09
ots

‘Web 2.0 hezkuntzarako prest’ gunea abian da

Aurten, besteak beste, ‘Teknologia berriak hezkuntzan’ irakasgaia ematen dut Mondragon Unibertsitatean, Lehen Hezkuntzan Graduan (2. mailan), Iñigo Arriaran, Luis Brazo eta Beñat Doxandabaratzekin batera. Hasieratik laurok garbi genuen gure gaian ikasleek lortu beharrekoa:

  • Informazio eta komunikazio teknologiek, IKTek, gizartean eta hezkuntzan duten eragina ezagutu eta hartaz gogoeta egitea.
  • Zientziak, gizarteak eta garapen teknologikoak elkarren artean duten eragina ezagutzea.
  • IKTek eta haiek hezkuntza-praktikarako, garapen pertsonalerako eta gizartearen integrazioa eta kohesioa lortzeko duten ahalmena ezagutzea.
  • Ikasgelako interakziorako eta komunikaziorako prozesuak eta bitarteko teknologikoak ezagtuzea.
  • Irakaskuntza-ikaskuntzako prozesua ahalbidetu eta aberastu ez ezik, lehen hezkuntzan IKTak barne ere hartzen dituzten esperientzia berritzaileak ezagutu, diseinatu, aplikatu eta ebaluatzea.



Aurreko guztia oso garrantzitsua iruditu arren, beste helburu batzuk ere erdietsi nahi genituen, zeharka bazen ere:

  • Sortutako edukiak gizarteratzea.
  • Sarean euskarak duen presentziari bultzadatxo bat ematea.



Horiek buruan hasi ginen irakasgaia lantzen eta,  jarraian, burutu ditugun proiektuetako bat azalduko dut: Web 2.0 tresnak hezkuntzarako prest.  Labur esateko, ikasleek taldeka egin dute lan. Talde bakoitzak Web 2.0 tresna bat hautatu eta hari buruzko ondorengo puntuak landu ditu:

  • Sarrera: hautatutako tresna zein den, zer egiten duen, zergatik hautatu duten…
  • Erabilera pedagogikoa: pedagogikoki zein erabilera ikusten dioten, adibide konkretuak emanez.
  • Idatzizko tutorialak eta bideotutorialak (euskaraz): formatu ezberdinetan eman dituzte tutorialak, denak euskaraz (aldez aurretik zeudenak itzuliz edo berriak sortuz). Hainbat talde bideotutorialak sortzera ere animatu da.
  • Ondorioak



Irakasleok Google Sites bat partekatu dugu ikasleekin, eta talde bakoitzak orri bat eta hainbat azpiorri sortu ditu bertan. Hasieratik denok denon lana ikusteko aukera izan dugu eta baita denok denongandik ikasteko ere. Ez hori bakarrik, gelaka (4 gela ditugu) talde bakoitza irakaslearen rola hartu eta bere ikaskideen irakasle izan da, hautatutako tresna azalduz eta haren erabilera erakutsiz. Oso interesgarria izan da ikustea nola moldatu diren irakasle lanetan. Amaitzeko, denek denen lanak baloratu dituzte/ditugu. Irakasleok ikasleak zoriondu nahi ditugu bai izan duten jarreragatik eta baita egindako lana eta lortutako emaitzengatik ere.

Esan beharra dago esperientzia oso aberasgarria iruditu zaigula. Horregatik, bai esperientzia eta baita gure lanaren emaitza ere guztiokin partekatu nahi dugu. Ez hori bakarrik, zuen ekarpenak jasotzeko gonbidapena ere luzatu nahi dizuegu. Beraz, norbaitek tresna hauen inguruan ekarpenen bat egin nahi badu edo gure bildumari beste erremintaren bat gehitu, ipini gurekin harremanetan, iruzkin bat utziz dagokion tresnaren orrian edo orri nagusian bertan. Ederra izango litzateke beste unibertsitateren batean antzeko zerbait egiten ari bazarete, gure lanak batuz, bilduma osatzen joatea, ezta?

Egin klik irudiaren gainean, web 2.0 tresnen gunera joateko.

28
Aza

Euskararen egunean euskarazko etiketa bat TT izateko inkestaren emaitzak

Dakizuen bezala, azken urteetan ekimen eta egitasmo ugari ipini dira abian Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Azken egun hauetan, adibidez, Twitter bidez  horietako bat ipini da abian. Guztia tuit honekin hasi zen, niri dagokidanez:


@ Kaixo Maite, abenduaren 3an, euskararen egunean, animatuko al zinen #euskara trending topic egiten? RT mesedez.
@mondrautar
A. Otaduy



Baiezkoa esan eta gero, beste tuit batzuk etorri ziren atzetik. Orduan jakin nuen Twitterren etiketa edo hashtag bat TT edo Trending Topic bihurtzeko, komeni dela etiketa hori erabili gabe izatea; izan ere, antza denez, Twitterreko algoritmoek berritasuna saritzen baitute.





Kontuak kontu, @Lontzok hala eskatuta, inkesta bat ipini genuen abian Twitterren Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, euskarazko etiketa bat TT bihurtzeko:


#inkesta Euskararen egunean Trending Topic bihurtzeko etiketa bila gabiltza (erabili gabea ahal dela). Hautatu: http://t.co/lxHKUhMT
@euskaljakintza
Maite Goñi



Eta zein izan da, bada, emaitza? Hemen ikus dezakezuen bezala, 176 boto eman dira eta horietatik 78 #euskarazbizi -ren aldekoak izan dira. Beraz, emaitza oso garbia da.

euskaraz
[ 22% (39 votes) ]
euskarazbizi
[ 44% (78 votes) ]
euskarareneguna
[ 7% (12 votes) ]
euskaramaite
[ 6% (11 votes) ]
euskaramundiala
[ 5% (9 votes) ]
Other
[ 15% (27 votes) ]



 

Bestalde, honetan ari ginela, Azkue Fundazioaren #keinukaeuskarari egitasmoaren berri izan genuen. Hauek ekimen osatuagoa proposatu dute eta horren barruan, besteak beste, #keinukaeuskarari etiketa proposatu dute TT bihurtzeko abenduaren 3an.

Beraz, hortxe uzten dut informazioa hauetako ekimenen batekin edo bi egitasmoekin bat egin dezazuen, hala nahi izanez gero. Eta gogoratu: ez da komeni hautatutako etiketa D eguna baino lehen erabiltzea.

18
urr

5 proposamen euskara sarean zabaltzeko

Aurreko batean, Karrikiri elkartekoek gonbidapena luzatu zidaten, urriko Karrika aldizkariaren alean, Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintza Transmisioaren aditu tituluan hitz egin nuena idatzi batean jaso nezan. Bere garaian aipatu nuen hemen zerbait, baina artikuluak hitz gutxikoa izan behar zuenez, amaiera aldean  euskara sarean sustatzeko egin nituen 10 proposamenetatik 5 jaso ditut. Hurrengo baterako uzten ditut bota nituen beste bostak.

5 proposamen euskara sarean zabaltzeko

Karrika (Iruñeko euskaldunon elkartearen buletina). 153. zenbakia, 2011ko urria.

Inori ez dio ihes egiten IKTek, Informazio eta Komunikazio Teknologiek, eta Internetek berak, aldaketa handiak ekarri dizkietela hizkuntzei. Neurri handi batean, egun, hizkuntza baten nagusitasuna sarean duen presentziaren baitan neurtzen da, dituen eduki eta ailega daitekeen erabiltzaile kopuruaren baitan. Garrantzitsua da, beraz, gai zehatz bati buruzko informazioa, jokoak, bideoak, ariketak… edukiak, azken finean, euskaraz eta eskura izatea. Horrela izanda, eduki horiek gure hizkuntzan ala beste batean kontsumitzea hautatuko dugu, baina hautu kontua izango da, eta ez beharra.

Gauzak horrela, begi-bistakoa da zenbaterainokoa den gai honi eman beharreko garrantzia. Alde batetik, Administrazioak, Euskaltzaindiak, euskara elkarteek, euskaltegiek eta hezkuntza alorrekoek, hau da, euskara bultzatu nahi duten erakundeek euren bidea jorratu beharko dute, ahalik eta eduki gehien erabiltzaileon eskura ipiniz. Bestetik, hori bezain garrantzitsua da beste guztion, gu guztion, ekarpena. Eta hari horretatik tira eginez dator nire proposamena: gutariko askok gure harri koskorra ipini nahi dugu hedapen horretan laguntzeko, baina, sarearen zoko-mokoak ezagutzen ez ditugunez, noraezean ibiltzen gara. Ez dakigu nondik hasi edo nora jo.

Sarea euskarazko edukiez hornitzea gure esku dago, euskararen presentzia hedatzea nahi dugunon esku. Gure esku dago, bai, eta, neurri handi batean, gure erantzukizuna ere bada, erabiltzaile huts izatetik sortzaile izatera ahalbidetzen duten tresnak edonoren eskura baitaude gaur egun. Ez dago aitzakiarik, beraz, borondatea izaki, ekarpenak egiteari ez ekiteko: nork bere esparruan, gustuko dituen gaietan, eta bere neurri txiki zein handian.

Jarraian datozen proposamenak, beraz, azken hauei zuzendutakoak dira:

1. Iruzkinak utzi
Hasierako urratsa izan daiteke besteen blogetan edota komunikabide ezberdinetan (Sustatu, Zuzeu, Argia, Berriako blogetan…, batzuk aipatzearren) iruzkinak uztea. Sarean eta euskaraz idazteko ohitura ez duen edonori kosta egingo zaio urrats hori ematea, baina nondik eta zertan hasi ez dakienarentzat aproposa izan daiteke.

2. Bidali zure artikuluak agerkari digitaletara.
Blogetan, etab. utzitako iritziek artikulu osoak idaztera eraman zaitzakete. Egun, ez da oztopo  nork bere bloga ez izatea iritzia edo dena delako informazioa plazaratzeko. Sustatu agerkari digitalak, adibidez, badu ‘zeuk idatzi’ deituriko atala. Zure ekarpena bertara igor dezakezu. Zuzeun ere beste hainbeste egin dezakezu.

3.  Blog bat sortu gustuko duzun gaiaren inguruan:
Beste aukera bat zuk zeuk blog bat sortzea da. Denok dugu zerbait esateko (eremu profesionalean, zaletasunen inguruan, iritzi pertsonalak…). Hori garbi dago; beraz, zergatik ez? Zure txokoa izanda, zure gaien inguruko edukiak euskaraz kalera ditzakezu, horien inguruko ekarpenak bideratu, elkarrizketa sustatu… Dohainekoak dira eta ez da aparteko ezagutza teknologikorik behar (testu editore arruntak izaten dira). Blog bat sortu nahi baduzu, dohaineko plataforma ezberdinen artean duzu aukera: blogariak.net, blogak.com, mundua.com, wordpress.com

4. Euskarazko Wikipedia sustatu:
Wikipedia 200 hizkuntza baino gehiagotan idatzitako entziklopedia askea da. Euskaraz ere badago. Edozeinek edita dezake eta bere edukiak guztion esku daude. Eduki berriak sortu, daudenak hobetu edota beste hizkuntza batzuetan sortutako artikuluak itzuli denon eskura dauden aukerak dira. Egin klik Wikipedian idazteko eta laguntzeko informazio eta arauak irakurtzeko.

5. Sortu kontu bat Twitterren:
Twitter, Wikipediak dioen bezala, “gizarte-sare eta microblogging zerbitzua da, bere erabiltzaileei testu soileko mezuak bidaltzea ahalbidetzen diena, 140 karaktereko gehienezko luzerarekin”. Egun dauden zerbitzuenetatik interesgarrienetako bat da, eta informazioa eta edukiak alde batetik bestera mugitzeko oso baliagarria da. Euskal komunitatea aktiboa da oso Twitterren; halere, zenbat eta gehiago izan, orduan eta errazago zabalduko ditugu gure edukiak. Beraz, zure kontua zabaldu nahi baduzu, zoaz Twitter.com –era eta hasi barreiatzen euskarazko edukia.

Ekimen ugari egin daiteke euskara sarean hedatzeko, eta aipatutako hauek adibide xume batzuk baino ez dira. Horietatik edo dauden beste hamaika aukeretatik hautatzen duguna hautatzen dugula ere, kontuan izan behar dugu, benetako zabalkuntza lortze aldera, komeni dela sortutako oro lizentzia libreekin partekatzea eta sare sozial ezberdinetan hitza hartzen dugun oro gure lehena euskaraz izatea.

26
ira

Android mugikorrentzako euskarazko teklatu adimenduna erabiltzeko prest

Nonickeko azken edizioan, Nonick 011, hizlarietako bat  Ben Medlock gazte britainiarra izan zen, TouchType enpresako CTO eta sortzaileetako bat. Medlock SwiftKey tresnaz aritu zitzaigun: mugikorrean idatzi ahala, hitza iragartzen duen aplikazioa. EITBko Lontzo Sainz eta biori interesgarria irudituta, Medlocki galdetu nion ea euskaraz garatzea oso zaila ikusten zuen (beste hizkuntza pila batean erabiltzeko aukera badago). Erantzun zidan euskarazko hitzak behar zituztela, corpusa.

Euskara Aholku Batzordeko IKT ataleko buru den Lurdes Auzmendirekin harremanetan jarrita, beraiek ere interesgarri ikusten zutela garapena eta TouchTypekoekin hitz egingo zutela esan zidan. Gauzak horrela, bai eitb.com-ek eta bai Jaurlaritzako Euskara Aholku Batzordeak ere testuak eta corpusa bidali zuten. Horietan oinarrituta egin du  TouchType enpresak garapena.

Udan zehar hainbat erabiltzailek aplikazioa probatu eta gero, gaur iragarri dute eitb.com-en aplikazioa jaisteko moduan dagoela ‘Android market’-en (oraingoz sistema operatibo hori duten mugikorrentzat baino ez dago erabilgarri).  Aipatutako artikuluan guztia azalduta dagoenez, ez naiz gehiago luzatuko.

Amaitzeko, hementxe uzten dizuet Joxe Rojasek egindako bideotutorial bikaina, aplikazioa probatzera animatzen bazarete, laguntza izan dezazuen:

05
ira

Euskal aditza lantzeko gunea berrituta eta ariketa gehiagorekin

Duela urte batzuk euskal aditza berrikusi eta praktikatzeko gune bat sortu genuen. Bertan, handik eta hemendik topatutako aditz taulak, teoria eta, batez ere, guk sortutako ariketak plazaratzen joan gara. Aspaldi genuen Weeblyn egindako hasierako txoko hura berritzeko gogoa; beraz, udako etenaldia aprobetxatuz, eduki guztiak Google Site batera pasatu eta iazko ikasturtean sortutako ariketa berriak txertatu ditugu.

Antolaketa

  • Goiko menuan: taula guztiak (aditz trinkoenak barne).
  • Ezkerreko menuan: teoria eta praktika (guk sortutako ariketak: ikus adibidea). Ezetz asmatu dena?

Kokapena

Hemendik aurrera, aditzarekin zerikusia duen oro gure EUSKAL ADITZA gunean topatu ahal izango duzue. Hara joateko, bi aukera:

Ekarpenak

Euskal aditzarekin erlazionatutako baliabideren bat ezagutu edo akatsen bat topatzen baduzu, eskertuko genizuke jakinaraztea (hementxe bertan erantzun bat utziz edo gurekin zuzenean harremanetan jarriz). Horrela, denon artean jarraituko genuke hobetzen eta osatzen txoko hau. Gure aldetik, aurtengo ikasturtean ariketa gehiago atontzen jarraitzeko asmoa dugula esatea baino ez. Baliagarria izango zaizuelakoan, hortxe uzten dugu.

Hurrengo orrialdea »

"azkue fundazioa" "creative commons" "gaurko hitza" "infografiak euskaraz" "software askea" aipuak amarauna artikuluak aurkezpenak azkue begikoak bideoak blogariak ebentoak EGA ekt elkarrizketak euskaljakintza euskara euskovision hezkuntza hitzapasa ideiak ikastaroak ikastola ikerketak IKTeroak infografiak inspiration ipad irakaskuntza itzulpenak jardunaldiak konpetentziak maitego mu nonick prezi radiohead sarrera sopa sustatu twitter txostenak wikipedia

WP Cumulus Flash tag cloud by Roy Tanck and Luke Morton requires Flash Player 9 or better.