Pikipalabra
Twitterren (@profenacho08 -ren bidez) izan nuen lehengoan Pikipalabraren berri: Pasapalabra jokoa, baina haurrentzat egokitua. Sartu eta saltseatzen ibili naiz ea nire Hitzapasaren antzik baduen edo, eta pila bat gustatu zait. Dirudienez, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak garatutakoa da, eta baditu hainbat berezitasun Hitzapasari gehitu nahi nizkiokeenak:
- Bakarka edo binaka joka daiteke.
- Joko hasieran hauta daiteke maila (1, 2 edo 3).
- Ez da hitza asmatu behar, hiru aukeren artean zuzena dena hautatu baizik. Honek saihestuko lituzke batzuetan tildekin, etab. izaten ditugun arazoak.
- Hitzapasan ez bezala, datu-base batean daude galderak guztiak (ez artxibo itxietan).
Egia esateko, Hitzapasari hobekuntzak egin nahi hori ez da oraingoa, badaramat denbora bat formatuz aldatu eta beste hainbat berrikuntza eta aukera txertatu nahian, baina ez naiz informatikaria eta egin nahi ditudan aldaketa horientzat laguntza profesionala behar dut. Bueno, ba, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarri, alde batetik, eta, bestetik, laguntza hori lortzen dudan bitartean, bota begitxo bat eredu honi eta iradokizunen bat baduzue, ongi etorria izango da.





