Dakizuen bezala, saltsera samarra eta tresna berriak probatzeko zale naiz. Horrela, duela urte batzuetatik hona, hamaikatxo gune eta zerbitzu ezberdinetan eman dut izena. Batzuekin endredatzen jarraitzen dut eta beste batzuk hortxe geratu dira, bidean. Azkenaldian, ordea, ahaztua nuen horietako bat berpiztua nuen, Posterous plataforma hain zuzen. Bertan, handik eta hemendik topatzen nituen erreferentzia interesgarri, aipu, txosten, aurkezpen eta abarrei aipamen berezia egiten nien.
Gorkak (hemen @teketen) beti esaten zidan horrek ez zuela zentzu handirik nire kasuan, blogean txerta nitzakeela aipu horiek. Egia esateko, halaxe da. Beraz, gaur goizean, Gorkak eta biok elkarlan aberasgarrian, hau da, berak lan eginez eta nik begiratuz, euskaljakintza posterous-eko eduki guztiak blog honetara inportatu ditugu. Gauzak horrela, aurrerantzean, aipuak atalean azalduko dira eduki horiek blogean, eta besteak mundu honetako aldia egina izango du.
Gauza bera egin nahi baduzue, WordPresseko Posterous importer plugina erabil dezakezue. Guk horrekin ekarri ditugu hango edukiak hona, eta arazorik ez.
Aurreko batean adierazi nuen bezala, iPadaren gabezietako bat ataza ezberdinak aldi berean ezin burutzea da. Edo zen! Izan ere, Josu Sierrak mezu bat utzi zidan esanez, posible zela iPada multifuntzio bihurtzea urrats erraz batzuk jarraituta. Bere blogean eta nirean hainbat mezu gurutzatu ondoren, hitz egindakoa txukuntzea ondo legokeela iruditu zaigu. Beraz, hementxe doa bion artean atondutakoa.
Ezertan hasi aurretik, dena den, komeni da jakitea iPadari jailbreak prozesua egin behar zaiola. Hau da, sistema eragilea desblokeatu egin behar da, erro-direktoriora heltzeko. Behin prozesu hau burututa, erabiltzaileok aplikazioak, App Storetik jaisteaz aparte, Cydia bezalako instalatzaile ez-ofizialetatik lortu ahal izango ditugu. Dena den, esanda geratzen da sistema operatiboan muturra sartzen ari garela; beraz, norberak izango du erantzukizuna gerta daitekeenaren aurrean. Arazoa sistema eragilea eguneratzean etor daiteke, baina guk egin dugu eta oso ondo.
Jarraitu beharreko urratsak:
iPadari ‘jailbreak’ egin:
PCan jaitsi, gorde eta exekutatu Spirit.exe artxiboa ondorengo helbidetik ( http://cache.saurik.com/spirit/Spirit.exe )
iPada konektatzean, Cydia izeneko programa instalatuko da bertan.
Cydia ireki eta Cydia Store: Products botoia sakatu. Bertan aplikazio ezberdinak ikusiko dituzu. Jaitsi eta instalatu Backgrounder (antzeko bi daude, baina gure kasuan ‘enable and manage backgrounding‘ dioena hautatu behar dugu) eta Circuitous (Proswitcher HD ere ba omen dator funtzio bera egiteko).
Backgrounder abian ipini. Zabaldu nahi duzun aplikazioa hatz puntaz ukituz, sakatu Home botoia eta utzi sakatuta mezu bat agertu arte. Aplikazioak exekutzatzen jarraituko du, zuk berriro Home botoia sakatu eta berrriro beste mezu bat agertu arte. Bigarren planoan exekutatzen ari diren aplikazioek seinale bat dute (borobiltxo bat). Irekita dituzun aplikazio guztiak ikusteko eta beraiek pantailaratzeko, Circuitous erabili jarraian diogun bezala.
Esandakoa ondo egin baduzu, zure iPada multiataza bihurtu duzu. Aktibatzeko eta konfiguratzeko, jarraitu hurrengoa urratsak:
‘Ajustes’ > ‘Circuitous’
Hor aukera mordo bat duzu. Garrantzitsuena da multiataza aktibatzearena. iPada abian jartzen duzunean, nola nahi duzu aktibatu multiatazaren pantaila? Klik bikoitza eginez, goitik behera arrastaka eramanez… Non nahi duzu azaltzea pantaila hori? Eskuinean, goiko aldean, beheko aldean…
Ez diegu aukera guztiei erreparatuko, saltseatu eta joan probatzen. Gehiago jakin nahi baduzu, ikusi ondorengo bideoa:
This is a collection of useful web 2.0 and social media applications for anyone in education. I have tried them all and I have seen the potential in them. Now it is up to you and your imagination to use them in your teaching or when studying. Jesper Isaksson
Aurreko astean, Free Software Foundation Europe elkarteko Karsten Gerloff presidentea eta Rainer Karsten idazkaria ezagutu genituen. Uztailaren 13an, Donostian, izan zen lehenengo hitzordua Kaskazuri jatetxean. Bertan, Mikel Olasagasti, Gorka Julio, Luistxo Fernandez eta laurok abagune ezin hobea izan genuen, ederki afaltzeaz gain, euren ahotik Europan zehar software librearen inguruan egiten ari dena ezagutzeko. Hemengo egoeraren errepasoa ere egin genuen, librezale.org eta Esle egiten ari direna komentatu eta aurrera begira egin daitekeenaz ere luze hitz egin genuen. Hezkuntzaren oinarrietatik hasi eta administrazioaren azken muturretara iristea ezinbestekoa dela garbi geratu zen. Interesgarria benetan hitz egindako guztia eta oso atseginak tratuan Karsten eta Rainer alemanak.
Gerloff eta biok Kaskazurin
Bi egun beranduago, Zamudioko Teknologi Elkartegian, Bizkaia Enpresa Digitalak antolatutako Software Libre en la administración europea hitzaldian izan nintzen. Asko gustatu zitzaidan nola aurkeztu zuen gaia FSFEko presidenteak, arrazoi garbiak eta adibide zehatzak emanez, eta, bide batez, asko poztu ninduen aretoa beterik ikusteak. Kontuan izanda administrazioaz eta software askeaz aritu zela, gauzak aldatzen ari diren seinale. Postaz eskatuta, Gerloffek hitzaldian erabilitako aurkezpena bidali zidan. Esan zidan Brasiliara zihoala zuzenean eta ez bazion denborarik ematen Euskal Herrian izandako bisitari buruz idazteko aste honetan, nik argitaratzeko aurkezpena. Gaur ikusi dut bere bisitari buruzko kronika argiratatu duela (beheraxeago dago esteka). Gauzatxo bat argitu nahi dut, dena den. Bere kronikan aipatzen du, niri erreferentzia eginez, bere eskola software librera arrakastaz migratu duen irakasle baten esperientzia entzuteko aukera izan zuela. Gure ikastolan software askeari buruz egindako lan guztia, eta ez da gutxi izan, gure IKT dinamizatzaileari zor diogu. Nire jarduna besteen aurrean nire konbentzimendua garbi uztera eta, ahal izan dudan neurri txikian, arazoen aurrean laguntzera mugatu da. Bakoitzari berea.
Hementxe Gerloffek Zamudion erabilitako aurkezpena:
Esan beharra dago, Gerloffek gure artean emandako astean, agenda bete-betea izan zuela. Hementxe uzten dizkizuet Gerloffek izandako bilera, topaketa eta hitzaldien kronikak. Batetik, berak idatzitakoa; bestetik, egunotan fin-fin berarekin atzera eta aurrera ibili den Mikel Olasagastik Gaur8n argitaratua.
Merezi du Kiran Bir Sethiren 10 minutuko bideo hau ikustea. Bertan, hezkuntza eredu ezberdinak posible direla erakusten da. Ikasleei ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren erantzukizunaren zati bat eman behar zaie. Erabat ados. (via @presentationzen)