Lore Erriondok Karmele Artetxeri eman dio lekukoa UEUn
Atzo UEUren 2010-2011 ikasturte irekiera ekitaldia egin zen Eibarko Ikastetxe Nagusian. Bertan, UZTARO Giza eta Gizarte Zientzien aldizkariaren 20. urteurrena ospatu zen Iban Zaldua idazle eta historialariaren hitzaldi batekin. Zoritxarrez, azken momentuko baja izan zen Iban, eta Gidor Bilbaok hartu zuen hitza Ibanek prestatutako hitzaldian “actio” lanak eginez. Benetan interesgarria Zalduak atondutako hitzaldia non historia, umorea eta beste hainbat kontu nahasten ziren.
Hitzaldi labur honetan, Iban Zaldua idazleak, UZTARO Giza eta Gizarte zientzien aldizkariari gorazarre egin ondoren bere hogeigarren urteurrenean, traizio egingo die bere laudorioen terminoei eta, UZTAROri horren ondo egokitzen zaion zientifikotasunaren arauei itzuri eginez (baina urteurrenen gai orokorrari helduz), 1512ko Nafarroaren Konkistaren ospakizunen komenientziaren inguruko bere zalantzak aurkeztuko ditu, eta, kritikak egitea bestelako aukerabiderik eman gabe itsusia dela jakitun, ospakizun horiek ordezkatzeko balizko proposamen alternatibo bat aurkezten saiatuko da. UEUk zuzendari berria aurkeztuko du biharko ikasturte hasiera ekitaldian, Unibertsitatea.net (10-10-21)

Horren aurretik, Uztaro aldizkariaren zuzendari den Jokin Apalategik, urte hauetan aldizkaria josten ibilitako kideen aipamena egiteaz gain, 20 urte hauetan izandako anekdotak, bizipenak eta beste hainbat ekarri zituen gogora.
Era berean, ekitaldi hau baliatu zen UEUren Zuzendari berriaren aurkezpen ofiziala egiteko. Zehatzago izateko, aldez aurretik bazkideek izandako batzarrean hautatu zen erakundearen buru berria. Lore Erriondok, 5 urte eta erdiz zuzendari aritu ostean, kargua utzi eta lekukoa aspalditik UEUn bertan aritutako Karmele Artetxe historialari eta ikertzaileari eman zion. Izendapena Sustatun, Berrian eta Diariovasco.com-en, besteak beste, jasota dago.
Amaitzeko, pintxoak eta hartu-eman polita izan genuen bertaratu ginenon artean. Hau guztia Eibarko Isasi-Markeskoa jauretxean gertatu zen, autoritate, lagun eta, batez ere, UEUko kideak lekuko zirela.


