Ordiziako Udalak eta D´elikatuz zentroak Ni ere azokara proiektua antolatu dute. Proiektuaren helburua Ordiziako merkatuan astero erosketak egin ezin dituzten ordiziarrek aurrerantzean inguruko baserritar eta saltzaileek ekartzen dituzten produktuak erosteko aukera izatea da. Alejandra Iturrioz, Udaleko Sustapen eta Garapena, Merkataritza eta Turismo zinegotziak, Leire Arandia, D´elikatuz zentroaren zuzendariak eta Edurne Jauregi, Baliarrango baserritarrak aurkeztu dute datorren urriaren 6an hasiko den ekimen hau.
Programa honen bidez D´elikatuz zentroak erosketak egingo dizkie, hainbat arrazoi medio, asteazken goizean merkatura hurbildu ezin duten eta baserritarren produktuak eskuratu nahi duten pertsonei. Abuztuan zehar aurkeztu zitzaien proiektua plaza barruan jartzen diren saltzaile gehienei, eta dagoeneko saltzaile batzuk baiezkoa eman diote proiektu honi.
Alejandra Iturriozek zehaztu du proiektu hau merkatuaren 500. urteurrena ospatzeko lanean ari den batzordean sortu dela, Udalak Ordiziako azokaren eta baserritarren etorkizunaz duen kezkaren harira. “Urteak daramatzagu bezeroak erakartzeko ideiak landuz. Horrela sortu zen, adibidez, ostiral arratsaldeko azoka. Baditu bere bezeroak, baina ez da nahiko. Beste pausu bat eman nahian, garai batean ezaguna zen mandatugilearen edo errekadistaren figura berreskuratu nahi izan dugu. Gure kasuan, D´elikatuz zentroa izango da mandatugilearen lana egingo duena”.
Fideltasun konpromisoa
Proiektua martxan jartzeko saltzaileekin produktuen eta prezioen zerrenda egin zen, eta orain bezeroak hartzeko kanpaina hasi da. “Bezeroaren fideltasuna lortu nahi dugu. Astero gutxienez 10 euroko erosketa egingo duen bezeroaren bila gabiltza. D´elikatuz zentrotik denboraldi bakoitzean produktu finkoen zerrenda luzatuko diogu bezeroari, bai eta astero gehitzen diren produktuen zerrenda ere. Astearte eguerdirako bezeroak erosi nahi dituen produktuen zerrenda emango digu. Guk asteazken goizean egingo dugu erosketa eta poltsak takiletan, edota beharrezko balitz, D´elikatuz zentroaren hozkailuan jasoko ditugu bezeroa etorri eta jaso arte. Zentroaren ordutegia goizez 10:00etatik 13:00etara da, eta arratsaldez 16.00etatik 19:00etara. Zerbitzu honek ez du inolako kosturik saltzaile eta eroslearentzat”, azaldu du D´elikatuz zentroko zuzendari Leire Arandiak.
Produktuen zerrendak ondorengo ezaugarriak ditu. “Euskal Herriko barazki eta frutak eskainiko ditugu. Baita azokari balio erantsia ematen dion produktua. Hala nola: Idiazabal gazta, perretxikoak eta produktu ekologikoak. Datu zehatzak eskainiko dizkiogu erosleari; zer eta nori erosten dion produktua, eta nondik datorren kontsumituko dugun produktua. Adibidez, negutegiko barazkiak, negutegikoak direla zehaztuko dugu”, gehitu du Arandiak.
Helburua: Baserritarren eta azokaren biziraupena
Edurne Jauregi programan parte hartuko duen baserritar bat da eta herritarrak animatu nahi ditu proiektu honetan parte hartzera. Ekimena oso ideia ona iruditzen zaio, eta bide batez azoka eta baserritarren lana bizirauten lagunduko duela uste du.
Iturriozen esanetan, “merkatua maite dugun ordiziar guztiontzat aukera berri bat da hau, Ordiziako herria 500 urtetan zehar nekazaritza eta merkataritza erreferente bilakatu duen azoka indartzea, hain zuzen ere. Gure historiaren eta gure ekonomiaren ardatz izan da, eta jakina, ezin dugu galtzen utzi”.
Proiektu honetan parte hartu nahi duten bezeroek informazio gehiago jaso eta zalantzak argitu ahal izango dituzte D´elikatuz zentroan hitzordu bat hartuz 943882290 telefonoan, delikatuz@ordizia.org helbidera mezua bidaliz edota Andre Maria kalean dagoen zentrora joanez.
Ekimen honen arduradunek programan parte hartuko duten bezeroen artean urria, azaroa eta abendu amaieran zozketatuko diren sarien berri emango dute laster.
