30
mar

Alez ale, elez ele

Lehengo astean, Azkue Fundazioak gonbidatuta, “Sarea Pil-pilean”, jakintza librearen II jardunaldietan parte hartzeko aukera izan nuen. 3 ataletan banatu zen jardunaldia. Lehenengoan,”Zizka-mizkak” deituriko atalean, Interneti, teknologiari, euskarari eta ezagutza libreari lotutako 5 egitasmo desberdin azaldu genituen, PechaKucha formatuan (20 irudi/20 segundo): interneteko tendentziak (Iruri Knör), Berriketan.info (Jon Ordoñez), Kaixomaitia.com (Iñigo Arandia), Gaztezulo.com (Igone Fernandez) eta nik euskari lotutako sarean ditudan hainbat egitasmo aurkeztu nituen “Alez ale, elez ele” aurkezpenean.

Jarraian, talde dinamika jarraituz, ondorengo hiru galderen inguruan hausnarketa egin genuen:

  • Zer egin daiteke gazteenen artean jakintza librea sustatzeko?
  • Zer egin dezakete erakundeek interneten euskararen erabilera normalizatzeko?
  • Zer egin dezakegu sarean euskarazko eduki gehiago sortzeko?

Hausnarketatik ateratako ondorioen zain geratuko gara. Bitartean, hementxe uzten ditut nire aurkezpenaren bideoa eta erabilitako irudiak. Kronika osoa (“Sarea Pil-pilean”, jakintza librearen II jardunaldiak ospatu ziren atzo Deustuko CRAI liburutegian) Azkue Fundazioko orrian irakur dezakezue.

Aurkezpena:


 

Bideoa:

21
Abe

Txorierriko berbalagunak Gaurko Hitza eta Hitzapasarekin bat

Aurreko batean, Txerra Rodriguez ipini zen nirekin harremanetan Txorierriko berbalagunen izenean. Hitzapasa jokoan ibili nahi, baina internetekin arazoak zituztela eta galdetu zidan ea bazegoen modurik konexiorik gabe Hitzapasan ibiltzeko. Nik orain arte sortutako artxibo guztiak bidali nizkien eta, esan zidanez, ederki ibili ziren hitzekin jolasean. Horrelaxe izan genuen elkarren berri.

Kontua da, handik ez askora, Txerrak berriro idatzi zidala Txorierriko berbalagunak Gaurko Hitzaren 2. urteurrenerako bideoak prestatzen ari zirela esateko. Pentsa dezakezuen bezala, izugarrizko poza hartu nuen!

Berak kontatu didanez, bideoen egileak Txorierriko Totoan euskara elkarteko langile pare bat eta beste guztiak Txorierriko berbalagunak dira. Baina, tira, Berbalaguneko iniziatiba izan da; izan ere, berbalagun talde arruntetan berrikuntzak sartzea otu zitzaien duela ez asko. Orain arte oso ondo funtzionatu du ekimenak, baina aurten beste bidetxo batzuk jorratu nahi izan dituzte, talde arruntei bestelako ekimenak gehituz: berbalagun taldeen arteko futbito txapelketa, padel ikastaroa goizeko bi taldeetan, Trivial lehiaketa arratsaldeko bi taldeen artean… Eta gaurko hitzarako bideoak ekoiztea okurritu omen zitzaien ekimentxo horiek gorpuzteko bide moduan. Polita, ezta?

Arrakastatsua suertatu ei da bideoen ekoizpenaren kontua eta, euskaltegiek eskatuta, datorren urtarrilean, Derioko bi euskaltegietan landuko da Gaurko hitza. Nahi duten ikasleek izango dute aukera hitz bat grabatzeko eta, ondoren, niri pasatuko dizkidate youtubeko helbideak, nire zerrendara gehi ditzan.

Txerrak aipatu zidan ere beste berbalagun talde bat ari dela Hitzapasarekin zoratuta, jolastu eta jolastu poz-pozik. Ni bai pozik egindako lanak zerbaitetarako balio duela ikusita! Ea oporretan gehiago sortzeko tartea hartzen dudan.

Gauzak horrela, nire txoko honetatik eskerrak eman nahi dizkiet Txorierriko berbalagunei Gaurko Hitza eta Hitzapasarekin bat egiteagatik. Are gehiago jakinda, bideoak igotzean, arazo teknikoak ere izan dituztela etsai. Hementxe daude orain arte grabatutako guztiak: kirola, Euskal Herria, paraje, asau, auskalo, sudur, buru, ur, eskola, abesti (Aikor aldizkariko langile guztiak batera kantuan), aita, erabilera, mendi, zintzilik eta tximintx (Txerrak berak grabatua). Mila esker, benetan!



Hitzapasarekin ari garela, aukera baliatu nahi dut esateko askotan jasotzen ditudala mezuak eskerrak emanez ekimenagatik. Horretaz gain, irakasle askok esan ohi didate gustura sortuko lituzketela gai zehatzei lotutako Hitzapasak ikasgaiak errepasatzeko, ikastetxeetako kultur aste eta abarretan hitzekin jolasean aritzeko… Esan behar dut niri ez zaidala gehiegi kostatzen, norbaitek definizioak bidaltzen badizkit, Hitzapasa pertsonalizatuak sortzea. Are gehiago, gustura egin izan ditut hala eskatu didatenean.

Dena den, askoz ere politagoa izango litzateke nork berea egiteko aukera izatea (lagunekin jolasteko, eskolako gaiak sakontzeko…) eta horren inguruan gauza polit bat egin nahian nabil: Hitzapasak sortzeko plataforma “profesional” bat garatu nahi dut. Baina, noski, ni ez naiz informatikaria, eta hortxe nabil aukera ezberdinak aztertzen. Zerbait ateratzen bada, jakinaren gainean jarriko zaituztet.

02
Aza

Gaurko Hitzaren 2. urteurrena elkarrekin ospatzeko gonbitea

Ziurrenik ados egongo zarete nirekin esaten badizuet egunero-egunero edozer egiten denean ez dela batere erraza izaten, urteak joan eta urteak etorri, edozer hori mantentzea. Horregatik, bihar, Gaurko Hitza ekimenaren 2. urteurrena izango dela eta, urteurren hori behar bezala ospatzea ondo legokeela bururatu zait. Ospakizun honetan ez dira pintxoak eta edariak egongo; hitzak, ordea, bai.

Gauzak horrela, ekimena aurrera eramateko zuen kolaborazioa eta sormena behar-beharrezkoak ditut, eta horiek garatzeko proposamen batekin natorkizue. Badakit denok oso lanpetuta gabiltzala (Twitterreko mezuak jarraitzea nahikoa da horretaz jabetzeko); halere, tartetxo bat izanez gero, ondorengoa egitea proposatzen dizuet:

  • Grabatu bideo bat esanez: “Gaurko hitza da …….. ” (eten puntuetan bakoitzak hautatzen duen hitza doa).
  • Youtubera igo eta niri esteka (URLa) helarazi.

Horixe da guztia eta horrekin nahikoa da. Dena den, aukeratutako hitza azalpen batez osatu nahi baduzue (hitz hori hautatzearen arrazoia eman), sinonimoren bat edo beste gehitu, testuinguruan kokatu (hitz hori esaldi batean ipini) edo beste edozer (zuei bururatzen zaizuen oro) ongi etorria izango da, ez dago esan beharrik!

Kanal bat sortu dut youtuben, Gaurko Hitza, eta zuek bidalitako bideo guztien estekak nire playlistera gehituko ditut. Hortxe azalduko gara denok. Dagoeneko Gaurko Hitzaren lagun batzuk animatu zaizkigu (egin klik goiko estekan ikusteko). Eta zuek? Animatzen zarete?

« Aurreko orrialdea

"azkue fundazioa" "creative commons" "euskal literatura" "gaurko hitza" "infografiak euskaraz" "software askea" aipuak amarauna aplikazioak artikuluak aurkezpenak azkue begikoak bideoak blogariak ebentoak EGA ekt elkarrizketak euskaljakintza euskara euskovision hezkuntza hitzapasa ideiak ikastaroak ikastola ikerketak IKTeroak infografiak inspiration ipad irakaskuntza itzulpenak jardunaldiak maitego mu nonick prezi sarrera sopa sustatu twitter txostenak wikipedia

WP Cumulus Flash tag cloud by Roy Tanck and Luke Morton requires Flash Player 9 or better.