Hementxe uzten dizuet atzo goizeko Amarauna irratsaioko laburpentxoa, estekak eta saioa. Beti bezala, Gorka Julio, Mikel Iturria eta hirurok izan gara EITBko estudioetan Arantxa Arzarekin batera. Astean zehar izandako hainbat hitzordu eta jardunaldi izan genituen hizpide:
Gaur toki ezberdinetatik iritsi zait berria, besteak beste, Mondragon Unibertsitateko lankideen zerrendatik:
FERNANDOK GURE LAGUNTZA BEHAR DU!!!!!!!!!!!
Seguru batzuek baduzuela bere berri, Fernando atxabaltarra baita. Fernandok 9 hilabete besterik ez ditu eta bere aukera bakarra medula emaile bat aurkitzea da. Ez dago beretzat tratamendurik.
Konpatible edo bateragarriak bagara, eta ojala hala balitz, gaur egun ez ligukete bizkarra zulatuko. Dagoeneko medula emate prozasua, odola ematearen oso antzerakoa baita.
Mezu horren atzetik izugarri estimatzen dudan Joxe Aranzabal lankidearen erantzuna etorri da. Iritsi bezala kopiatuko dut hemen, nahiz eta zerrenda pribatu bateko mezua izan, ulertzen dudalako bere asmoa izan dela ahalik eta jende gehienengana iristea.
Ni ere bizi naiz hezur-muinaren transplantea egin zidatelako. 2003an izan zen. Urtebete lehenago, linfoma bat aurkitu zidaten, odolean agertzen den minbizi mota bat, eta ia urtebete kimioa eta beste terapia batzuk jaso ondoren, hezur-muinaren transplantea egin zidaten, ziurtatzeko minbizia ez zitzaidala berriro agertuko. Sekulako zorte ona izan nuen, neure familian aurkitu bainuen emaile bat: Fatima arreba. Bost neba-arreba gara, eta bakarra aurkitu zuten konpatiblea nirekin, bera.
Fatima eta biok egun berean joan ginen ospitalera. Zuk esan duzun moduan, Amaia, odol transfusio bat bailitzan atera zizkioten zelula amak arrebari. Handik bospasei egunera niri sartu zizkidaten, odol transfusioaren teknika erabilita. Egun haietan beste bi euskaldun ezagutu nituen Santanderko Ospitalean, ni moduan hezur-muinaren transplantea egiten: batak bere familian zeukan emailea; besteari, berriz, Alemaniatik ekarri zioten berak behar zuen hezur-muina, bere familian eta Euskal Herri osoan ez zutelako emaile egokirik aurkitu.
Transplante horien problemarik handiena ez da teknikoa izaten, baizik eta emaileak aurkitzea, konpatibleak izango direnak gaixoarekin. Horregatik, oso inportantea da ahalik eta emaile gehien egotea, kasu horretan areagotu egiten baita emaile egokia aurkitzeko aukera. Hortik Fernandoren familiaren angustia, oraindik ez du-eta aurkitu inor konpatible bere semetxoarekin.
Nik bat egiten dut Amaiarekin eta Fernando txikiaren familiarekin, eta gonbita egiten dizuet anima zaitezten hezur-muinaren emaile izatera.
Joxeren azalpenaren atzetik beste hau iritsi da:
Email honetan bidaltzen dizuet trasplantearen inguruko informazioa, nolakoa da prozesua? non egin daiteke?
Aspaldian nenbilen euskal literaturaren inguruan azken urteetan euskaljakintzan egin ditugun lanak, handik zein hemendik sakabanatuta genituenak, bildu nahian. Opor hauetan, azken ekoizpenak zuzendu, txukundu, argitaratu eta aitzakia horrekin txokoa abian jartzeari ekin diot: euskaljakintza literatura.
Ondoren dator azalduta bertan topatuko duzuena. Atalez atal:
Mendez mende: aurkezpen labur batzuen bidez euskal literaturari gainbegiratze kronologikoa eman diogu, XVI. mendetik XX. mendera arte.
Egungo euskal literatura: egungo euskal hainbat autore hautatu eta haiei buruzko aurkezpenak eta galderak prestatu ditugu (ad.: Anjel Lertxundi eta Joseba Sarrionandia) . Zenbait kasutan egile horiei buruzko apunteak ere topatu ahal izango dituzu.
Irakurlearen txokoa: azken urteetan, XX. mendeko euskal idazleen liburuak irakurri eta gure blogean, euskaljakintzan, haiei buruzko artikuluak argitaratu ditugu. Atal honetan artikulu horiek idazteko jarraitzen ditugun urratsak ipini ditugu: artikuluak idazteko jarraibideak, gidak (oinarrizkoa eta aurreratua), ebaluazio eta autoebaluazio txantilioiak, gure hautaketak…
Entzun: euskal autoreen lanak irakurri eta grabatu ditugu, eta audioak nahiz irakurritako autore eta lanei buruzko informazioa denon eskura ipini.
Aipuak: gune honetan irakurtzen ari garen/irakurri ditugun liburuetatik erauzitako aipuak ipintzen goaz. Gune irekia da, edonork egin ditzake ekarpenak. Parte hartu nahi? Zure aipua bidali besterik ez duzu.
Gure kritikak: euskaljakintzan ‘Irakurlearen txokoa’ deituriko atalean argitaratutako azken artikuluak ekarri ditugu hona.
Lexikoa landu: irakurritako liburuetatik pasarte ezberdinak hautatu ditugu bertako lexikoa lantzeko; beraz, atal honetan lexikoa lantzeko/hobetzeko ariketak topatuko dituzu (ad. Twist, Harkaitz Cano).
Hitzapasak: landutako autoreei buruzko ‘Hitzapasak’ prestatu ditugu. Atal honen hasiera baino ez dago, pixkanaka joango gara osatzen (ad. Atxaga).
Denbora-lerroak: irakurritako autoreei buruzko denbora lerroak ere prestatu ditugu. Atal hau ere osatzeke dago. (ad. Xabier mendiguren Elizegi)
Elkarrizketak: hainbat euskal autoreri egin dizkiegun elkarrizketak (ad. Fernando Morillo).
Esteka interesgarriak: euskal literaturaren baliabide bilduma. Atal honek ere edonoren ekarpenak onartzen ditu. Editatu orria eta gehitu ezagutzen duzun esteka interesgarri hori.
Horixe da, pixka bat azaletik azalduta, orain arte egin duguna. Lanean jarraitzen dugu; beraz, etengabe eguneratzen segituko dugu. Dena den, gaia interesatuz gero, onena bertara jotzea izango duzue. Horretarako, egin klik irudiaren gainean.
Dagoeneko gutxi izango zarete Pinterest ezagutzen ez duzuenak. Azkenaldian izugarrizko arrakasta izaten ari den zerbitzu hau nolabait azaltzearren, esango dugu Pinterest edukiak artatzeko aukera ematen duen sare soziala dela. Ez naiz honetan luzatuko; izan ere, Luistxok hari buruzko azalpen argigarria eman baitzuen duela hilabete batzuk Sustatun.
Nik hainbat helburutarako erabiltzen dut: sarean topatzen ditudan hezkuntzari buruzko infografiak biltzeko, hezkuntzari buruzko bideo interesgarriak batzeko, euskaratu ditudan infografiak plazaratzeko…); dena den, erabilera horietaz haratago, izugarrizko aukerak ikusten dizkiot hezkuntzan baliatzeko: tresna erabilterraza da eta elkarlanean aritzea ahalbidetzen du. Nik duela gutxi ibili dut, adibidez, aurten ikasleak irakurtzen ari diren irakurgaien bilduma egiteko. Ikasleek irakurgai horiei buruzko artikuluak euskaljakintzan idazten dituztenez, han bertan uzten ditugu iruzkinak; beraz, ez dut harantzagoko erabilerarik egin. Halere, posible litzate Pinteresten bertan uztea komentarioak, etab.
Gauzak horrela, eta askotan tresna berri baterako bidea beste irakasle batzuek nola erabiltzen duten ikustea izaten denez, gaur goizean topatu dudan infografia hau (16 ways educators use Pinterest, @alfredovela bitartez) euskaratzea otu zait. Bertan, Pinterest irakaskuntzan erabiltzeko hainbat ideia aurkituko duzue. Zein helburu lortzeko lagungarria izan daitekeela uste duzue zuek? Eta jada erabiltzen ari bazarete, zertarako?
Egin klik irudiaren gainean, jatorrizko neurrian ikusteko:
Aspaldi nuen egitasmoaren berri emateko gogoa; halere, gauzatu arte ez dut gauza handirik esan nahi izan, baina gaur hementxe da eta oso pozik nago: Gaurko Hitza aplikazioa abian da.
Aplikazioaren oinarrian joko bat dago eta haren helburua Gaurko hitzan urte hauetan azaldutako hitzak lantzea da. Facebookera begira garatutako aplikazioa da, baina web bidez ere (Fabebooken sartuta egon gabe) joka daiteke. Aukerak:
Amaitutakoan, emaitza erregistratuta geratzen da eta sailkapen arbelean azalduko zara (lehenengo hogeiak baino ez dira azaltzen).
Lortutako emaitza Facebookeko horman partekatzeaz gain, iruzkin bat ere idatz dezakezu, zure lagun guztiek benetan hitzak menperatzen dituzula edo desastre hutsa zarela jakin dezaten. Ez hori bakarrik, lagunak ere gonbida ditzakezu.
Web bidez jokatu, Facebooken sartuta egonda edo egon gabe.Gaurko hitzaren webgunetik abiatuta, hobeto ikusten da jokoa (pantaila osoan). Hemendik abiatzen bagara eta lehendik Facebooken sartuta bagaude, aurretik aipatutako aukera guztiak izango ditugu (argitaratu, gonbidatu…). Ez bagaude Facebooken sartuta, jokatzeko aukera baino ez dugu izango (ezingo dugu inor gonbidatu, ez gara sailkapen orokorrean sartuko…
JARRAIBIDEAK:
Irakurri/entzun definizioa eta hautatu dagokion erantzuna, behealdeko botoietako bat sakatuz (audioa ken daiteke).
Minutu bat duzu erantzuna hautatzeko.
3 laguntza mota dituzu (bakoitza behin bakarrik erabili ahal izango duzu joko osoan zehar):
%50 sakatuta: bi aukera baino ez zaizkizu geratuko.
Denbora gelditu: denborak ez du aurrera egingo.
Hurrengo galdera eskatu: uneko galdera ontzat eman eta hurrengora pasatuko zara.
Jokoa amaituko da ondorengo edozein kasutan:
galdera guztiak erantzundakoan
minutua agortutakoan
gaizki erantzundakoan
Amaitutakoan, lortu duzun puntuazioa ikusiko duzu. Puntuazio hori erantzun zuzenen eta erabilitako denboraren araberakoa izango da.
Forma 3.0 (lehen Ihardun Multimedia) eta ni neuren arteko lankidetzatik dator jokoa eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutakoa da ehuneko batean (2011ko deialdian aurkeztu genuen eskaera).
Probatu eta akatsen bat ikusten baduzue, janinaraztea eskertuko nizueke. Zorte on!