05
urt

Moodle tresnen gida euskarara itzulia

Mondragon Unibertsitateko online taldean nagoenetik, Moodle plataformarekin harreman oso estua dut; izan ere, nire zereginetako bat fakultate ezberdinetako irakasleen online formazioa da, eta unibertsitatean horixe da erabiltzen dugun plataforma, bai gure online ikastaroak garatzeko eta baita gure aurrez aurreko irakasgaiak osatzeko ere.

Moodle eta Web 2.0 tresnen arteko  integrazioa da gure helburuetako bat eta, bide horretan, Iñaki Larrea (@ilarrea) lankideak eta biok ikastaro bat garatu dugu gure irakasleak online irakaskuntzan trebatzeko asmoz: Curso para la  Formación de profesores online: metodologías activas e integración de herramientas 2.0 en Moodle. Ikastaroa Berlinen, Online Educa Berlin 2011n, eta MoodleMoot Spain 2011 Donostian aurkezteko luxuzko aukera izan dut (aurkezpenetako bat streaming bidez bota zuten eta grabatuta dago; beraz, beste batean ipiniko dut hemen, online formazioan edo Moodle plataforman interesatuta egonez gero, ikusi ahal izateko).

Gaur, dena den, duela aste batzuk Donostian ospatutako MoodleMootean (Moodle Plataformaren erabiltzaile, garatzaile, administratzaile, eta abarren topaketa) ezagututako Joyce Seitzinger-en Moodle Tool Guide for Teachers delakoaz hitz egin nahi dizuet. Moddle erabiltzen hasten diren irakasleak askotan galduta ibiltzen dira, ez baita erraza  helburu jakin baterako zein tresna erabil daitekeen jakitea hasiberritan. Joycek taula interesgarri bat garatu du zeinetan alor teknikoa eta pedagogikoa elkartzen dituen. Zer lortu nahi duzu? Bada, horretarako tresna jakin hau egokiagoa da beste hura baino. Horixe da azken finean taulak eskaintzen diguna. Taula ezagutu nuenean, oso interesgarria iruditu eta euskaratzeko dudan materialaren karpetan sartu nuen, eta hortxe nuen ea tartea noiz hartuko nuen zain.

Baina ez zen geratu hor kontua. Bizitzak, zoriak edo nik zer dakit zerk  Joyce  aurrez aurre ezagutzeko aukera eman zidan aipatutako jardunaldietan. Bere hitzaldia entzuten ari nintzela, eta geroago berarekin hitz egiten, konturatu nintzen  Australian bizi ala Ordizian, zer gertu egon daitezkeen bi pertsona: juxtu-juxtu gai eta interes berdintsuen inguruan mugitzen gara eta lan egiten dugu. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiot Joyceri ez bakarrik egiten ari den lanagatik, baita Australiara gonbidatzeagatik ere! :-)

Kontuak kontu, hementxe dago bere  ‘Moodle Tool guide for Teachers’ ezaguna euskarara itzulia. Beti bezala, eskertuko nizueke edozein akats ikusten baduzue edo zerbait ez dela ondo ulertzen iruditzen bazaizue,  jakinaraztea.

Egin klik irudiaren gainean, jatorrizko neurrian ikusteko edo jaisteko.

 

11
eka

InnTK2011 datorren astean Tknikan

Datorren astezkenetik ostiralera Tknika Lanbide Heziketarako berrikuntza zentroak bere egoitzan ospatuko den berrikuntza jardunaldietara joateko gonbitea luzatu du. Hiru egun horietan zehar denetarik ikusi, ikasi eta entzuteko aukera izango da; izan ere, programa oso zabala baita. Ni ere hantxe izango naiz, ostiralean. Tknikakoek PLE (Personal Learning Environment) delakoari buruzko aurkezpena egitea eskatu didate eta horri buruz mintzatuko naiz. Nire ekarpena “Gela birtualetik ikasketa ingurune pertsonalizatuetara” izango da.

Norbaiten interesekoa izango delakoan, hementxe uzten dut antolatzaileek zabaldu duten gonbidapena:

Tknikak berrikuntza esperientzia bikainak ezagutzera gonbidatzen zaitu. Jardunaldi hauetan, teknologiaren, irakaskuntzaren eta kudeaketaren alorrean Lanbide Heziketaren berrikuntza bultzatzeko gakoak emango dizkigute punta-puntako hizlariek.

Ezagutu ezazu 3 egun hauetako hitzaldi eta tailerren programa zabala eta  aukera ezazu interesgarriena iruditzen zaizuna.

  1. jardunaldia, ekainak 15: “Berrikuntza Irekia”.
  2. jardunaldia, ekainak 16: “Iraunkortasun Teknologikoa”.
  3. jardunaldia, ekainak 17: “Ikaskuntza zirikatzen”.


  • Edukiera mugatua. Jardunaldietan izen-emateko, sakatu HEMEN.
  • Jardunaldien programa osoa ikusteko, sakatu HEMEN. [pdf]

22
api

Donostiako II. Hiritar Digital Nazioarteko kongresuaren osteko gogoeta

Lehengo astean, Diariovasco.com-ek antolatutako II Hiritar Digital Nazioarteko kongresuan izateko aukera izan nuen. Teknologiaren eragina politikan eta gobernaketan izan zen jorratutako gaia (ikus programa osoa eta Twitter #CICD haria). Ez nuen kongresuari buruz  idazteko asmorik, batez ere, denborarik izan ez dudalako patxadaz harri buruz hausnarketa egiteko, baina aurrekoan Luistxo Fernandezek Codesyntaxeko blogean (Reflexiones donostiarras tras un congreso de Ciudadanía Digital) eta Sustatun idatzitakoa (Donostiako Hiritar digitalen biltzarraren ostean hausnartzeko) irakurri ondoren, niri ere hainbat burutazio etorri eta Sustatun bota nituen erantzunetan. Hemen ere uzten ditut antolatu gabeko ohar batzuk baino ez diren hauek, nire txokoan ere jasota gera daitezen.

Luistxo, bi egun horietan zehar zurekin honetaz eta hartaz zuzenean hitz egiteko aukera izan banuen ere, komentatu nahi nizun erabat ados nagoela zuk hain garbi eta hain ondo azaldutakoarekin. Denetarik egon zen kongresuan, bi egunetako jardunaldietan gertatu ohi den bezala, baina orokorrean hitzaldien edukia, sakontasuna eta adierazteko modua maila altukoak zirela esango nuke. Ados nago, halaber, azpimarratzen dituzun hizlariekin, Yuri Morejon (Internet erabakigarria da hauteskundeak irabazteko) eta Antoni Gutiérrez-Rubíren (Alderdi politikoa egitura gisa IKTen garaian) ekarpenak bereziki interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Azken honen artikulu hau gomendatuko nuke: “Elites desconectadas”.

Horretaz gain, hementxe doaz burura datozkidan hainbat ideia han entzundakoaren eta zuri irakurritakoaren haritik:

  • Asko hitz egin da gobernutik datuen irekieraz, partaidetzaz, etab., denok parte hartu ezin dugun toki/egoera batean. Nahiko ironikoa iruditzen zait. E-government ugari, baina non geratzen da benetako e-governance delako hori? Ez nuen entzun hemengo adibiderik…
  • Gardentasun lege baten beharra. Beste herrialde batzuekin konparatuta, eskas samar omen gabiltza horretan.
  • Ez omen da gauza bera herritarroi entzutea edo guk, herritarrok, benetan entzunak garela sentitzea. Ados nago. Honek ere ekartzen du politikoenganako aipatutako “desafekzio” edo gaitzuste hori.
  • Hauteskundeak irabazteko, politikoei botoa emateko… zirrara sentiarazi behar omen digute politikoek. Non gaude horretan? Noiz sentitu zenuen azken aldiz zirrara politiko bati entzutean?
  • Kanpaina garaian erraza da politikoek (edo norbaitek beraien izenean) blog bat zabaltzea, Twitterren eta Facebooken kontua egitea… Azkenaldian, politiko asko ari da hori egiten. Baina zein da benetako asmoa, entzute aktibo bat egitea edo sare sozialetan egotea Obamaren kanpaina arrakastatsuaren sukarrak jota? (Twitter eta Facebooken kontua zabaltzen duten politikoak badira, gero prentsaurrekoetan galderarik onartzen ez dutenak…)
  • Europako parlamentuaren presentzia sare sozialetan komentatu ziguten. Ondo, baina non geratzen da Twitterren (edo beste hainbat mediotan) europarlamentarioek jasotako astindua dieten kobratzea edo hegaldiak zein klasetan egiten dituzten gaiak direla eta? Nola kudeatzen dira sarean horrelakoak? Esan nahi dudana da aholku ugari eman zirela maila abstraktuan, baina gutxi hitz egin zela errealitatean gertatutako arazoen inguruko kudeaketaz. Egon badaude sare sozialetan, baina ba al da politikorik, partidurik…benetako entzute aktiboa egiten duenik bertan? Dena den, ez zait orokortzea gustatzen eta iruditzen zait inguruan ikus daitekeela aldea, sarean duten jokabideari dagokionez, batzuen eta besteen artean.
  • Atril osteko politika ez omen da jada baliagarri. Eredurik garbiena Auzmendiren hitzaldian ikusi genuen. Twitterren irakurri ahal izan zen moduan (hainbatetan errespetu kaskarrez, dena esan beharra dago), ez forma ez edukia ez ziren, ez, egokiak izan. Mezua zabaltzeko, egun, denak ez du balio. Lastima politikari gehiagok ikusi ez izana bere aurkezpena; izan ere, nik uste baitut hitzaldi irakurriek -norberak edo beste norbaitek idatzitakoek, eta salbuespenak salbuespen- eta “bla-bla-bla”-ek gaur egun inor gutxi konbentzitzen dutela (aldez aurretik, politikariak hitza hartu baino lehen, jada konbentzituta dauden horiek izan ezik). Horretaz gain, erabat ados nago zurekin, Auzmendik ez zion kongresuaren gaiari heldu eta bere hitzak tokiz kanpo geratu ziren. Kongresuaren gaia teknologiaren eragina politikan eta gobernantzan izanik, HPSren egitasmoek –interesgarriak eta garrantzitsuak izan arren- ez zuten bat egiten kongresuaren helburuekin. Eta interesgarriak eta garrantzitsuak dira, nire uste apalean. Dakizun bezala lehen eskutik bizi dut hori eta nire ahalegin guztia egingo dut nabilen esparru mugatuan, IKTetan, horiek aurrera atera daitezen euskararen mesederako badira, baina egia da horiekin ez dela nahikoa eta, orokorrean, Administrazioaren burutik hasita, hutsunea nabarmena dela euskararekiko. Baina horiek beste kontu batzuk dira eta beste baterako utzi beharko ditugu…
  • Aurrekoa irakurrita eman dezake dena politikarien esku dagoela, onerako ala txarrerako, baina ez dugu ahaztu behar herritarrok ere badugula horretan erantzukizuna. Aukera mordo bat dugu parte hartzeko eta askotan ez dugu aprobetxatzen aukera hori behar bezala. Parte hartzea kexatzearekin edo kritikarekin nahasten dugu (gutxitan kritika eraikitzaileak edota ekarpenak egiteko, zorionak emateko, …) eta horretan ere bide luzea daukagu aurretik. Benetako partaidetzaren kultura sustatu nahi bada, eskoletan eta familietan landu beharko da gaia eta horretan ere urratsak ematen hasi beharko gara.

08
api

II. blogsovieta

Gezurra badirudi ere, urtebete pasatu da dagoeneko Andoaingo Itzalagunean I. Blogsovieta ospatu genuenetik. Batzar hartatik ateratako blogak pixkanaka-pixkanaka aurrera doaz, besteak beste, irakurtzen ari zaren hau. Hementxe doa zerrenda osoa:

Ia konturatu gabe iritsi zaigu II. Blogoviet batzarra ospatzeko ordua: internet, sarea, arazo teknikoak eta ez hain teknikoak… Horiek eta gehiago izango ditugu hizpide datorren igandean, Tolosako Errotan, goizeko 11:00etatik aurrera. Berria bazara eta zure domeinu propioarekin blog bat eduki nahi baduzu, hauxe izan daiteke aukera polita.

Honetaz eta hartaz aritu ondoren, bazkaritxo bat ere egingo dugu; beraz, logistika kontuak direla eta, etorri eta bazkaltzen gelditzeko asmoa baduzu, utzi iruzkinetan izena.

Bigarren urte hau ospatzeko bideo eta guzti daukagu! Asier Arsuagak, @artsuaga -k (eta ez Gorka Juliok, lehen ipinita nuen bezala), egindakoa da eta hementxe uzten dut… :-)

30
mar

Alez ale, elez ele

Lehengo astean, Azkue Fundazioak gonbidatuta, “Sarea Pil-pilean”, jakintza librearen II jardunaldietan parte hartzeko aukera izan nuen. 3 ataletan banatu zen jardunaldia. Lehenengoan,”Zizka-mizkak” deituriko atalean, Interneti, teknologiari, euskarari eta ezagutza libreari lotutako 5 egitasmo desberdin azaldu genituen, PechaKucha formatuan (20 irudi/20 segundo): interneteko tendentziak (Iruri Knör), Berriketan.info (Jon Ordoñez), Kaixomaitia.com (Iñigo Arandia), Gaztezulo.com (Igone Fernandez) eta nik euskari lotutako sarean ditudan hainbat egitasmo aurkeztu nituen “Alez ale, elez ele” aurkezpenean.

Jarraian, talde dinamika jarraituz, ondorengo hiru galderen inguruan hausnarketa egin genuen:

  • Zer egin daiteke gazteenen artean jakintza librea sustatzeko?
  • Zer egin dezakete erakundeek interneten euskararen erabilera normalizatzeko?
  • Zer egin dezakegu sarean euskarazko eduki gehiago sortzeko?

Hausnarketatik ateratako ondorioen zain geratuko gara. Bitartean, hementxe uzten ditut nire aurkezpenaren bideoa eta erabilitako irudiak. Kronika osoa (“Sarea Pil-pilean”, jakintza librearen II jardunaldiak ospatu ziren atzo Deustuko CRAI liburutegian) Azkue Fundazioko orrian irakur dezakezue.

Aurkezpena:


 

Bideoa:

Hurrengo orrialdea »

"azkue fundazioa" "creative commons" "gaurko hitza" "infografiak euskaraz" "software askea" aipuak amarauna artikuluak aurkezpenak azkue begikoak bideoak blogariak ebentoak EGA ekt elkarrizketak euskaljakintza euskara euskovision hezkuntza hitzapasa ideiak ikastaroak ikastola ikerketak IKTeroak infografiak inspiration ipad irakaskuntza itzulpenak jardunaldiak konpetentziak maitego mu nonick prezi radiohead sarrera sopa sustatu twitter txostenak wikipedia

WP Cumulus Flash tag cloud by Roy Tanck and Luke Morton requires Flash Player 9 or better.