Esker mila ‘Zenbait gazte ausart’ dokumentalean parte hartzeko aukera emateagatik!
Dakizuen bezala, Korrikaren aurtengo edizioan, Korrika 17n, AEK-k Euskaltzaindia omenduko du eta, besteak beste, dokumental bat oparitu dio Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak euskararen akademiari. “Zenbait gazte ausart” da dokumentalaren izena eta Karrera Amaierako Proiektu (KAP) gisa ekoiztu dute Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko ikus-entzunezko ikasle diren Ekaitz Herrera, Iker Ugalde eta Alexander Silvak lankide eta bulegokide ditudan Aitor Zuberogoitia eta Iban del Camporen gidaritzapean.
Bada, aurreko batean, hirukotea etorri zitzaidan esanez ea irakaslearen papera egingo nuen prestatzen ari ziren dokumentalean. Imajinatzen duzue nire aurpegia! Ikusita, baina, helburua zein zen eta nondik zetorren eskaera, ezin ezetz esan, eta hantxe aritu ginen ostiral batez, HUHEZIn, grabazio lanetan.
Ordubete pasatxo irauten duen dokumentalaren ekoizpenerako 30 lagun baino gehiago elkarrizketatu dituzte ikasleak (euskaltzain ugari eta euskal kulturako beste hainbeste ordezkari) Euskal herriko bazter guztietan, eta 25 ordu baino gehiagoko grabazioa egin dute, iazko urrian hasita. Lan gogorra izan da zalantzarik gabe, baina, aldi berean, emaitza ikusita, harro egoteko modukoa.
Atzo arratsaldean estreinatu zen Donostiako Kursaalean luzemetraia eta ekitaldian, dokumentala aurkezteaz gain, Euskaltzaindia eta bere kideak omendu zituen AEK-k (hementxe ekitaldiaren kronikak gara.net eta diariovasco.com -en eskutik).
Ez nuke amaitu nahi esan gabe ohore handia eta plazer ez txikiagoa izan dela egitasmo eder honetan neure harri koskor txiki-txikia ipintzea. Mila esker, Alex, Ekaitz eta Iker aukera hori emateagatik! Zorterik onena opa dizuet dokumentalarekin eta hemendik aurrera abiatuko dituzuen egitasmo berriekin. Esan, gainera, guztiz aproposa eta oso hunkigarria iruditu zitzaidala hautatu duzuen amaiera; izan ere, ezin hobeto islatzen baitu egitasmoaren bihotza: urte asko eta tirabira ugariren ostean, Euskaltzaindia eta AEK berriz ere batera. Ea atzo ekitaldian ikusi zen borondate on hori gure herri honetako beste esparru batzuetara hel dadin lortzeko gai garen…
Nire albuma:
Informazio gehigarria:
- Korrikak Euskaltzaindia omenduko du ostiralean, Donostian (berria.com)
- Orduko eta gaurko zenbait gazte ausart (diariovasco.com)
- Korrikak Euskaltzaindia omenduko du ostiralean Donostian (gara.net)
- Gazteek egindako dokumental bat gaztetasuna ezaugarri duen Euskaltzaindia omentzeko (gara.net)
- ‘Zenbait gazte ausart’, AEKren omenaldia Euskaltzaindiari (eitb.com)
- ‘Zenbait gazte ausart’-ek omenduko du Euskaltzaindia Korrika 17ren eskutik (deia.com)
- Korrikaren 17. edizioak Euskaltzadiaren lana eskertuko du (noticiasdegipuzkoa.com)
- Euskaltzaindiaren omenezko ekitaldia aurkeztu du korrika 17k (Korrika.org)


[...] Amarauna irratsaioan, 11-03-27Esker mila ‘Zenbait gazte ausart’ dokumentalean parte hartzeko aukera emateagatik!Orain bai: EGA 07-08 azterketak [...]
Martxoa 27th, 2011 at 19:09