GH3: azaroaren 2an, DOKAn dugu hitzordua!
Egunek abiadura bizian egiten dute aurrera, eta ia-ia ohartu gabe iritsi zaigu Gaurko Hitzaren 3. urteurrena ospatzeko eguna. Iaz laguntza eskatu nizuen 2. urteurrena ospatzeko. Gogoratzen? Zuen gustuko hitza aukeratu, bideo bat atondu eta youtube-ra igo. Horixe izan zen iaz eskatutakoa. Arrakastatsua eta emankorra izan zen eskea, zalantzarik gabe; izan ere, denon artean 84 bideo/hitz grabatzea lortu baikenituen. Gaurko hitzaren kanalean dituzue denak ikusgai.
Aurten, eskatu beharrean, eman egin nahi nuke; beraz, lagun batzuekin batera, topaketa bat antolatu dugu. Bertan nahiko genuke gurekin egotea Gaurko Hitzaren lagunak eta, batez ere, iaz zuen denbora eskuzabaltasunez eskaini zeniguten guztiak.
Ez gara xehetasun handitan sartuko oraingoz, baina kontuan hartu ondorengoak:
- Ekitaldia: Gaurko Hitzaren 3. urteurrena ospatzeko topaketa.
- Noiz: azaroaren 2an, iluntzeko 19:30ean,
- Non: Donostian, DOKAn (bertako Kafe Antzokian).
3. urteurrena denez, ospakizunean izango ditugun hiru artistaren izenak aurreratuko dizkizuet gaurkoan: Anari, Iban del Campo eta Harkaitz Cano. Gehiago izango dira.
Datozen egunetan joango gara egitarau osoa zehazten, baina, oraingoz, hauxe da guztia. Jakinaren gainean zaudete; beraz, gorde eguna zuen agendetan!



