Prezi erabiltzeko gidak, oinarrizkoa eta aurreratua, euskaratuta
Prezi aurkezpenak egiteko aplikazio bat da. Ezagunagoak diren beste aplikazio batzuk, PowerPointa adibidez, diapositibaz diapositiba mugitzen diren bitartean, honek ez du ohiko modu lineala erabiltzen edukiak aurkezteko, beste sistema bat baizik. Hitzak, estekak, bideoak… mapa bisual antzeko batean txertatzen dira eta aurkezpenean zehar eduki horiek urruntzen eta hurbiltzen joaten dira. Berezi samarra denez, egokiena adibide bat ikustea izan daiteke hobeto ulertzeko. Hementxe dituzue Benito Fizek bere garaian Karrajuan utzitako adibidea eta azalpen garbia.
Asko hitz egin eta idatzi da aurkezpenak egiteko tresna honi buruz, eta Twitterren eztabaida sutsuak egon dira tresna honen erabilgarritasunaz. Batzuen ustez, ez da oso baliabide egokia, zoom sistema honen ikusgarritasuna dela eta, edukiak garrantzia galtzen duelako. Niri, aldiz, asko gustatzen zait. Aurkezpen guztien helburua ez da beti bera, jakina. Batzuetan gure hitzak nabarmendu nahiko ditugu; besteetan, aldiz, irudi edota hitz zehatzen bat; beraz, aurkezpen mota ezberdinetarako tokia eta aukera badagoela iruditzen zait.
Bada, duela hilabete inguru, Dolors Reigen El Caparazón blogean erreminta hau erabiltzen ikasteko gida ofizialak gaztelaniara itzuli zituela ikusi nuen. Une hartan, euskararekin gauza bera egitea ondo legokeela pentsatu nuen, baina galtzak bete lan nituen eta zeregina beste une baterako utzi behar izan nuen. Gauzak horrela, egunotan ataza atzera hartu, eta oinarrizko gida eta aurreratua euskaratzeari ekin diot.
Itzulpenarekin hasi aurretik, Prezi akademiarekin harremanetan ipini nintzen (asmoa, Dolorsek egin zuen bezala, gida ofizialak euskaratzea baitzen). Itzulpena amaitutakoan beraiei bidaltzeko esan zidaten. Halaxe egin dut; beraz, ea beste hizkuntzetako gidekin batera, euskarazkoa ere, gune ofizialean ipintzen duten.
Hementxe uzten dizkizuet bi gidak:
Aurreratua
Prezi euskaraz, ikasi Prezi erabiltzen 15 minututan (Prezi akademia) on Prezi
Oinarrizkoa

