05
uzt

Nire iPadarekin gora eta behera eta beste kontu batzuk

Badira aste batzuk Sustatuko lagunek iPad bat oparitu zidatela. Ezagutzen nauzuenok badakizue zer izan zen hura. A ze poza! Ipadpeek.com gunean euskaljakintza iPadean nola bistatuko zen ikusi nuen unetik  -edo lehenagotik- ziur nengoen gailu honi etekina aterako niola. Onena, ordea, ez zen gailua izan; zalantzarik gabe, onena jasotzeko modua izan zen. Bai, nik ere izan nuen azkenaldian Interneten hain ospetsu bihurtzen ari den “iPad unpacking moment” delako hori. Mila esker, Lili, Peru eta Luistxo une (eta afari) zoragarriagatik!

Ez naiz ni izango Apple etxearen defentsa sutsua egingo duen horietakoa; ezta deabruarekin topo egin dugula esaten dutenetakoa ere. Horretaz asko, luze eta ondo hitz egin da aurretik ere. Garbi daukat Applen negozio eredua zein den, zeintzuk helburuak eta baita nola jokatzen duten euren produktu itxi guztiekin. Halere, ezin ukatu ateratzen dituzten gailuen kalitatea. Bakoitzari berea.

Oraindik gogoan ditut Steve Jobsek produktua aurkeztu zuen eguneko barre algara eta kritika orokortuak. Errealitatea da 80 eguneko tartean 3 milioi ale saldu dituztela eta historiako gailurik ospetsu eta zabalduena izatera irits daitekeela. Tartean infografia interesgarri hauek (1, 2, 3) ikusteko abagunea ere izan genuen.

Baina gatozen harira. Jaso nuenetik toki guztietara eraman dut; dena den, erabat lanpetuta ibili naizen aldetik, gauza berri gutxi probatzeko astia izan dut. Ea hemendik aurrera, pixka bat lasaitzen naizenean, gaiari behar bezala heltzen diodan! Kontuak kontu, nahiko ados nago pertsona ezberdinek azpimarratu dituzten alderdi positibo eta negatiboekin (1, 2, 3) baina ez gaitezen arrantzura larrera joan: iPad bat iPad bat besterik ez da! Puntu honetan, esan beharra daukat denari eta ez denari buruz hitz egiten den bakoitzeko, Carrefourreko iragarki hauek (1 eta 2) etortzen zaizkidala burura eta aditzaile onari, hitz gutxi. Beraz, kontuan izanda ni ez naizela teknikoa gauza hauetan, hauek dira nik ikusten dizkiodan alderdi positibo eta negatiboak:

  • Alderdi negatiboak:
    • Garestia da.
    • Ezin dira zeregin ezberdinak burutu aldi berean (bakarrik musika entzun daiteke beste zerbait egiten ari zaren bitartean). Beraz, ez du eramangarri bat ordezkatzen oraingoz (funtzionalitate urritasun hori gainditzen ez duen bitartean).
    • Formatu aldetik oso itxia da (hurrengo batean idatziko dut honi buruz).
    • Ez du flashik onartzen (ezin dira Vimeoko bideoak ikusi, HitzaPasak egin…). Dena den, oraintxe bertan irakurri dut (Flash working on jailbroken iPad), Comex izeneko hacker batek lortu duela iPadean flasha ibilaraztea.
    • Aplikazio gehienak ordaindu egin behar dira.
    • iTunes bitarteko sinkronizazioa gogaikarria da (badirudi puntu hau hobetzeko bidean dagoela).
    • Hainbat tokitan irakurtzeko ez da oso egokia, pantailak distira handia baitu.
  • Alderdi positiboak:
    • Ez daukazu abiarazi beharrik. Beti piztuta izan dezakezu, edozein unetan erabiltzeko prest. Ezaugarri hau sekulakoa da.
    • Oso ondo dago, batez ere, korreoa, Twitter, Facebook eta horrelakoak kontsultatu eta erantzuteko; interneten nabigatu eta artikuluak irakurtzeko; bilera edo jardunaldi batean apunteak hartzeko… Bai, badakit horietako batzuk mugikorraz ere egin daitezkeela, baina ez da gauza bera. Ni iPhonarekin ondo moldatzen nintzen, iPada probatu nuen arte. Hau beste gauza bat da.
    • Neurria oso egokia iruditzen zait, bai aurretik aipatutakoak egiteko eta baita edozein tokitara eramateko ere (beti poltsoan eroateko modukoa).
    • Teklatua oso ondo dago.
    • Erostekotan, 3Ga duen bertsioa erostea aholkatuko nuke, edonon eta edonoiz konektatuta egoteko. Nireak wifia bakarrik dauka, baina ondo moldatzen naiz. Niri, adibidez, oso praktikoa egiten zait ikastolan, etxean… ibiltzeko (berriz diot, ez lanerako). Etekin handiena oraintxe bertan etxean ateratzen diot (sukaldean janaria prestatzen ari naizenean, egongelan, terrazan…toki guztietan).
    • Aplikazio interesgarri ugari doan lor daiteke.
    • Hatz puntez pantailan ikusten denaren neurria egokitu ahal izatea zoragarria da.
    • Argazkiak eta mapak bistaratzeko oso aproposa da.
    • Interneteko edukiak oso azkar kargatzen dira.

Gehiago saltseatzen noan heinean, aurkitzen ditudan trikimailu edo albiste interesgarrien berri ematen joango naiz. Hona hemen, hasteko, hainbat aplikazio nabarmengarri (ez ditut oraindik probatu):

11 iruzkin

IRUZKIN BAT UTZI NAHI DUZU?

Comments RSS Feed   TrackBack URL

"azkue fundazioa" "creative commons" "euskal literatura" "gaurko hitza" "infografiak euskaraz" "software askea" aipuak amarauna aplikazioak artikuluak aurkezpenak azkue begikoak bideoak blogariak ebentoak EGA ekt elkarrizketak euskaljakintza euskara euskovision hezkuntza hitzapasa ideiak ikastaroak ikastola ikerketak IKTeroak infografiak inspiration ipad irakaskuntza itzulpenak jardunaldiak maitego mu nonick prezi sarrera sopa sustatu twitter txostenak wikipedia

WP Cumulus Flash tag cloud by Roy Tanck and Luke Morton requires Flash Player 9 or better.