“Infografiak euskaraz” atal berria estreinatzeko, ‘Web 2.0ren egitura’ infografia euskaratuta
Atal berria: infografiak euskaraz
Datu pilaketa eta gaindosi garai hauetan, datu horien bisualizazioari arreta berezia ipini behar zaiola pentsatzen duen horietakoa nauzue. Datuak hortxe ditugu, informazioa hortxe daukagu… gure eskura, klik batera; halere, hori ez da askotan nahikoa eduki horiek interpretatzen jakiteko. Datuak, informazioa… modu erakargarrian, zehatzean, errazean, argian, gardenean edo, hitz bitan esanda, edonork ulertzeko moduan ematea da maiz erronka, lehen esan bezala, horrenbesteko pilaketa dagoen garaiotan.
Zorionez, azkenaldian, datuen ugaltzearekin batera, haiek bistaratzeko moduak ere areagotzen ari dira, eta horren adibide dira han eta hemen edozer azaltzeko -eta edozer esanda, edozer esan nahi dut- topa ditzakegun infografiak. Ez dago esan beharrik hezkuntzan erabiltzeko itzelak izan daitezkeela. Bada, aurrekoan, infografia interesgarri bat topatu eta itzuli nuen: Creative Commons umeei azaldua. Hori egiteko, Gimp aplikazioa instalatu eta nire lehen urratsak ematen hasi nintzen. Programarekiko beldurrak uxatuta eta hainbat infografia euskaraz izatea baliagarria izan litekeela iritzita, atal berri bat estreinatzeari ekingo diot: INFOGRAFIAK EUSKARAZ.
‘Web 2.0ren egitura’ infografia euskaraz
Atala estreinatzeko, web 2.0ren inguruko infografia bat hautatu dut. Ematen ditudan ikastaro eta hitzaldietan, Web 2.0 kontzeptua azaltzeko, askok ezagutzen ditugun Web 2.0ri buruzko infografia hauek erabili izan ditut (Mapa visual de la Web 2.0 eta Web 2.0 map). Edonola ere, aurrekoan Alfredo Velari esker, Josep Claret kontsultoreak egindako beste honen berri izan nuen: Estructura de la Web 2.0. Asko gustatu zitzaidan, aurrekoetan aipatzen ez diren hainbat kontzeptu berri azaltzen direlako. Gauzak horrela, eta egilearen baimena infografia euskaratzeko lortu ondoren -originalaren CC lizentziak ez du lan eratorririk onartzen-, euskaratzeari ekin nion. Josep Clareti eskerrak eman nahi dizkiot, baimena emateaz gain, jatorrizko bertsioan erabilitako artxibo guzti-guztiak nirekin partekatzeagatik.
Hementxe uzten dut atal berriari hasiera emango dion infografia, Web 2.0ren egitura, norbaiti baliagarria irudituko zaiolakoan. Egin klik irudiaren gainean, jatorrizko neurrian ikusteko:
Itzulpenaren inguruan
Dakizuen bezala, web 2.0ren inguruko terminologia ez dago oraindik araututa; beraz, edozein zuzenketa edo iradokizun ongi etorria izango da.


