Durangoko Azokako Kabi@n izena emateko epea zabalik
Durangoko Azokaren egitarau orokorraren barruan, aurten ere Kabi@ren ateak zabaldu nahi ditugu. Kabi@ teknologia eta eduki libreen gunea da, eta helburua kultura digitalaren eremuan euskaraz diharduten eta aktiboak diren pertsonak biltzea da: sortzaileak, enpresak, web garatzaileak eta hezkuntza arlokoak. Egunero horietako esparru bat izango da protagonista. Asmoa eredu berriak ezagutzera emateko hainbat ekimen antolatzea da: esperimentazioa, sormena, erakusketak, tailerrak, proiektuak, topaketak, partehartzea, eztabaidak… Interneteko euskal komunitate globala egituratzeko tresna ere bada. Beraz, aipatutako eremuren batean bazabiltzate eta zuen proiektuak edo egitasmoak ezagutzera eman nahi badituzue, ikus egitaraua eta eman izena dagokion atalean.
Aurtengo egitarauaren aurrerapena:
Abenduak 5: Ikasleen eguna / hezkuntza
Ikasle eta hezkuntza egunean, helburua ikasle eta irakasleei, modu praktiko batean, hezkuntza eta teknologian dauden azken joeren eta esperientzien berri ematea da: mugikorrek hezkuntzaren alorrean eskain ditzaketen aukerak, segurtasun aholkuak, programatzen hasteko lehen urratsak, esperientzia berriak…
11.00 – 14.00 : tailerrak
11:00-12:30 Kudeatu zure mugikorra segurtasunaz eta sortu zure lehen aplikazioa!
12:30-14:00 Robotika gure esku!
14.00 – 16.00 : erakusketa
16.00 – 18.00 : hitzaldiak edota aurkezpenak (30’ minutuko tarteak)
Arratsaldeko tarteak 30 minutukoak izango dira (20 minutuko hitzaldiak/aurkezpenak + 10 minutuko tartea galderak erantzuteko). Bere esperientzia alor honetan azaldu nahi duen edonork izango du aukera, baina hezkuntzako azken joerak (mobile learning, tableten inplimentazioa, programazioa, sare sozialak hezkuntzan, hezkuntza irekia, 3D inprimagailuak…) lehenetsiko dira. Galdetegia bete izena emateko.
18.00 – 19.00 : Ekitaldi nagusia (zehazteke)
Abenduak 6: Sortzaileen eguna
Edozein alor kultural eta artistikotik abiatuta, teknologia erabiltzen duzuen norbanako, talde edota ekimenentzako esparrua izango da (dantzariak, idazleak, musikariak, artista plastikoak edota digitalak, bertsolariak, ipuin kontalariak…)
11:00 – 13:30 : hitzaldiak edota aurkezpenak (30’ minutuko tarteak)
espazio irekia [deialdi zabala, edozein gai]. Galdetegia bete izena emateko.
13:30 – 14:00 : . eus ekimenaren aurkezpena sortzaileei begira bereziki
14.00 – 16.00 : erakusketa
16.00 – 18.00 : hitzaldiak edota aurkezpenak (30’ minutuko tarteak)
aukeratutako esperientziak [edozein disziplina artistiko + teknologia] (izena eman dezakezue)
18.00 – 19.00 : Ekitaldi nagusia: Ingurune Aldagaiak (environment variables)
Zuk Zeuk kolektiboak performantze berria aurkeztuko digu, INGURU ALDAGAIAK izenekoa. Aintzane Revuelta dantzaria eta Beñat Jimenez artista digitalaren esperimentu artistiko honetan dantza, musika, soinua eta arte bisuala era generatiboan landuko dira eta inguruneak zuzenean parte hartuko du errepikatu ezin den emanaldia sortuz.
Abenduak 7: Komunitate/Garapena eguna
Teknologiarekin harremana duten eta euskal komunitateari ekarpena egin dioten norbanako, talde eta ekimenentzako esparrua.
11:00 – 13:30 : hitzaldiak edota aurkezpenak (30’ minutuko tarteak)
espazio irekia [deialdi zabala, edozein gai]. Galdetegia bete izena emateko.
13:30 – 14:00 : . eus ekimenaren aurkezpena komunitateari eta garatzaileei begira bereziki
14.00 – 16.00 : erakusketa
16.00 – 18.00 : hitzaldiak edota aurkezpenak (30 minutuko tarteak)
TABU hitzaldiak (‘euskara’ hitza tabu hitza da). Galdetegia bete izena emateko.
18.00 – 19.00 : Ekitaldi nagusia: Herri Liburutegi Digitalak
BakalHau kolektiboak sustatutako proiektu honek herrietan liburu digitalak eskuratzeko aukera emango duten liburutegi digitalak hedatzea du helburu. Liburutegi digitala herriko toki esanguratsu batean kokatzen den wifi gailu bat edota Guifi.net sarearen bidez atzitu daitekeen zerbitzu bat izan daiteke. Ekimena, bertan nola parte hartu eta orain arteko ibilbidea azalduko da hitzaldi-eztabaida honetan. Zuzenean bertan herri liburutegi digitala probatzeko aukera ere egongo da.
Abenduak 8: Enpresak
Teknologia eta ikerketarekin harremana duten euskal munduko enpresentzako esparrua (biltzeko, praktika onak azaltzeko…)
11:00 – 13:30 : Enpresa topagunea [Enpresarean eta Olatukoop]
13:30 – 14:00 : . eus ekimenaren aurkezpena enpresari begira bereziki
14.00 – 20:00 : erakusketa
Edozein esparrutan izena eman nahi baduzue, bete ondorengo galdetegia, mesedez. Ondoren, zuekin harremanetan ipiniko gara parte hartzea gehixeago zehazteko. Zalantzaren bat baduzue, jarri harremanetan Gorkarekin edo nirekin (Twitter bidez –@teketen edo @euskaljakintza– edo gure blogetan galdera utziz).
Kaixo Maite. Gure irratia twitterren bidez aurkeztu nahiko genuke Durangon baina ez dugu asmatzen non eman behar dugun izena. Lagunduko?
Mila esker
Edu Zabala
Kaixo, Edu!
Bete, mesedez, galdetegi hau. Egunari dagokionez, egitasmoari buruz gehiago jakin gabe, esango nuke komunitatearen egunean ondo etorriko litzatekeela, baina, lasai, azalpena ipintzen badiguzue, saiatuko gara ondo kokatzen: http://goo.gl/ulQLQJ
Pingback: maitego » Durangoko Azokako Kabi@: egitaraua osatuta
Pingback: Durangoko Azokako Kabi@: egitaraua osatuta - Teketen