patxi Gaztelumendik graduondokoari eskaini dion ekultura.net blogean idatzitako hitzak irakurri ondoren-, eta hantxe izan ginen kontu kontari bakoitza ordu pare batez.

    Jende interesgarri mordo batek hartu du parte aurtengo edizioan. Gai anitzak eta hainbat zaletasun ezberdin, baina pasio partekatu bat: euskara.

    Ikasturte honetan ere jarraipen estua egin zaio medio ezberdinetatik EKTri: Joanes Imaz kazetariak irratsaio bereziak prestatu ditu Julian Belokik aurkezten duen Jakin minez irratsaiorako, eitb.com webgunearen barruan orri bat eskaini zaio graduondoari, Patxi Gaztelumendiren jarraipena aipatutako ekultura.net blogean, Berria.tb-n laburpen bideo guztiak daude ikusgai eta Berria egunkarian asteartero Beñat Gaztelumendiren kronika argitaratu dute.

    Banuen asmoa honi buruz lehenago hitz egiteko; halere, gauza bat dela eta bestea, azkenean, egitekoen zerrenda luzean geratuta zegoen gaur Agirregabiriak eta Rober Gutiérrezek tuit banatan gure parte hartzea gogorarazi didaten arte. Beraz, handik eta hemendik aterata, hementxe uzten ditut gure saioen laburpenak eta irratirako egindako elkarrizketak:

    Bideoa:


    null

    Irratsaioa




    Zorionak EKT taldeari, azken urteetan egindako lanagatik!

    11
    eka

    InnTK2011 datorren astean Tknikan

    Datorren astezkenetik ostiralera Tknika Lanbide Heziketarako berrikuntza zentroak bere egoitzan ospatuko den berrikuntza jardunaldietara joateko gonbitea luzatu du. Hiru egun horietan zehar denetarik ikusi, ikasi eta entzuteko aukera izango da; izan ere, programa oso zabala baita. Ni ere hantxe izango naiz, ostiralean. Tknikakoek PLE (Personal Learning Environment) delakoari buruzko aurkezpena egitea eskatu didate eta horri buruz mintzatuko naiz. Nire ekarpena “Gela birtualetik ikasketa ingurune pertsonalizatuetara” izango da.

    Norbaiten interesekoa izango delakoan, hementxe uzten dut antolatzaileek zabaldu duten gonbidapena:

    Tknikak berrikuntza esperientzia bikainak ezagutzera gonbidatzen zaitu. Jardunaldi hauetan, teknologiaren, irakaskuntzaren eta kudeaketaren alorrean Lanbide Heziketaren berrikuntza bultzatzeko gakoak emango dizkigute punta-puntako hizlariek.

    Ezagutu ezazu 3 egun hauetako hitzaldi eta tailerren programa zabala eta  aukera ezazu interesgarriena iruditzen zaizuna.

    1. jardunaldia, ekainak 15: “Berrikuntza Irekia”.
    2. jardunaldia, ekainak 16: “Iraunkortasun Teknologikoa”.
    3. jardunaldia, ekainak 17: “Ikaskuntza zirikatzen”.


    • Edukiera mugatua. Jardunaldietan izen-emateko, sakatu HEMEN.
    • Jardunaldien programa osoa ikusteko, sakatu HEMEN. [pdf]

    « Aurreko orrialdea  Hurrengo orrialdea »

    "azkue fundazioa" "creative commons" "euskal literatura" "gaurko hitza" "infografiak euskaraz" "software askea" aipuak amarauna aplikazioak artikuluak aurkezpenak azkue begikoak bideoak blogariak ebentoak EGA ekt elkarrizketak euskaljakintza euskara euskovision hezkuntza hitzapasa ideiak ikastaroak ikastola ikerketak IKTeroak infografiak inspiration ipad irakaskuntza itzulpenak jardunaldiak maitego mu nonick prezi sarrera sopa sustatu twitter txostenak wikipedia

    WP Cumulus Flash tag cloud by Roy Tanck and Luke Morton requires Flash Player 9 or better.