Moodle tresnen gida euskarara itzulia
Mondragon Unibertsitateko online taldean nagoenetik, Moodle plataformarekin harreman oso estua dut; izan ere, nire zereginetako bat fakultate ezberdinetako irakasleen online formazioa da, eta unibertsitatean horixe da erabiltzen dugun plataforma, bai gure online ikastaroak garatzeko eta baita gure aurrez aurreko irakasgaiak osatzeko ere.
Moodle eta Web 2.0 tresnen arteko integrazioa da gure helburuetako bat eta, bide horretan, Iñaki Larrea (@ilarrea) lankideak eta biok ikastaro bat garatu dugu gure irakasleak online irakaskuntzan trebatzeko asmoz: Curso para la Formación de profesores online: metodologías activas e integración de herramientas 2.0 en Moodle. Ikastaroa Berlinen, Online Educa Berlin 2011n, eta MoodleMoot Spain 2011 Donostian aurkezteko luxuzko aukera izan dut (aurkezpenetako bat streaming bidez bota zuten eta grabatuta dago; beraz, beste batean ipiniko dut hemen, online formazioan edo Moodle plataforman interesatuta egonez gero, ikusi ahal izateko).
Gaur, dena den, duela aste batzuk Donostian ospatutako MoodleMootean (Moodle Plataformaren erabiltzaile, garatzaile, administratzaile, eta abarren topaketa) ezagututako Joyce Seitzinger-en Moodle Tool Guide for Teachers delakoaz hitz egin nahi dizuet. Moddle erabiltzen hasten diren irakasleak askotan galduta ibiltzen dira, ez baita erraza helburu jakin baterako zein tresna erabil daitekeen jakitea hasiberritan. Joycek taula interesgarri bat garatu du zeinetan alor teknikoa eta pedagogikoa elkartzen dituen. Zer lortu nahi duzu? Bada, horretarako tresna jakin hau egokiagoa da beste hura baino. Horixe da azken finean taulak eskaintzen diguna. Taula ezagutu nuenean, oso interesgarria iruditu eta euskaratzeko dudan materialaren karpetan sartu nuen, eta hortxe nuen ea tartea noiz hartuko nuen zain.
Baina ez zen geratu hor kontua. Bizitzak, zoriak edo nik zer dakit zerk Joyce aurrez aurre ezagutzeko aukera eman zidan aipatutako jardunaldietan. Bere hitzaldia entzuten ari nintzela, eta geroago berarekin hitz egiten, konturatu nintzen Australian bizi ala Ordizian, zer gertu egon daitezkeen bi pertsona: juxtu-juxtu gai eta interes berdintsuen inguruan mugitzen gara eta lan egiten dugu. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiot Joyceri ez bakarrik egiten ari den lanagatik, baita Australiara gonbidatzeagatik ere!
Kontuak kontu, hementxe dago bere ‘Moodle Tool guide for Teachers’ ezaguna euskarara itzulia. Beti bezala, eskertuko nizueke edozein akats ikusten baduzue edo zerbait ez dela ondo ulertzen iruditzen bazaizue, jakinaraztea.




