08
ots

Opari gehiago, eta ez nolanahikoak, Gaurko Hitzarentzat!

Oso motz geratuko naiz edozer esanda ere; beraz, harira noa. Azaroaren 2an, Dokan, ospatu genuen, zuetako batzuk jakingo duzuen bezala, Gaurko Hitzaren 3. urteurrena. Ospakizuna ezin zoragarriagoa izan zen: xumea, baina bere xumetasunean handia, oso handia. Lagun talde bat aritu ginen ilusio handiz prestaketa lanetan: Mikel Iturria, Gorka Julio, Andoni Larrañaga, Ana Malagon, Xabier Mendiguren, Ibai Zabaleta eta ni neu. Oraindik ez dakit oso ondo nola, baina lortu genuen guk nahi genituen hainbat ‘pertsona-artista-lagun’ oholtza gainean ipintzea: Koldo Martinez, Jon eta Alaia Martin, Igor Calzada, Iban Del Campo, Imanol Murua Uria, Patxi Huarte ’Zaldieroa’, Xabier Euzkitze, Harkaitz Cano eta Anari. Azkar esaten da! Kontsigna bakarra: hitz bat hautatu eta 5-6 minutuz jardun.

Ez naiz hasiko berriz kontatzen hango gorabehera guztiak: lagun asko bildu ginela, ikuskizuna erogarria izan zela (bai, erogarria; zoragarria baino pixka bat gehiago), Kixkurguneko produktuak ezin goxoagoak zeudela… Bide batez, mila esker, Kixkurgunekoei eta Xabier De La Maza zein lanean aritu zineten taldetxoari. Ez, ez naiz hasiko hori guztia berriz kontatzen; dena historia da. Edo historia kronikatu moduan helarazi zigun Luistxok, behinik behin, Gaurko hitza 3ren kronikan.

Edo nik uste nuen historia zela, baina ez da. Gutxien espero nuenean,  3 opari eder iritsi zaizkit: bi bideo eta 368 hitz.

Hitzak Harkaitz Canorenak dira. Imajinatu ze luxua!

Beti da eskertzekoa Maitek bezala, hitzetan arreta jartzen duen jendea, hitzak garbitu egin behar izaten direlako batzuetan, distira atera behar zaie hitz zokoratuei: beste batzuetan, alderantziz,distira eman baino, kendu egin behar zaie; hitzen gaineko brillantina faltsu hori kendu egin behar zaie; desjabetu egin behar dira hitzak hizlarien erretorika hutsetik.

Julio Cortázarrek “Rayuela” nobela zoragarrian nahita egindako ortografia akatsak erabiltzen zituen helburu honekin: perbertitutako hitzak bere onera ekartzeko. Mugimendu Okupa eta anarkoak kortazarrianoak dira zentzu horretan –ortografikoa, alegia–. Cortazarrek, “K” hizkia erabili beharrean “h”ak lekuz aldatuz egiten zuen gauza bera: “asesino” eta ”idiota” hitzak “hasesino, edo “hidiota” bihurtzen zituen, h-a aurrez jarrita eta horrela, derrepente…, solemne zena barregarri bihurtzen zen eta iraina zena desaktibatu egiten zen birao bezala. Letra bat lekuz kanpo jartzea nahikoa, mutante bihurtzeko hitzak… Egin proba: etxera etortzen zaizun bisitari astuna nola bihurtzen zaizun bisitarri, eta nola gosari batzuk irenstezin bihurtzen diren. Alegia: gosarriak. Hitzak perbertituta daudelako, horregatik hautatu dut VERSUS, perbertsioaren kontra, nahiz eta perbertsio hitzaren barruan dagoen versus ere…

Cortazarrek ortografiaren kontra “hasesino” eta “hidiota” hitzak antzaldatzean bezala, nik ere versus hitza antzaldatu nahi dut: nahiz eta ez nagoen inoren kontra derrigorrez, bere brillantina kendu nahi nioke, hari distira berri bat emateko. Batzuetan hitzen barruan enterratuta dauden hitz zaharrak atera behar direlako lurrazalera…

Kontra esateko erabiltzen den arren “Kramer Vs. Kramer”. Edo boxeo konbateetan “Mohammeed Ali versus Foreman…” Jurista britainiarrrek mailegatu zutelako latinetik, gaizki mailegatu ere, versus hitzaren benetako zentzuaren kontra. “Versus versus versus” eginda, alegia…
Jatorrian, VERSUS ez baita kontra, baizik eta RANTZ. “Vertere” aditzetik datorren VERSUS: jiratu, goldatu, irauli, buelta eman, aldatu.

Vertedero, vertiente, vértebra, vertical, vértigo, versátil, adversario, gaztelerazko hitzak versusetik datoz: VERSUS ildo bat zelako, lurrean egindako ildoa, adibidez, ereiteko leku bat, konbertitu, konbertsazio eta dibertitu, dibortzio, introbertitua, eta inbertsio, hitz horiek denek, perbertsio hitzak bezala, Versus erroa dute hor nonbait hondoratuta.
Versus kontra da, baina baita ere –rantz: Zergatik ulertzen dugu norabaiterantz joatea norbaiten kontra joatea dela derrigor? Zergatik ulertzen dugu guganantz datorren norbait gure kontra datorrela? Zergatik?
Versus hitzetik datoz bertsoa eta bertsolerroa bera. Lehenbizi lurreko ildoa eta lurreko lerroa zena, non erein… Eta horrek ortuzain edo baratzeko zaindari edo lorazain bihurtzen gaitu denok VERSUSi esker VERSUSlari, denok goazelako norabait, nahiz eta ez jakin oso ondo nora…

Bideoak Nickdutnik eta Ibai Zabaleta eta Nahikari Beltzaren eskutik iritsi zaizkigu.

Hauek guztiak, noski, Luistxoren kronika ‘ofizialera’ pasatuko dira.

Ez daukat hitzik dena eskertzeko. Ez daukat hitzik etorri zinetenei -batzuk urrutitik-, etorri ez zinetenei -askok adierazita ezintasuna-, mesederen bat eta beste egin zenigutenei eta parte hartu zenuten guztiei, bereziki, eskertzeko. Kasu hauetan lagungarriena beste batek guk adierazi nahi duguna adieraztea izaten denez, hementxe doaz Laboari entzundakoak:


Gure hitzak
Esan berriz esan
Ez daitezela ahaztu
Ez daitezela gal,
Elur gainean
Txori anka arinek
Utzitako arrasto sail
Ederra bezalaxe

23
Aza

Nola aldatzen diren gauzak! Euskadi Irratiko ‘Ele-Alea’ saiora gonbidatu ninduten…

Zenbat buelta ematen dituen bizitzak! Ez dut nire txoko honetan inoiz komentatu, baina 1990. urtean, Euskadi Gaztea hasi zenean, hilabate batzuez esatari lanetan ibili nintzen ordezkapenak egiten. Ez da txantxa: astean zehar 3 orduz zuzenean, eta, asteburuetan, 4 orduko saioak egiten genituen. Ez da gutxi garai haietan ikasi nuena: musika guk ipintzen genuen (garaiko binilozko diskoak), telefonoa zuzenean hartzen genuen, publizitatea grabatu… Esaten den legez, guk ein eta guk jan. Geroago Jakintza Ikastolan lanean hasteko aukera izan nuen, eta beste guztia historia da…

Baina ez hain urrutiko historia! Duela urte batzuk irratira bueltatzeko aukera izan dut; izan ere, Amarauna irratsaioan kolaboratzen hasi  baikinen, Blogarien tartean, blogari-saltsero talde bat  (@iturri, @teketen, @samuraitasuna, @xuriken, @maxkuri, @joxe, @bontxi, @jozulin, @josi, @jmendicute) bertako Arantxa Kaltzada, Arantxa Artza, Edurne Ayuso eta Andoni Mutiloarekin. Badakizue, hementxe plazaratzen ditudan saio horiek internet, sarea, teknologia berriak, IKTak eta horrelakoei buruzkoak.

Eta hau guztia zertara dator? Ba, kontua da garai haietaz gogoratu naizela aste honetan elkarrizketa parea egin didatenean saio ezberdinetarako: Faktoria eta Ele-Alea saioetarako. Askotan bizitzak aldentzen zaitu zenbait lan, pertsona, egitasmo eta espazioetatik eta oharkabean bueltu egiten zara hainbat lan, pertsona, egitasmo eta espazioetara…

Eta hau guztia zertara dator (berriz)? Ba, kontua da hementxe utzi nahi nuela Ele-Alea saiokoek egindako elkarrizketa, gaur @ItziMex-ek Tuiterren gogorarazi didana. Hortxe doa:

20
urr

GH3: azaroaren 2an, DOKAn dugu hitzordua!

Egunek abiadura bizian egiten dute aurrera, eta ia-ia ohartu gabe iritsi zaigu Gaurko Hitzaren 3. urteurrena ospatzeko eguna. Iaz laguntza eskatu nizuen 2. urteurrena ospatzeko. Gogoratzen? Zuen gustuko hitza aukeratu, bideo bat atondu eta youtube-ra igo. Horixe izan zen iaz eskatutakoa. Arrakastatsua eta emankorra izan zen eskea, zalantzarik gabe; izan ere, denon artean 84 bideo/hitz grabatzea lortu baikenituen. Gaurko hitzaren kanalean dituzue denak ikusgai.

Aurten, eskatu beharrean, eman egin nahi nuke; beraz, lagun batzuekin batera, topaketa bat antolatu dugu. Bertan nahiko genuke gurekin egotea Gaurko Hitzaren lagunak eta, batez ere, iaz zuen denbora eskuzabaltasunez eskaini zeniguten guztiak.

Ez gara xehetasun handitan sartuko oraingoz,  baina kontuan hartu ondorengoak:

  • Ekitaldia: Gaurko Hitzaren 3. urteurrena ospatzeko topaketa.
  • Noiz: azaroaren 2an, iluntzeko 19:30ean,
  • Non: Donostian, DOKAn (bertako Kafe Antzokian).

3. urteurrena denez, ospakizunean izango ditugun hiru artistaren izenak aurreratuko dizkizuet gaurkoan: Anari, Iban del Campo eta Harkaitz Cano. Gehiago izango dira.

Datozen egunetan joango gara egitarau osoa zehazten, baina, oraingoz, hauxe da guztia. Jakinaren gainean zaudete; beraz, gorde eguna zuen agendetan! :-)

30
mar

Alez ale, elez ele

Lehengo astean, Azkue Fundazioak gonbidatuta, “Sarea Pil-pilean”, jakintza librearen II jardunaldietan parte hartzeko aukera izan nuen. 3 ataletan banatu zen jardunaldia. Lehenengoan,”Zizka-mizkak” deituriko atalean, Interneti, teknologiari, euskarari eta ezagutza libreari lotutako 5 egitasmo desberdin azaldu genituen, PechaKucha formatuan (20 irudi/20 segundo): interneteko tendentziak (Iruri Knör), Berriketan.info (Jon Ordoñez), Kaixomaitia.com (Iñigo Arandia), Gaztezulo.com (Igone Fernandez) eta nik euskari lotutako sarean ditudan hainbat egitasmo aurkeztu nituen “Alez ale, elez ele” aurkezpenean.

Jarraian, talde dinamika jarraituz, ondorengo hiru galderen inguruan hausnarketa egin genuen:

  • Zer egin daiteke gazteenen artean jakintza librea sustatzeko?
  • Zer egin dezakete erakundeek interneten euskararen erabilera normalizatzeko?
  • Zer egin dezakegu sarean euskarazko eduki gehiago sortzeko?

Hausnarketatik ateratako ondorioen zain geratuko gara. Bitartean, hementxe uzten ditut nire aurkezpenaren bideoa eta erabilitako irudiak. Kronika osoa (“Sarea Pil-pilean”, jakintza librearen II jardunaldiak ospatu ziren atzo Deustuko CRAI liburutegian) Azkue Fundazioko orrian irakur dezakezue.

Aurkezpena:


 

Bideoa:

Hurrengo orrialdea »

"azkue fundazioa" "creative commons" "gaurko hitza" "infografiak euskaraz" "software askea" aipuak amarauna artikuluak aurkezpenak azkue begikoak bideoak blogariak ebentoak EGA ekt elkarrizketak euskaljakintza euskara euskovision hezkuntza hitzapasa ideiak ikastaroak ikastola ikerketak IKTeroak infografiak inspiration ipad irakaskuntza itzulpenak jardunaldiak konpetentziak maitego mu nonick prezi radiohead sarrera sopa sustatu twitter txostenak wikipedia

WP Cumulus Flash tag cloud by Roy Tanck and Luke Morton requires Flash Player 9 or better.