Opari gehiago, eta ez nolanahikoak, Gaurko Hitzarentzat!
Oso motz geratuko naiz edozer esanda ere; beraz, harira noa. Azaroaren 2an, Dokan, ospatu genuen, zuetako batzuk jakingo duzuen bezala, Gaurko Hitzaren 3. urteurrena. Ospakizuna ezin zoragarriagoa izan zen: xumea, baina bere xumetasunean handia, oso handia. Lagun talde bat aritu ginen ilusio handiz prestaketa lanetan: Mikel Iturria, Gorka Julio, Andoni Larrañaga, Ana Malagon, Xabier Mendiguren, Ibai Zabaleta eta ni neu. Oraindik ez dakit oso ondo nola, baina lortu genuen guk nahi genituen hainbat ‘pertsona-artista-lagun’ oholtza gainean ipintzea: Koldo Martinez, Jon eta Alaia Martin, Igor Calzada, Iban Del Campo, Imanol Murua Uria, Patxi Huarte ‘Zaldieroa’, Xabier Euzkitze, Harkaitz Cano eta Anari. Azkar esaten da! Kontsigna bakarra: hitz bat hautatu eta 5-6 minutuz jardun.
Ez naiz hasiko berriz kontatzen hango gorabehera guztiak: lagun asko bildu ginela, ikuskizuna erogarria izan zela (bai, erogarria; zoragarria baino pixka bat gehiago), Kixkurguneko produktuak ezin goxoagoak zeudela… Bide batez, mila esker, Kixkurgunekoei eta Xabier De La Maza zein lanean aritu zineten taldetxoari. Ez, ez naiz hasiko hori guztia berriz kontatzen; dena historia da. Edo historia kronikatu moduan helarazi zigun Luistxok, behinik behin, Gaurko hitza 3ren kronikan.
Edo nik uste nuen historia zela, baina ez da. Gutxien espero nuenean, 3 opari eder iritsi zaizkit: bi bideo eta 368 hitz.
Hitzak Harkaitz Canorenak dira. Imajinatu ze luxua!
Beti da eskertzekoa Maitek bezala, hitzetan arreta jartzen duen jendea, hitzak garbitu egin behar izaten direlako batzuetan, distira atera behar zaie hitz zokoratuei: beste batzuetan, alderantziz,distira eman baino, kendu egin behar zaie; hitzen gaineko brillantina faltsu hori kendu egin behar zaie; desjabetu egin behar dira hitzak hizlarien erretorika hutsetik.
Julio Cortázarrek “Rayuela” nobela zoragarrian nahita egindako ortografia akatsak erabiltzen zituen helburu honekin: perbertitutako hitzak bere onera ekartzeko. Mugimendu Okupa eta anarkoak kortazarrianoak dira zentzu horretan –ortografikoa, alegia–. Cortazarrek, “K” hizkia erabili beharrean “h”ak lekuz aldatuz egiten zuen gauza bera: “asesino” eta ”idiota” hitzak “hasesino, edo “hidiota” bihurtzen zituen, h-a aurrez jarrita eta horrela, derrepente…, solemne zena barregarri bihurtzen zen eta iraina zena desaktibatu egiten zen birao bezala. Letra bat lekuz kanpo jartzea nahikoa, mutante bihurtzeko hitzak… Egin proba: etxera etortzen zaizun bisitari astuna nola bihurtzen zaizun bisitarri, eta nola gosari batzuk irenstezin bihurtzen diren. Alegia: gosarriak. Hitzak perbertituta daudelako, horregatik hautatu dut VERSUS, perbertsioaren kontra, nahiz eta perbertsio hitzaren barruan dagoen versus ere…
Cortazarrek ortografiaren kontra “hasesino” eta “hidiota” hitzak antzaldatzean bezala, nik ere versus hitza antzaldatu nahi dut: nahiz eta ez nagoen inoren kontra derrigorrez, bere brillantina kendu nahi nioke, hari distira berri bat emateko. Batzuetan hitzen barruan enterratuta dauden hitz zaharrak atera behar direlako lurrazalera…
Kontra esateko erabiltzen den arren “Kramer Vs. Kramer”. Edo boxeo konbateetan “Mohammeed Ali versus Foreman…” Jurista britainiarrrek mailegatu zutelako latinetik, gaizki mailegatu ere, versus hitzaren benetako zentzuaren kontra. “Versus versus versus” eginda, alegia…
Jatorrian, VERSUS ez baita kontra, baizik eta RANTZ. “Vertere” aditzetik datorren VERSUS: jiratu, goldatu, irauli, buelta eman, aldatu.Vertedero, vertiente, vértebra, vertical, vértigo, versátil, adversario, gaztelerazko hitzak versusetik datoz: VERSUS ildo bat zelako, lurrean egindako ildoa, adibidez, ereiteko leku bat, konbertitu, konbertsazio eta dibertitu, dibortzio, introbertitua, eta inbertsio, hitz horiek denek, perbertsio hitzak bezala, Versus erroa dute hor nonbait hondoratuta.
Versus kontra da, baina baita ere –rantz: Zergatik ulertzen dugu norabaiterantz joatea norbaiten kontra joatea dela derrigor? Zergatik ulertzen dugu guganantz datorren norbait gure kontra datorrela? Zergatik?
Versus hitzetik datoz bertsoa eta bertsolerroa bera. Lehenbizi lurreko ildoa eta lurreko lerroa zena, non erein… Eta horrek ortuzain edo baratzeko zaindari edo lorazain bihurtzen gaitu denok VERSUSi esker VERSUSlari, denok goazelako norabait, nahiz eta ez jakin oso ondo nora…
Bideoak Nickdutnik eta Ibai Zabaleta eta Nahikari Beltzaren eskutik iritsi zaizkigu.
Hauek guztiak, noski, Luistxoren kronika ‘ofizialera’ pasatuko dira.
Ez daukat hitzik dena eskertzeko. Ez daukat hitzik etorri zinetenei -batzuk urrutitik-, etorri ez zinetenei -askok adierazita ezintasuna-, mesederen bat eta beste egin zenigutenei eta parte hartu zenuten guztiei, bereziki, eskertzeko. Kasu hauetan lagungarriena beste batek guk adierazi nahi duguna adieraztea izaten denez, hementxe doaz Laboari entzundakoak:
Gure hitzak
Esan berriz esan
Ez daitezela ahaztu
Ez daitezela gal,
Elur gainean
Txori anka arinek
Utzitako arrasto sail
Ederra bezalaxe
Pingback: maitego» Blog Archive » Gaurko hitzaren 4. urteurrena
Pingback: Gaurko hitzaren 5. urteurrena | Ikasle eta irakasle